'Aita Mari' erreskate ontzia prest dago laster berriro itsasoratzeko

Burrianako portuan dago, azken baimenaren zain, aurtengo hirugarren misioa abiatzeko. Melgosa sailburuak babesa adierazi dio jendaurrean

Erredakzioa
2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Berriz itsasoratzeko prest da Aita Mari euskal erreskate-ontzia. Ohi bezala, Burrianako portutik (Castello, Herrialde Katalanak) aterako da Mediterraneo itsasora, misio humanitarioan, migratzaileak erreskatatzera. Azken baimenaren zain dago; beraz, egunotan hori jaso eta berehala abiatzea espero da. Ontziak aurten egindako hirugarren misioa izango da; ia hirurehun pertsona erreskatatu zituzten, eta beste 162 lagundu. Guztira, beste hamar aldiz aritu da ontzia Mediterraneoan erreskate lanetan.

Hamahiru lagunek osatzen dute Aita Mari-ren eskifaia: zortzi profesionalek eta bost boluntariok. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak kudeatzen du ontzia, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen du. Hain justu, atzo Burrianan izan ziren Nerea Melgosa Gizarte Politiketako sailburua eta Xabier Legarreta Migrazio zuzendaria, eskifaiari babesa adierazten: «Jaurlaritzarentzat ohorea da jakitea Aita Mari eta antzeko proiektuak ditugula biziak salbatzeko».

Melgosak erantsi du erreskate ontzia ez dagoela bakarrik itsasoan, «euskal instituzioen eta gizartearen babesa baitu». Izan ere, Europako gobernu batzuek —adibidez, Italiakoak— gero eta oztopo gehiago jartzen dizkiete halako egitasmoei, hala nola eskakizun teknikoz mozorrotuta. «Onartezina da itsasoko erreskateak kriminalizatzea; biziak salbatzen dituzte», esan du Melgosak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.