Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi ETA politiko-militarreko kideek «indarkeria, beldurra eta terrorea» erabili zuten, eta, beraz, ez dira «demokraziaren etorrera aldarrikatzen zuten ehunka eta milaka militanteren zaku berean» sartu behar. Hala adierazi du Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendariak, Sortuk eskatu eta gero frankismoaren bi biktimei aitortza egiteko. «Ez dezagun nahastu», erantsi du.
Europa Press agentziak zabaldutako elkarrizketa batean, Alonsok adierazi du Txiki eta Otaegi frankismoaren biktimak direla: «Prozedura militar baten bidez inolako berme judizialik gabe epaitu zituen erregimen diktatorial baten biktimak dira, noski». Alonsoren hitzetan, ETA politiko-militarreko bi kideek «ez zuten epaiketa justu bat izan, ezta inolako berme juridikorik ere, eta modu arbitrarioan kondenatu eta fusilatu zituzten». Horrek, ordea, «frankismoaren biktima» bihurtzen ditu, Alonsoren esanetan: «Hala aitortu behar zaie». Baina oharra egin du: «Hortik askatasunaren eta diktaduraren aurkako borrokalariak zirela esatera urrats handia dago. Diktaduraren aurka borrokatzen baitziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin: indarkeria, terrorea eta beldurra».
Horregatik, uste du bereizi beharra dagoela «biktima izaeraren aitortza» eta «omenaldia»: «Ez Txikik eta ez Otaegik ez zuten nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat; Euskadiz zuten ikuspegia inposatu nahi zuten, euren proiektu propioa frankismoaren alternatiba gisa».
Alonsok salatu du ahalegin bat dagoela «ETA on baten eta ondoren ETA gaizto baten existentzia zuritzeko», eta gogora ekarri du erakunde armatuak hamahiru lagun hil zituela 1974an Madrilgo Rolando kafetegian: «ETA erakunde terrorista bat izan da hasieratik, eta haren hautua izan zen terrorea sortzea eta inposatzea».
50. urteurrena
Irailaren 27an 50 urte beteko dira diktadura frankistak Txiki eta Otaegi fusilatu zituenetik, eta, hain zuzen, urteurren hori oroitzeko pankarta handi bat jarri zuten ostiralean Zarautzen (Gipuzkoa), Txikiren herrian. Udalak, baina, hura kentzeko agindu zuen, eta, 24 ordu inguruko epean, desagertu egin zen Santa Barbara mendiaren hormatik. Erabakiak harrabotsa eragin du. Olana mendian botata utzi zuten, baina herritar batzuek, berreskuratu, eta argazkia egin zuten Zarautzen. Horren harira, Sortuk ohar bat zabaldu zuen, eta adierazi txarretsi egiten duela EAJk eta PSE-EEk zer jarrera hartu duten «frankismoaren azken fusilatuen inguruan». Kontrara, udalak «aitortza» egin beharko liekeela uste du alderdiak: «Bi fusilatuek eta frankismoari aurre egin zioten euskal herritar guztiek beharko lukete aitortza instituzionala, are gehiago frankismoari aurre eginez hil baziren».
Txiki eta Otategi 2012an aitortu zituen biktima gisa Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak —giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko sortua da batzorde hori—. Aste honetan bertan, Espainiako Gobernuak Xose Humberto Baenaren zigor epaia baliogabetu du, argudiatuta auzitegi ilegitimo batek zigortu zuela. Baena Txiki eta Otaegiren egun berean fusilatu zuten, FRAPeko beste bi kiderekin batera.
Joan den astean, Alonsok berak Eldiario.es-en argitaratutako elkarrizketa batean aitortu zuen «oraindik» ez dutela garbi zer-nola gogoratuko duten Txikiren eta Otaegiren fusilamenduen urteurrena: «Zerbait egin beharko da. Zenbait aukera aztertzen ari gara. Seguruenik nolabaiteko mahai inguru bat egingo dugu, herritarrei irekiagoa eta ez hain akademikoa. Lanean ari gara».