Azken astean sartu da Federico Martin Arambururen hilketaren inguruko epaiketa, eta ostiralerako espero dute epaia. Akusatu nagusien galdeketari ekinen diote gaur: Loik Le Priol, Aramburu erail izanaz akusatua den eskuin muturreko militantea goizetik mintzatuko da epaimahaiaren aitzinean; epaileen, parte zibilen abokatuen, fiskalaren eta haren abokatuen galderei erantzun beharko die. Iragan bi asteetan bere defentsa zailtasunetan agertu zen, lekukotasun gehienek eta adituen txostenek Le Priolen bertsioa kolokan jartzen baitute. Bera, ordea, bere defentsa lerrotik ez da mugitu auzi osoan zehar: bere burua defendatzeko egin zuen tiro, nora tirokatzen zuen zehazki ikusi gabe, eta bere lehen bi tiroak abisuz egin zituen.
Romain Bouvier, Aramburu erailtzen saiatzeaz akusaturiko eskuin muturreko militantea eta Lyson Rochemir, erailtzeko saiakeran konplize aritu izanaz akusatutako emakumea asteartean entzutekoak dituzte. Iragan ostiralean entzun zuten laugarren akusatua, Antony Sorrentino, Bouvierri ihes egiten laguntzeaz eta bere arma kukutzeaz akusaturikoa: ordura arte ez zuen errana, baina epaimahaiari kontatu zion ihes egiten lagundu ziolarik, Bouvierrek Arambururi «tripan bi tiro» egin zizkiola kontatu ziola Sorrentinori. Izan ere, Bouvierrek Arambururi lau tiro egin zizkion, eta lasterka eskapatu zen gero. Sorrentinori deitu zion, eta bila etorri zitzaion. Sarthe eskualdean den Solesmeko abadiatik hurbil atzeman zuen Frantziako Poliziak, hilketa gertatu eta egun gutxira.Â
Iragan ostiralean, bestalde, Le Priolekin preso egondako lekuko anonimo bat galdekatu zuen epaimahaiak, defentsak hala galdeginik. Gizon horrek kontatu zuen inteligentzia zerbitzuek Le Prioli buruzko informazioak ukaiteko «hurbildu» zutela, eta Le Priol «ziega kide jatorra» zela. Mediapart hedabideak, baina, lekuko anonimo horren ibilbidearen berri izatea lortu du: atentatu neonazi bat egiten saiatzeagatik sartu zuten preso. Segitzeko, kartzelako zaindari bat entzun zuten ostiralean. Kontatu zuen Le Priol telefonoan hitz egiten harrapatu zuela kartzelan, eta honela mintzatu zitzaiola telefonoaren beste aldekoari: «Nahiago izan ditudanak bizkarrean tirokatu dizkiodan azkenak izan dira». Le Priolen defentsak uste du zaindariaren lekukotasuna ez dela zilegia, eta «testuinguru politikoaren eta mediatikoaren eraginpean» aritu dela uste dute. Le Priolek berak ere hala esan zuen auziaren lehen egunean, hitz egiteko parada ukan zuenean.Â
Ikusi gehiago
Aitzinetik, hiru piskiatrak deklaratu zuten Le Priolen buru osasunari buruz. Trauma osteko estresa diagnostikatu zioten Frantziako Armadako operazio batetik itzultzean. Kontatu duenez horregatik itzuli zen Frantziara, baina zehaztekoa da Djibutiko operazio hartan emazte batek Le Priol eta beste soldadu batzuk salatu zituela bortxaketagatik eta indarkeriagatik. Psikiatra guziak ez datoz bat Le Priolen diagnostikoak leporatzen zaion erailketan izan dituen ondorioei buruz, baina denek onartzen dute «nahasmen psikopatikoak» dituela. Hiru psikiatretarik bik uste dute «nahasmen narzisikoak» ere badituela, eta «frustrazioa kudeatzeko gaitasunik ez». Psikiatra batek zera erran zuen: «Ardurak hartu behar dituen ber ateratzen du trauma osteko estresaren aitzakia. Klinikoki, ordea, ez dago frogarik errateko bere trauma osteko estresa aktibo zela hilketaren garaian». Segurtatu zuen trauma osteko estres gehienak «denboran mugatuak» direla. Nolanahi ere, epaileendako garrantzitsuak izanen dira elementu horiek erabakia hartzeko momentuan, Le Priolen ardura neurtzeko balioko baitute.Â
Parte zibilak, duin
Parte zibilek deklaratu zuten iragan aste hasieran: Arambururen amak lekukotasun hunkigarria egin zuen, eta Shaun Hegarty, Aramburu hil zutenean berekin zegoen lagunak ere deklaratu zuen, «lekuko ahal bezain faktuala» izaten saiatuz. Ez zegoen aurre ikusia, baina iragan aste bukaeran, Maria Codinok, Arambururen alargunak ere hitza hartu nahi izan zuen: «Anitz aipatu dira akusatuen haurtzaroko zauriak, aitaren eskasiak eta bestelakoak. Oroitarazi nahiko nuke hemen ez egon arren, hiru haur ditudala, beren aitaren hilketagatik traumatizatuak, eta anitz sufritzen dutenak. Epaiak ez die ez beren aita itzuliko, eta ez dit nire senarra itzuliko ere», erran zuen. Veronique Massi parte zibilen abokatuak nabarmendu zuen «izugarri duin» agertzen direla biktimak auzi denboran.Â
Asteazkenetik goitik abokatuen alegatuak eta fiskalaren galdea izanen dira. Akusatuen abokatuek defentsa eginen dute gero, eta bukaeran, azken aldi batez hitz egiteko aukera izanen dute Le Priol, Bouvier, Rochemir eta Sorrentinok. Epaia ostiral arratserako ematekoa dute; berantenez, larunbaterako.Â