Alderdi politikoek ontzat jo dute EAEko hezkuntza publikoan lorturiko akordioa

EAJren ustez, akordioak erakusten du «Euskadi martxan» dagoela, eta ELA kritikatu du. EH Bilduk dio «albiste ona» dela akordioa lortu izana.

Sare publikoko irakasleen mobilizazioa, Gasteizen, apirilaren 2an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Sare publikoko irakasleen mobilizazioa, Gasteizen, apirilaren 2an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko maiatzaren 10a
13:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken momentuan, eta negoziazio luze eta korapilatsu baten ostean, akordioa lortu zuten bart gauean Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta sindikatu gehienek, eta, ondorioz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek lan itun berria izango dute, eta bertan behera utzi dute datorren asterako iragarrita zegoen greba deialdia. LABek, CCOOk eta Steilasek izenpetu dute hitzarmena, eta ELAk, aldiz, ez.

Akordioaren ostean, horren inguruko iritzi eta balorazioaren txanda iritsi da, eta eragile politikoek behintzat pozik hartu dute albistea. EAJren EBBko Erakunde Politikako arduradun Joseba Diez Antxustegi oso baikor agertu da, hitzarmenak «Euskadiko hezkuntza sistemaren hobekuntza erdigunean jartzen» duelakoan. Haren ustez, akordioak erakusten du «Euskadi martxan» dagoela: «Aurrekontu bat dugu, zergen berrikusketa onetsi dugu EAEko hiru lurralde historikoetan, akordioa lortu da Ertzaintzako sindikatuekin, orain hezkuntzako sindikatuekin, eta lanean jarraitzen dugu osasun ituna adosteko», zerrendatu du.

Akordioa goraipatzeaz batera, ELAren jarrera gogor kritikatu du Diaz Antxustegik. Haren ustez, sindikatuak jarraitzen du «konfrontazio eta higatze estrategia lehenesten», eta «bakarrik» lotu da, «euskal hezkuntza sistema hobetzea ekarriko duen akordio on batetik kanpo geratu delako».

EH Bilduren ustez, «albiste ona» da Hezkuntza Sailak eta sindikatuen gehiengoak akordioa lortu izana, eta pentsatzen du hitzarmena «ekarpen garrantzitsua» izan daitekeela «euskal hezkuntza sistemak behar duen eraldaketan».

Hezkuntza Akordioa ontzeko garaian izandako eztabaidak akordura ekarri ditu EH Bilduk, eta gogorarazi du orduan «oinarrizko adostasun zabala eraikitzea» jarri zutela helburu, «hezkuntza prozesuak bizi duen tentsionamenduari eta konplexutasunari aurre egiteko». Eraldaketa horretan, orain izenpetutako hitzarmena «urrats bat gehiago» izatea espero dute: «Hezkuntza arloko erronkei erantzutea guztion ardura da, eta herri ikuspegiarekin egin behar dugu».

Halaber, koalizioak dei egin die Eusko Jaurlaritzari, hura osatzen duten alderdiei, hezkuntza komunitateari eta euskal gizarteari «Hezkuntza Akordioaren espiritua berreskuratu eta hezkuntzaren eraldaketan elkarlanean aritzeko».

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza ere pozik agertu da lortutako akordioa dela eta, eta bat etorri da Diaz Antxustegirekin ELAri egindako kritiketan. Esan du «oso esanguratsua eta argigarria» dela sindikatuaren jarrera: «Gainerako sindikatuak elkarrizketan eta akordioen bila aritzen dira, eta ELA, aldiz, bakarrik lotzen ari da». Anduezaren aburuz, «langileen interesak defendatzea ez den beste zerbaitetan» ari da sindikatua.

Anduezak espero du akordioak balioko duela «bake sozialari luzaro» eusteko, eta, aurrerantzean, eskolak «erabateko normaltasunez» emango dituztela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan: «Badakigu auzi honek gatazka eta liskar handiak ekarri dituela, eta hori ez da batere lagungarria izan hezkuntza sistemaren egunerokoan». 

«Garaipen handia»

Gainerako alderdiek Radio Euskadik antolatutako eztabaida batean eman dute akordioaren inguruko iritzia. Sumar taldeko legebiltzarkide Jon Hernandok «garaipen handitzat» jo du akordioa: «Honek erakusten du sindikatuen xedea ez dela enbarazu egitea, Jaurlaritzak batzuetan iradokitzen duen moduan, hezkuntza publikoa hobetzea baizik». Edonola ere, gogorarazi du «oraindik gauza asko» gelditzen direla egiteko. Ezkorrago mintzatu da PPko Laura Garrido, eta esan du hezkuntza arloan «konpondu gabeko arazo asko» daudela, «akordioa gorabehera».

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak akordioa goraipatu zuen atzo gauean, gobernuaren eta sindikatu gehienen arteko adostasuna baieztatu zenean. Haren esanetan, «euskal eskola publikoak benetan behar duena» lortu dute negoziazioek. Akordioa historikoa da Pedrosaren iritziz, eta emaitzak hezkuntza sistema publikoa eraldatzeko balioko duela uste du, «etorkizuneko erronkei erantzuteko» oinarria izango dela. Nabarmendu du erdigunean jarri duela ikaslegoaren eskola emaitzak hobetzeko helburua, eta hori dela garrantzitsuena. Horretarako, baliabide gehiago jarriko direla ziurtatu du. «Hezkuntza sistema indartzen du, sistemak behar duena da, ikastetxeek eskatu digutena da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.