Alberto Martinez: «Beharrezko neurri guztiak hartu ditugu medikuen gatazkaren eragina apaltzeko»

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ohartarazi du greba asteen eragina «pilatzen» ari dela itxaron zerrendetan. Legeak uzten dizkien «eremu guztietara» jotzeko asmoa dute osasun arreta bermatzeko.

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko apirilaren 17a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko medikuek hilean behin egiten duten astebeteko grebari beste greba bat gehituko zaio: zenbait ospitaletako medikuek uko egingo diote beren borondatez arratsaldez lan egiteari. Ez dira kontsultan egongo, ez dute diagnostikatzeko probarik egingo, eta ez dute operatuko. Administrazioei presio egiteko beste neurri bat da, beren lanbidearen berezitasunen errekonozimendua eta oinarrizko lan baldintza hobeak lortzeko. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur goizean erantzun die: «Beharrezko neurri guztiak hartu ditugu gatazkak herritarrengan duen eragina apaltzeko».

Eusko Jaurlaritzak ez daki medikuen erabaki horrek zer-nolako eragina izango duen. El Correo egunkariak zehaztu du Donostia eta Txagorritxuko ospitaleetako mediku batzuk astelehenetik aurrera hasiko direla arratsaldean ordu estrarik ez egiten. Gurutzetan gaur erabakiko dute. Mediku batzuk propio kontratatzen dituzte arratsaldean lan egiteko; beste batzuek, berriz, beren borondatez lan egiten dute. «Norberaren erabakia da, eta ezin dugu saihestu hori gertatzea», azaldu du, etsia hartuta, Martinezek. Jakin egin behar dute zer mediku eta zer zerbitzutakoak diren.

Martinezek ez du zehaztu zer neurri hartuko dituzten. «Legeak uzten dizkigun eremu guztietara joko dugu pazienteei osasun arreta bermatzeko», gehitu du. Grebaren ondorioei aurre egiteko neurriak hartu dituztela gogoratu du: denboraren mende dauden patologien operazioak, haiek atzeratzeak okertu egingo lituzkeenak, bermatzea. Onkologikoak, esaterako. Hala ere, proba diagnostikoak ere bermatu nahi dituzte, «ez baitakigu paziente horiek patologiaren bat duten».

Greba apirilaren 27tik aurrera

Hego Euskal Herriko medikuak grebak egiten ari dira. Astebeteko greba hilero, otsailetik ekainera. Hurrengo greba astea apirilaren 27tik 30era izango da. Estatutu propio bat eskatzen diote Espainiako Osasun Ministerioari. Esparru estatutu batek arautzen ditu osasun zerbitzu publikoetako langileen oinarrizko lan baldintzak, baita Osakidetzakoenak eta Osasunbidekoenak ere. Espainiako Osasun Ministerioak esparru estatutu berri bat hitzartu zuen urtarrilaren amaieran CCOO, UGT, SATSE —erizainak— eta CSIF —funtzionarioak— sindikatuekin. Medikuek, ordea, araudi propio bat eskatu dute, uste dutelako estatutu horrek ez dituela jasotzen haien prestakuntza luzea —hamar urtetik gorakoa—, lana eta ardura.

Gaur egun indarrean dagoen esparru estatutua 2003an onartutakoa da. Urteotan asko aldatu da osasun zerbitzu publikoetako langileen lana, eta medikuek uste dute lan baldintzak asko okertu zaizkiela. Lan baldintzak eguneratu nahi dituzte, urte askotan «berez» hala zirela uste zuten neurri batzuk aldatu.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak babestu egin ditu medikuen eskaera batzuk: alde batetik, «medikuen lanak, urte askoko prestakuntzak eta erantzukizunak aitortza bat izatea»; bestetik, medikuek estatutu propio bat izatea, haien lanbidearen berezitasunak aintzat hartuko dituena; eta medikuek beren lan baldintzak zuzenean negoziatzea Espainiako Osasun Ministerioarekin ere.

Borondatezko guardiarik ez

Martinezek baztertu egin du medikuen eskaera nagusietako bat: guardiak borondatezkoak izatea, alegia, lanaldi arruntetik aparteko guardiak hala nahi duten medikuek soilik egitea. Martinezentzat «ezinezkoa» da aste eta egun osoan lan egiten duen osasun sistema bateko ospitaleetan paziente guztientzako osasun arreta antolatzea medikuen borondatean oinarrituta. Eusko Jaurlaritza prest dago entzuteko, «modu baketsuan» guardiak egiteko modua aldatu nahi duten ospitaleetan eta zerbitzuetan. Esaterako, guardia bidezko sistema batetik txanden sistema batera pasatzeko, «betiere modu baketsuan bada». Ohartarazi du ospitale handietan egin daitekeela, baina eskualdeetako ospitaleetan ez dagoela langile nahikorik halako egiturazko aldaketak egiteko. 

Derrigorrezko guardien alde dago Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, baina uste du, medikuek eskatu duten moduan, Gizarte Segurantzak guardia ordu horiek aintzat hartu behar dituela medikuen erretiro adina kalkulatzeko. «Horretarako, legea aldatu beharko litzateke», azaldu du Martinezek. «Urtebete beharko litzateke, eta greba batzordeak jakin beharko luke».

Martinezek erantzukizunez jokatzeko eskatu die Espainiako Osasun Ministerioari eta greba batzordeari. Akordio bat lortzeko. Elkarrizketa «saihetsezina» dela uste du, eta esparru estatutua onartzeko eskuduntza Espainiako Osasun Ministerioarena dela. Ministerioak onartu du, gero Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartu behar du, eta handik Kongresura eraman, han lantzeko eta bozkatzeko.

Gero eta zailagoa

Esparru estatutuak Osakidetzako eta Osasunbideko langileen oinarrizko lan baldintzak arautzen ditu, baina gero langileek Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen eta egokitzen dituzte, ahal dela hobetzeko. Martinezek nabarmendu nahi izan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jada onartuta daudela 35 orduko lan astea, garapen profesionala eta guardiako orduak lanordu arrunten pare ordaintzea. Medikuek, ordea, salatu dute guardia orduak ordu arruntak baino gutxiago ordaintzen dizkietela, eta zerbitzuaren premietan oinarrituta, dagozkien baino ordu gehiago lan egiten dutela.

Martinezek onartu du medikuen grebak eragina duela Osakidetzan, eta gero eta eragin handiagoa izango duela. Herritarrek operatzeko itxaron beharreko epea 54 egunetik 74 egunera luzatu da. «Eragin hori pilatuz joaten da», azaldu du sailburuak. «Agendan hutsuneak bilatu behar dira operazioak berriro programatzeko. Lehen astean ondo egin daiteke, bigarren astean zailago, eta hirugarren astetik aurrera are zailagoa da, hutsuneak gero eta gutxiago direlako». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA