KUTSADURA

Aire kalitatearen adierazle batzuk okertu egin dira Hegoaldean

PM10 partikulen kutsadura pixka bat handitu da, eta ozono kutsadura gainditu duten egunak dezente areagotu dira. Airearen kalitatea neurtzeko eredua kritikatu dute ekologistek.

Auto ilara bat Donostian. Errepideko trafikoa da kutsadura atmosferikoaren iturri handienetako bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Auto ilara bat Donostian. Errepideko trafikoa da kutsadura atmosferikoaren iturri handienetako bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
2026ko ekainaren 22a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamahiru urte atzera begiratuta Hego Euskal Herriko airearen kalitatea hobetu dela nabaritzen bada ere, 2024tik 2025era adierazle batzuek okerrera egin dute. Ekologistak Martxan taldeak egindako ikerketaren arabera, Nafarroan gora egin du hamar mikrometrotik beherako partikulen kutsadurak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan mantendu egin da. Nitrogeno dioxidoaren kutsadurak behera egin du pixka bat hegoaldean, baina ozono troposferikoarekin gertatutakoa da deigarriena: 2024an egun batean ere ez zen gainditu ozono kutsaduraren maila, eta iaz EAEn, batez beste, 2,5 egunetan gainditu zuen; Nafarroan, berriz, 0tik 5era handitu da.

Kontuan izan behar da Hego Euskal Herriko 70 estaziotako datuak erabili dituztela kalkuluak egiteko, eta estazio askotan hainbat arazo izan direla: behar baino ordu gutxiagoz egin direla laginketak, ez dituztela kutsatzaile guztiak neurtzen… Horri gehitu behar zaio leku kritiko askotan airearen kalitatea neurtzeko estaziorik ez dagoela (Pasaiako portuan, adibidez), eta Ekologistak Martxan-ek nabarmendu du zaila dela kutsadura mailaren argazki zehatza izatea.

2,5 mikrometro baino gutxiago neurtzen dituzten partikulen kutsadura da gehien zaindu beharrekoa, horiek baitute osasunean eragin kritikoena, ekologistek gogorarazi dutenaren arabera. Nafarroan pixka bat murriztu bada ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gora egin du kutsatzaile horren mugak. Hala ere, Hegoalde guztian metro kubo aire bakoitzeko 10 partikulatik gora dago kutsadura; Europako Batasuneko legedi berriarekin, 2030etik aurrera hori izango da gehienezko muga.

Jaitsiera orokortua

Azken urteko igoera txiki horiek kontuan hartuta ere, atzera begiratuz gero, ikus daiteke azken hamahiru urteetan dezente egin duela behera airearen kalitatearen egoera ebaluatzeko erabili ohi diren lau kutsatzaile horien mailak. Ozono troposferikoaren kutsaduran izan da jaitsiera nabarmenena; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, urtean gehienezko maila gainditu duten batez besteko egunak %54 murriztu dira, eta Nafarroan, %60. Nitrogeno dioxidoaren kutsadura maila ere asko apaldu da, %38 EAEn eta %25 Nafarroan.

-%38

NO2-aren kutsaduraren bilakaera EAEn, 2012tik 2025era. Azken bi urteetan kutsaduraren murriztea moteldu egin bada ere, azken hamabi urteetan %38 egin du behera nitrogeno dioxidoaren kutsadurak EAEn, eta Nafarroan, berriz, %25 murriztu da.

PM10 partikulei dagokienez, hurrenez hurren, %14koa eta %13koa izan da jaitsiera, eta PM2,5 partikulek %8 egin dute behera EAEn, eta %12 Nafarroan. Hala ere, Ekologistak Martxan-ek nabarmendu du azken urteetan moteldu egin dela kutsaduraren apaltze hori, «2023tik ia ez baitira txikitu kutsadura balioak».

Arazoak jarraipenean

Ekologistak Martxan taldeak urteak daramatza salatzen airearen kalitatearen jarraipenean hutsuneak daudela, bereziki estazioekin zerikusia duten arazoengatik. Txostena egiteko, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren estazio ofizialen datuak erabiltzeaz gain, industrialde batzuetako datuak ere bildu dituzte, baita Bilboko Portuko Agintaritzarenak ere. Lehenik eta behin, taldeak salatu du Pasaiako portuan estaziorik ez egotea. Bestalde, kutsatzaile batzuk gaizki aztertzen dira leku batzuetan, salatu dutenez. EAEn, esaterako, zortzi estaziok araudiak ezarrita dagoena baino datu bilketa urriagoa egiten dute gutxienez kutsatzaile bati dagokionez.

Nafarroan, berriz, PM2,5 partikulen jarraipena «oso urria» dela ere azaldu dute. Nafarroa lau zonatan dago zatikatuta airearen kalitatearen ebaluazioari dagokionez, eta salatu dute lau horietatik bitan —mendialdean eta erdialdean— oraindik ez dagoela PM2,5 partikulen kutsadura neurtzeko estazio iraunkorrik. Bestalde, Iruñean dauden bi estazioetatik batek «denbora estaldura oso txikia» duela esan dute.

Kutsadura atmosferikoaren informazioa osorik aztertzen ez dela ere esan dute, Nafarroako Gobernuaren webgunean ez baitute estazio pribatuen informazioa ematen. Bestalde, Bizkaian azken urteetan zazpi estazio kendu dituztela ere gogorarazi dute: «Horrek nabarmen ahuldu egin du kutsaduraren kontrola isurketa foku hain garrantzitsuak dituen eremu batean». Izan ere, kendutako estazio denak Bilbo Handikoak dira, non industriak eta garraioak kutsadura handia sortzen duten.

Horiek ikusita, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete garrantzi handiagoa emateko airearen kalitatea aztertzeari. Jaurlaritzari, gainera, bereziki eskatu diote «historikoki kutsatuen egon den eremuan» ez okertzeko kutsaduraren azterketa. Azkenaldian xextra izan dute Eusko Jaurlaritzak eta Ekologistak Martxan taldeak, azken horrek behin baino gehiagotan leporatu baitio airearen kalitatearen indizeari buruzko informazioa gaizki ematea, iritzi baitio ez duela Europako legediaren arabera egiten. Prentsaurreko batean, kritika horiei erantzun egin zien Josu Bilbaok, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak, eta berretsi Eusko Jaurlaritzak legedia hertsiki betetzen duela horri dagokionez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA