Jaiak. Iruñeko sanferminak

Zigorra aldarriari

Uztailaren 7an, festen egun handian, etxebizitzaren egoera salatzeko jota bat kantatu dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek Kale Nagusian. Iraganean, ohikoak ziren protesta ekintzak prozesioan, baina orain aldarri gutxi entzuten dira kalean.

Udalbatza Kuria kaletik igarotzen, prozesioaren amaieran. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iker Tubia - Joxerra Senar
2026ko uztailaren 7a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jaia bai, borroka ere bai. Urte luzez lelo hori baliatu dute herri mugimenduko eragileek argi uzteko bestak ongi pasatzeko ez ezik aldarrikapenak zabaltzeko eremu ere badirela. Borroka bai, errepresioa ere bai izan zitekeen Poliziaren leloa; izan ere, Iruñeko sanferminetan, sarri istiluak izaten dira poliziekin, aldarrikapenak egin ohi diren lekuetan. Urte luzez txupinazoa borra kolpez hasi da, batez ere plazan ikurrina sartzen ahalegintzen ziren gazteen aurka. UPNren garaiak ziren. Biharamuna ere beroa izaten zen: uztailaren 7ko prozesioan sarri izan dira istiluak Poliziarekin, batez ere Kuria karrikan, kabildoa katedralera iristear zen unean. Zentsura saiakerak ere egon dira.

Horixe gertatu zen iaz: prozesioa Zapateria karrikara iristean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako bi kidek jota bat kantatu zuten balkoi batetik, etxebizitzaren egoera salatzeko. Aurretik udaltzainek mehatxu egin zieten: «Abestuko duzuen jotak kontu aldarrikatzaileren bat baldin badu, salaketa jarriko dizuegu». Esan eta egin. Salaketa horren ondorioz, bi kidek eta Gedarreko kazetari batek 600 euroko isun bana jaso zuten. 1.800 euro jota bat kantatzeagatik.

Aurten ere horretan ahalegindu dira. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak sare sozialetan iragarria zuen ez zirela geldirik geratuko, eta asmoa zutela jota baten bidez euren protesta kantatzeko Kale Nagusiaren luze-zabalean. Azkenean, kalearen erdialdean kantatu dute. Plazara gunearen parean, kartel bat paratu dute, Jazarpenaren aurrean, zentsuraren aurrean zioena.

Bi ikurrina, kalean, prozesioa igarotzen den lekuetako batean, kale Nagusian. AITOR KARASATORRE / FOKU.
Bi ikurrin kalean, prozesioa igarotzen den lekuetako batean, Kale Nagusian. AITOR KARASATORRE / FOKU.

Behin kabildoa igaro eta santuaren irudia agertu denean, gitarra klasiko eta akordeoi baten lehen doinuak entzun ahal izan dira. Irudia igaro ahala, hasi dira jota kantatzen. «Azpikoek sufritzen duten artean, eta aberatsa gero eta aberatsago den bitartean, borrokak jarraituko du. Ez dugu ahoa itxiko, herriarena da jota, mantentzen bada kritiko», zioen jotak.

Jose Mari Esparzak jota heretikoei buruzko liburu bat idatzi zuen, eta azaldu zuen jotak sorreratik izan duela goikoen kontrako ozpin dosi bat. Alta, gaur egun jota eskoletan kantatzen diren abestiek galdua dute pozoi kritikoa, eta kanon uniforme, bakar eta errepikakor baten gisan abesten dituzte jota abeslari gehienek.

Hala, santuari gorazarre egiten ez zion kanta horietako bat zela jakitun, San Ferminen irudiaren eramaileak ez dira geratu kalearen erdian, eta aurrera jarraitu dute. Udalbatzako zinegotziak eta Joseba Asiron alkatea ere ziztu bizian igaro dira balkoi horren azpitik, Erronkariko jantzi tradizionala soinean, txalo eta animo artean. Atzean protesta jotaren doinua entzuten zen, baina haren edukia kaleko soinuen artean galdurik geratu da. Ezikusiarena egiten ahaleginduagatik, ikusi beharko da aurten ere isunak jarriz erantzungo ote duten etxebizitza sindikatuko kideen saiakera.

Bestelako aldarri eta kantak

Uztailaren 7a, festetako egun handia. San Ferminen irudia Alde Zaharrean barna ibiltzen deneko prozesioak erlijio kutsu handia du, eta begirada guztien erdigune izateak aukera ematen du plazaren erdian gorazarre erlijioso eta soziologikoa egiteko. Etxebizitza Sindikatu Sozialistakoek abestu dutenean ez bezala, orduan bai, prozesioaren parte hartzaileek jotak kantatzeko aukera probestu dute. Balkoietan, baina, ez dira entzun aldarriak.

Ibilbidearen luze-zabalean, Palestinako bandera ugari ikusi ahal izan dira, bai eta sionisten krimenen aurkako mezuak ere. Ikurrinak ere nonahi, baita Nafarroako banderak ere. Uztailaren 7an balkoiak kolorez janzten dira, eta jendez lepo betetzen dira kaleak zein eraikinak. Askok pare bat ordu eman dute zain, bero sapari aurre eginez. Animoak, baina, are beroago daude, eta santuari kantatzen zaizkion jotak entzutean, sakelako pantaila ugariren artean negar malko batzuk ikusten dira.

Kontrasteko irudiak. Goian, Palestinaren aldeko bandera; behean, santuaren irudia. JESUS DIGES / EFE
Kontrastea irudien artean. Goian, Palestinaren aldeko bandera; behean, santuaren irudia. JESUS DIGES / EFE

Haur zein adineko, belaunaldi guztietakoak elkartzen dira. Kontzeju plazako jotak ikusmin handia sortzen du. Gero, San Saturninoren parean Agur jaunak kantatzen dio euskaraz Napardi elkarteak. Talde horrek ez ditu onartzen emakumeak bazkide gisa, eta Nafarroako Gobernuko Berdintasun Institutuak estatutuak aldatzera premiatu du. Entzungor egin zion eskaerari, eta, erakundeak neurriak hartzeko prest agertu badira ere, prozesioan protagonismoa du oraindik ere.

Santua San Lorenzo elizara eraman eta meza amaitu ostean, azken txanpa iritsi da. Kabildoa katedralera bidean zela, Kuria kalean urteroko protestak egin dituzte. Elizako ordezkariei txistu eta oihu egin diete kalean bildutakoek. Udalbatza pasatu denean ere, «UPN kanpora!» oihukatu dute ozen. Hori kenduta, istilurik gabe aurrera egin du, eta unetxo delakoa gertatu da: sei erraldoiek agur dantza egiten diote kabildoari, katedraleko kanpai doinu ozenen artean.

Napardi elkarteak kantatzen du 'Agur jaunak' kale Nagusiaren hasieran. JESUS DIGES / EFE
Napardi elkarteak 'Agur jaunak' kantatzen du Kale Nagusiaren hasieran. JESUS DIGES / EFE

Iraganeko adibideak

Oro har, festak normaltasunez hasi dira aurtengoan. Iaz ez bezala. Iragan urtean Poliziaren eskutik «errepresio zuzena» jasan zutela salatu dute aurten Mugimendu Sozialistak, Haritu laguntza sareak, AZGM Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak eta Indar Gorrik. Iazkoak ere txupinazoaren bueltan eta prozesioaren ibilbidean gertatu ziren. Prozesioa bai baita ekitaldi erlijiosoa, baina badu ukitu zibila ere, udal korporazio osoa han izaten baita. Herritarrek inoiz baino gertuago dituzte ordezkariak —denak elkarrekin, gainera—, eta aukera ona izaten da gaizki egindakoak aurpegiratzeko.

Larriagoak izan ziren istiluak 2022an. UPNko Enrique Maiak azken urtea zuen alkate, eta Kurian istiluak izan ziren. Urte hartan giroa bereziki bero zegoen sanferminak iristerako, Navarra Sumak hartutako zenbait erabakiren ondorioz, eta Kurian jendeak oihu egin zien orduko alkateari eta zenbait zinegotziri, eta bultzada ugari izan ziren. Udalbatzako kideek lasterka egin zuten, udaltzainen hesiak lagunduta. Baina poliziek ez zuten Kurian gora egin; han gelditu ziren. Tentsioak gora egin zuen, kolpeak eta bultzadak izan ziren eta Polizia han zirenen aurka oldartu zen.

Sei lagun auzipetu zituzten, eta aurten jakin da epaia: urtebete eta bi urte eta erdi arteko espetxe zigorrak onartu dituzte seiek, baina ez dira kartzelara joanen. Fiskalak sei eta zortzi urte arteko espetxe zigorrak eskatzen zituen, eta defentsak nahiago izan du akordioa egin. Bik bi urte eta erdiko espetxe zigorra onartu dute; beste hiruk, bi urtekoa, eta beste batek, urtebetekoa. Gainera, bi urtez sanferminetako entzierroan eta prozesioan parte hartzeko debekua ezarri diete, eta isunak ere ordaindu behar izan dituzte.

Borra dantza besta hasieran

Txupinazoaren egunean ere ohikoak izan dira Poliziaren eta ezkerreko ekintzaileen arteko istiluak. Urte luzez, ikurrina plazan sartzen ahalegintzeagatik. Iaz, bestelakoa izan zen motiboa. Zenbait eragilek salatu dute Poliziak 50 lagun baino gehiago identifikatu zituela karrikan propaganda politikoa jartzen ibiltzeagatik, eta 8.000 euro ordaindu behar izan zutela isunetan. Udaletxearen sarreran, San Domingo karrikan, Espainiako Polizia eta Udaltzaingoa zenbait gazteren aurka oldartu ziren. Gazte mugimenduaren arabera, Israelen aurkako pankarta bat sartu nahi zuten plazan.

Dianetan ere askotan izaten dira istiluak Poliziarekin. Iaz gutxienez egun batez agertu zen Espainiako Polizia istiluetarako jantzita. Halako batean, Pamplonesa bandaren atzetik dantzan ari ziren gazteen aurka oldartu ziren, borraka. Beste urte batzuetan ere gertatu izan dira horrelakoak. Are, txupinazoaren eta prozesioaren egunetan istiluetarako prestatutako polizia anitz izaten dira karrikan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA