«Medikuok gure bokazioagatik eutsi diogu lan zamari»

Hego Euskal Herriko medikuek protestan eta grebak eginez jarraituko dute: astebeteko greba egingo dute hurrengo astean. Estatutu propio bat eskatzen dute, haien prestakuntza eta ardura lan baldintzetan islatzeko.

Medikuen protesta bat, aurtengo urtarrilean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Medikuen protesta bat, aurtengo urtarrilean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko otsailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezohiko irudia da: medikuak kalean, medikuak protestan, medikuak greban. Haien lan baldintzen aldeko borrokak batu ditu. «Pentsa zer nekatuta gauden», esanez azaldu du ezohiko irudi hori Sara Lizeagak, Donostia ospitaleko traumatologoak. Aldaketek eragindako beldurrak ere batu ditu medikuak, Mabel Artziniegak onartu duenez. SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuko idazkari nagusia da, Debagoieneko ospitaleko larrialdietako medikua.

Espainiako estatutu marko batek arautzen ditu Osakidetzako eta Osasunbideko langileen oinarrizko lan baldintzak. Gero Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen eta egokitzen dituzte. Espainiako Osasun Ministerioak estatutu marko berri bat hitzartu zuen urtarrilaren amaieran CCOO, UGT, SATSE —erizainak— eta CSIF —funtzionarioak— sindikatuekin. Lege aurreproiektu bat da oraindik.

Euren haserrea adierazteko, medikuek manifestazioa egingo dute bihar Madrilen, eta astebeteko greba hurrengo astelehenetik ostiralera. Hilero, astebeteko grebak egingo dituzte otsailetik ekainera.

«Hasten zara informatzen eta ez sinestekoa da zer baldintzatan ari garen lanean guk jakin gabe; baina begiak ireki ditugu»

SARA LIZEAGA Donostia ospitaleko traumatologoa

Espainiako Osasun Ministerioak estatutu marko hori aldatzeko asmoa zuela ikusita —indarrean dagoena 2003koa da—, medikuak antolatzen eta mobilizatzen hasi ziren. Batzuk sindikatuen bidez. Beste batzuk beren kontura: Donostia inguruko medikuak Whatsapp talde batean elkartu dira.

Mediku askok iaz jakin zuten estatutu marko batek arautzen dituela beren gutxieneko lan baldintzak. Urteetan lan egin dute, beteranoenek batez ere, beren eguneroko lan baldintzak berez hala zirela pentsatuz.

Zama gehiago COVID-19a eta gero

Lizeaga mediku horietako bat da. «Hasten zara informatzen eta ez sinestekoa da zer baldintzatan ari garen lanean guk jakin gabe», onartu du. Utzikeriaz jokatu dutela ere bai. «Baina begiak ireki ditugu».

Epaia eman du: «Bokazioarekin engainatu gaituzte gehienok, gure lana maite baitugu». COVID-19aren ostean egoera nabarmen okertu dela antzeman du: «Zama handituz eta handituz joan dira, eta ikusi dute medikuok zamari eutsi egin diogula gure bokazioagatik».

Raquel Gonzalez eta Sara Lizeaga
Raquel Gonzalez eta Sara Lizeaga. JON URBE / FOKU

Indarrean dagoen estatutu markoa 2003koa da. Beste garai batzuk ziren. Gizartea eta osasun sistema publikoak aldatu dira. Medikuen esanetan, haien egoera ere bai. «Jendea mugara iristen ari da», ohartarazi du Nestor Morchonek. «Gaur egun sistemari eusten zaio medikuek neurriz gaineko esfortzua egiten dutelako. Administrazioa gure bokazioaz eta zerbitzua emateko dugun gogoaz baliatzen da». SMEko presidenteordea da, Arabako Ospitale Unibertsitarioko larrialdietako medikua. «Ezin dugu gehiago, eta planto egin behar dugu. Arrazoizko mugak jarri behar dira, eta profesionalak zaindu behar dira».

Badira aldeak medikuen lan baldintzen artean. Ez da gauza bera ospitale batean lan egitea edo osasun etxe batean. Ospitaleetako medikuak dira protestetan parte hartzen ari diren gehienak. Artziniegaren esanetan, kostatzen ari zaie lehen arretako medikuengana iristea eta ulertaraztea borrokak haiei ere eragiten diela.

«Langile guztiak dira garrantzitsuak sistemak funtzionatzeko, baina gure prestakuntza eta ardura bereziak errekonozitzeko eskatzen dugu»

MABEL ARTZINIEGA SMEko idazkari nagusia

Raquel Gonzalez lehen arretako medikua da Donostiako Amara Berri osasun etxean. Mobilizazioekin bat egin du: «Konturatu gara gure lan baldintzen eta eskubideen aldeko borroka ere badela, eta elkarrekin arituz gero gauza gehiago lortuko ditugula». Lehen arretaren garrantzia aitortu du Lizeagak: «Lehen arreta da osasun sistemaren sarrera. Lehen arretak ez badu ondo funtzionatzen, ospitaleek ere ez dute ondo funtzionatzen». 

Lizeagaren esanak berresteko, Gonzalezek lehen arretako medikuen egonkortasunaren eta jarraitutasunaren garrantziari buruzko ikerketa baten emaitzak eman ditu: familia mediku batek leku berean hamabost urte egiten baditu, larrialdien erabilera %30 murrizten da, ospitaleratzeak %28 eta heriotza tasa %25.

«Aldatzeko garaia da», diote, hots bakarrez, Artziniegak, Gonzalezek, Lizeagak eta Morchonek. Espainiako Osasun Ministerioari eskatu diote aintzat har ditzala medikuen lanaren izaera eta ezaugarri bereziak. Zehatzago esanda, mediku izateko behar duten prestakuntza eta lanean duten ardura. Horretarako estatutu propio bat eskatu dute —zuzenean haiek negoziatua—, eta kategoria propio bat, gainerako osasun langileetatik bereizia. 

Artziniega eta Morchon
Mabel Artziniega SMEko idazkari nagusia eta Nestor Morchon presidenteordea. ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun publikoan lan egiteko hamabi urteko prestakuntza behar badugu [unibertsitate ikasketak eta BAME ikasketak], hori aintzat hartu behar da», uste du Artziniegak. «Ez dugu pribilegiatuak izan nahi, benetan ezberdinak gara».

Ezberdintasunez hitz egitean, behin eta berriro aipatu dute ardura hitza. «Langile askok lan egiten dute osasun zerbitzuetan, baina ardura medikuona da», azaldu du Morchonek. «Azken erabakia gurea da, askotan egoera kritikoetan. Hori guztia arautu eta aintzat hartu behar da».

Arduraren aitortza

Nabarmendu dute beren eskaerak ez direla gainerako langileen —erizainak, zeladoreak, administrariak— kontra. «Langile guztiak dira garrantzitsuak sistemak funtzionatzeko», onartu du Artziniegak, «baina gure prestakuntza eta ardura bereziak errekonozitzeko eskatzen dugu».

Gonzalezek lege esparru propio bat eskatu du medikuentzat, «ez bakarrik gu hobeto bizitzeko, baita pazienteak ondo tratatzeko ere». Salatu du gaur egun pazienteak oso azkar ikusten dituztela, «korrika eta presaka», ia ez daukatela denborarik ondo artatzeko, eta horrek estres handia eragiten diela. Haien agendaren arabera, hamar minutu dituzte paziente bakoitzeko. Atzerapenak pilatzen dira, eta pazienteak urduritu eta haserretu.

Medikuak haserre daude Osasun Ministerioaren negoziatzeko moduagatik: medikuen ordezkari bakarra egon da negoziazio mahaian, ez du izan boto eskubiderik eta medikuen ordezkaritza sindikatu orokorren esku —CCOO eta UGT— geratu da. Sindikatu horien afiliatuen artean badira medikuak, baina gutxiengoa dira. Medikuek medikuak nahi dituzte beren lan baldintzak negoziatzeko.

«Lege esparru propio bat behar dugu medikuontzat, ez bakarrik gu hobeto bizitzeko, baita pazienteak ondo tratatzeko ere»

RAQUEL GONZALEZ Donostiako Amara Berri osasun etxeko familiako medikua

Ospitaleetako medikuen guardiak dira lan baldintzetako korapilo nagusietakoa: ospitalean eta ospitaletik kanpo —ospitalera joateko moduan egon behar dute— egiten dituztenak. Ospitale publikoetako gainerako langileek txandatan lan egiten dute. Medikuek ez. Behartuta daude guardiak egitera, hau da, zazpi orduko lanaldi arruntari beste lanaldi bat gehitzen diote. Lanaldi osagarritzat hartzen da. Guztira jarraian egindako 24 eta 25 orduko lanaldiak aipatu dituzte Artziniegak eta Lizeagak. «Pazientearen kaltetan», bien arabera.

Guardietako orduek badute berezitasun bat: ez dira lanordu arrunt gisa hartzen, guardietan medikuak «lanaren zain» egoten dira. Egungo guardietan, ordea, lanaren zain ez, lanean ari direla nabarmendu dute medikuek. Artziniegak eta Morchonek eskarmentua dute larrialdi zerbitzuetan. «Guardiak jada ez dira duela hainbat urte bezalakoak, non tartean behin gaixo bat etortzen zen», azaldu du egoera Artziniegak. «Gerta daiteke lanaldi arruntean baino lan gehiago egitea», gehitu du Morchonek. 

Erretirorako ez 

Guardietakoak ez dira lanaldi arrunt gisa hartzen, eta horrek baditu beste bi ondorio: batetik, lanordu arruntek baino ordain apalagoa dute; bestetik, ez dira aintzat hartzen erretiroa hartu ahal izateko. «Etsigarria» da Lizeagarentzat. Ordu asko dira: «Lanaldi arruntetik aparte egiten ditugun orduekin guztira sei edo zazpi urte gehiago lan egiten ditugu», zehaztu du Morchonek. «Gainera, derrigorrezkoak dira, gure baldintza pertsonalen edo kontziliazioaren gainetik daude».

Lanaldi arruntetik kanpo egiten diren ordu guztiak ezohiko lanalditzat hartzeko eskatzen dute, hau da, erretiroa kalkulatzeko aintzat har daitezela. Hala balitz, erretiroa aurreratzeko aukera edukiko lukete. Erretiroari begira, lan baldintzen ezaugarriak aintzat hartzeko ere eskatu dute, beste lanbide batzuetan egiten den moduan: gauez lan egitea, substantzia toxikoekin, inguru arriskutsuetan... 

«Lanaldi arruntetik aparte egiten ditugun orduekin guztira sei edo zazpi urte gehiago lan egiten ditugu. Gainera, derrigorrezkoak dira, gure baldintza pertsonalen edo kontziliazioaren gainetik daude»

NESTOR MORCHON SMEko presidenteordea

SMEren eskaera da guardiak borondatezkoak izatea, hau da, hala nahi duten medikuek egitea. Hala eginez gero, bermatuko litzateke osasun zerbitzua eguneko ordu guztietan eta urteko egun guztietan? Artziniegak baietz dio.

Lizeaga ere borondatezko guardien alde dago, baina uste du horretarako medikuen oinarrizko soldata hobetu behar dela. Azaldu du medikuen oinarrizko soldata, «hamabi urteko prestakuntza eta lan eskaintza publiko bat gainditu eta gero», Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata baino pixka bat handiagoa dela. Osagarriekin osatzen dute. 

Badira guardiak egin nahi dituzten medikuak, barne mediku egoiliarrak batez ere. Antzinatasunik ez dutenez, guardiekin osatzen dute soldata. Mediku askok ez dutela ordu estrarik nahi dio Artziniegak: «Familiarekin egon nahi duzu, bizitza izan». Denbora. Hori bai, aparteko orduak eginez gero, behar bezala ordaintzeko eskatzen dute.

Berez, legez, guardia kopuruek muga bat dute: Osakidetzan, hiru hilean. «Baina praktikan ez dago guardia kopuruaren mugarik, bost, sei... jar ditzakete», ohartarazi du Artziniegak. Salbuespenak baitaude: zerbitzuaren premiak, esaterako. «Normalean salbuespenak arau bihurtzen dira, Administrazioak tresnak behar ditu», ohartarazi du Morchonek. «Salbuespenengatik, zerbitzuen premiengatik izan dira 23 urte hauek, eta horregatik gaude gauden bezala», uste du Lizeagak.

mediku falta eta ihesa, lan baldintzengatik

Egungo lan baldintzek etorkizunean ondorioak izango dituzte. Etorkizuneko medikuengan. «Administrazioak barne mediku egoiliarrak erabiltzen ditu zuloak tapatzeko, haietaz abusatzen du, eta ezinezkoa da haiek ilusioari eustea», salatu du Morchonek. «Beste lekuren batean baldintza hobeak eskaintzen badizkiete, joan egiten dira, talentu asko galtzen ari gara». 

Medikuak falta direla esaten dute administrazioek. Artziniega bat dator, baina ñabardura bat egin du: «Ez daude, baldintzak ez direlako onak. Baldintza onak jarriz gero, izango dituzu. Hori gertatzen da lehen arretan ere». Ohartarazpen bat egin du Lizeagak: «Lan baldintzak hobetzen ez badira, askoz ere gehiago joango dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.