SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak akordioa sinatu zuten atzo; besteak beste, guardia eredua berrikustea, librantza sistema hobetzea eta soldatak igotzea adostu dute. Halere, sindikatuak jakinarazi du irailetik aurrera fakultatiboek Espainia osoan greba mugagabea egiten badute Estatutu Markoaren aurka daudelako, EAEn ere egingo dutela. Aldebiko akordioa sinatu izanaren ondorioz gainerako sindikatuek utzi egin dute Osakidetzako mahai sektoriala.
Mabel Arziniegak, SME sindikatuko idazkari nagusiak, gaur Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean «dezepzionatuta» dagoela adierazi du gainerako erakundeek akordioari emandako erantzun «negargarria» dela eta. Akordio horrek librantza sistema hobetzea eta medikuen ordainsariak berrikustea ekarriko duela azpimarratu du, eta salatu du orain arte Osakidetzako gainerako profesionalek baino «1.000 lanordu pasa gehiago» egin dituztela urtean.
Gainera, ukatu egin du akordioa «isilpean egin den negoziazio» baten emaitza izan dela. Izan ere, adierazi du SME Eusko Jaurlaritzarekin izandako aurrerapenak azalduz joan dela, eta aurreakordioa Osakidetzako mahai sektorialera eraman dutela.