Aitziber Coello euskal presoa (Durango, Bizkaia, 1979) libre geratu da gaur, Picassenteko kartzelatik (Valentzia, Herrialde Katalanak) irtenda, zigorra beteta. 2004an atzeman zuten, Coulainesen (Frantzia), ETArekin lotuta, eta guztira bost espetxetan izan dute, beti Euskal Herritik urrun. 2012an Espainiaratu zuen Frantziak.
Kartzelan bere haur Haitz-ekin (2017) izan da Coello, eta haren bikotekide Asier Aginako euskal preso ohia Picassent inguruan bizi izan da. Buruko tumore batengatik, iazko urtarril bukaeran Espainiako Auzitegi Nazionalak eten egin zuen Aginakoren kartzelaldia. Picassenteko espetxean zegoen orduan, baina, Euskal Herrira itzuli beharrean, han ondoko herrixka batean jarri zen bizitzen, familia arrazoiengatik. Lortu zuten Coello iazko maiatzetik aurrera egunero lau ordurako ateratzea espetxetik, umearekin, baina irteera horiek moztu egin zituen COVID-19aren krisiak. Han segitu zuen Aginakok, erietxe batean osatze lanak eginez, eta, Coellok askapenerako irteera gaurko ezarria zuela eta, duela hamar egun Euskal Herrira itzuli zen preso ohia, eta bertan geratuko da orain, familiarekin.
Denera 241 euskal preso daude kartzeletan ea zentroetan. Horietatik 232, EPPK-ko kideak dira, AEM ingurukoak sei, Langraiz bidekoak bi eta inongo taldetan ez dagoen bat ere bada. 241 presoetatik bost baino ez daude Euskal Herrian: kartzelan hiru eta zentroan bi.