Traje beltza eta gorbata soinean, larruzko maleta esku batean eta zartailu bat bestean. Ustezko enpresaria oihuka ari zaie kasko eta peto laranjadun behargin batzuei, zartailuarekin zorua zirt eta zart jotzen duen bitartean: «Segi lanera, alfer halakoak! Aurrerabidea moteltzen ari zarete!». Nafarroako enpresari handi baten plantak egiten ditu trajedunak; itxurazko beharginek, aldiz, arrastaka daramate elefante zuri handi baten irudia, garapenaren eta azpiegitura faraonikoen ikur. AHT abiadura handiko trenaren auzia umorez irudikatu nahi izan du Nafarroako AHT Gelditu taldeak, Iruñean egin duten manifestazioan.
«Elefante zuria azpiegitura alferrikakoak, suntsitzaileak eta inposatuak irudikatzen dituen nazioarteko ikurra da. AHTa Euskal Herriko elefante zuririk handiena da, 12.000 milioi eurotik gorako kostua baitu, eta diru publikoaz finantzatuta baitago», esplikatu du Beatriz Aranak AHT Gelditu taldearen izenean, manifestazioa abiatu aurretik.

Tren lasterraren eragin ekonomikoa, soziala eta ekologikoa salatzeaz gain, baina, manifestariek AHTaren sustatzaileen jokabidea nabarmen utzi dute. Zehazki, iaz sortutako AHTaren Aldeko Plataforma izan da haien kritiken eta parodien jomuga: «Plataforma horrek lobby baten erara jokatzen du Nafarroako eta Espainiako gobernuekin, eta haren jarduteko modua mafia baten gisakoa da: hariak mugitzen ditu, politikarien erabakietan eragina izateko», esan du Aranak. CEN Nafarroako Enpresarien Konfederazioa, Nafarroako Merkataritza Ganbera, Institucion Futuro erakundea, ingeniarien zenbait elkargo eta UGT sindikatua dira plataforma horren sustatzaile nagusiak. «Plataforma horrek enpresarien elitea ordezkatzen du soilik, eta lotsagabea iruditzen zaigu egungo krisi garaiotan AHTa sustatu nahi izatea; hain zuzen ere, elite horiei eta politikari ustelei soilik mesede eginen dion azpiegitura bat». Erakunde horiei egin dizkiete kritika gogorrenak Iruñeko manifestazioan.
Irriak UGTren eta enpresarien kontura
Nafarroako Gobernuaren parean hasi da protesta, Karlos III.aren etorbidean. Desjabetzaren aurrean, AHTaren mafia borrokatu irakur zitekeen pankarta nagusian. Haren atzean, AHTaren aurkako banderak eta pankarta txikiagoak zeramatzaten manifestari ugarik, AHTaren dirua hezkuntza publikoarentzat eta elefante zuririk ez leloak zituztenak. Ukelele baten doinuek lagunduta, kantu artean abiatu dute manifestazioa.

Zaragoza etorbidean, geldialdia egin dute UGT sindikatuaren egoitzaren parean. «Barre algara herrikoia» egin dute, sindikatu horrek AHTaren auzian izan duen jarrera kritikatzeko. Handik metro gutxira, CENen egoitzaren parean, AHTa sustatzen duten enpresarien parodia bat egin nahi izan dute, baina Espainiako Poliziak galarazi die, bultzaka.
Gurutzeko plazan amaitu da manifestazioa, antzezlan umoretsu batekin: manifestarietako batzuk, trajez jantzita, enpresaburuen rola antzeztu dute, eta beste batek gobernuko lehendakaria parodiatu du —Mariatxi Fite izena eman diote—, txotxongilo bat balitz bezala trajedunen eskuetan. Kantu, irri eta txalo artean bukatu da protesta.

biometanizazio lantegien aurkako protesta, bihar
Biogasa ekoizteko makrolantegien aurkako taldeek elkarretaratzea eginen dute bihar Arroitzen (Nafarroa), «landa lurrak defendatzeko» helburuz. 10:00etan, Iturriko zelaigunean elkartuko dira Estellerriko plataforma guztiak, eta jai giroko protesta egin ostean, proiektu horien inguruko informazioa banatuko dute.
Urtarrilean, Stop Biogas plataforma sortu zuten Arroizko herritarrek, eta Nafarroako Gobernuari eskatu zioten ez diezaiola baimenik eman AGR Biogas enpresari herrian biometanizazioko makrolantegi bat eraikitzeko. Nabarmendu zuten herriko biztanle gehienak (%60 inguru) makroproiektuaren aurka agertu direla.