Aldi hau kontatzeko

Aldaketak aldaketa, kazetaritza egiten jarraitu du azken urtean BERRIAko lantaldeak. Iaz lerroburuak bete zituzten auzien artean egon ziren Joseba Asiron, euskal presoen urruntze politikaren amaiera eta greba feminista orokorra, besteak beste.

(ID_13391048) (Monika del Valle/@FOKU) 2023-11-30, Bilbo. A30 greba feminista, piketeak Bilboko sarreran San Mamesen eta manifestaz...
Iazko azaroaren 30ean Bilbon egindako manifestazioa, greba feminista orokorrari lotua. MONIKA DEL VALLE / FOKU
mikel p ansa
2024ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

Eta aldaketa horiek guztiak gauzatzen zituen bitartean, kazetaritza egiten eta aldi hau kontatzen jarraitu du BERRIAko lantaldeak. Orduroko eta ia segundoroko lana bilakatu da kazetaritza, baina aktualitatearen gurpiletik aterata, pieza eta albiste oso bereziak eman ditu lantaldeak. Atef Abu Saif idazle palestinarrak Gazatik idatzitako egunerokoa, esaterako.

Politika arloan, zuzenean eman zituen maiatzeko udal eta foru hauteskundeen eta uztaileko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen datu guztiak. Joseba Asironek, abenduan, Iruñeko alkatetza bereganatu zuen, eta hori ere zuzenean eta gako guztiak emanez kontatu zuen BERRIAk. Urtea beste ziklo politiko bati begira bukatu da, jakin baita Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria ez dela berriro aurkeztuko.

Euskal presoen urruntze politikaren amaiera ere kontatu du egunkariak, gehigarri berezi batean, baina gatazka politikoaren ertz guztiak itxi gabe daude, eta 2024an epaituko dituzten bi bakegileetako baten elkarrizketak eman zuen zer esana, armak Frantziako agintarien baimenarekin garraiatu zituztela kontatu baitzuen Jean Noel Txetx Etxeberrik BERRIAn. Irailean, berriz, polemika sortu zuen Josu Urrutikoetxeari buruz Jordi Evolek egindako dokumentalak; Urrutikoetxeak berak BERRIAn azaldu zituen bere arrazoiak, elkarrizketa batean.

Funtsezko eztabaida garrantzitsuen urtea izan da gizarte arloan ere. Euskara normalizatzeko araudien kontrako oldarraldia kontatzea egokitu zaio BERRIAri 2023an, zeinaren kontra 70.000 lagun elkartu baitziren Bilbon azaroan. Hilabete hartan bertan, zaintza sistema publiko-komunitario bat aldarrikatzeko greba feminista orokorraren berri bertatik bertara eman zuen BERRIAk. Eta EAEko Hezkuntza Legeari buruzko eztabaidak ere ika-mika handiak eragin ditu, eta azkenean hizkuntza ereduei eustea erabaki dute EAJk eta PSE-EEk, nahiz eta, BERRIAk argitaratu zuen bezala, DBH amaitzean hamar ikasletik bik oso oinarrizko maila besterik ez duten euskaraz.

Elizgizonen sexu abusuak jasandakoei ahotsa eman die BERRIAk 2023an ere, eta Euskal Herrian halako zenbat kasu ezagutzen diren bildumatu zuen. Energia trantsizioaren inguruan eta energia berriztagarrien azpiegitura berrien inguruan ere eztabaida handia izan da 2023an, eta baita migrazio mugimenduak mugatzeko politiken inguruan ere. Urtea albiste on batekin bukatu zen, halere: bere herrialdera itzultzeko baimena lortu du Ibrahima Baldek.

Artozki herria Itoizko urtegiko lanetatik defenditzeko erresistentziaren barruan dozenaka artistak emandako artelanak berriro agertu zirela ere jakinarazi zuen BERRIAk 2023an. Hogei urtez desagertuak egon ziren obra horiek. Irulegiko Eskuaren aurkikuntzari testuingurua emateko, Burdin Aroari buruz ezagutzen dena azaldu zuen, bestalde. Eta Martuteneko kartzelan sartu zen, Zetak taldeak han eman zuen kontzertua bertatik bertara kontatzeko.

Aspaldiko galdera batzuk ere argitu ditu BERRIAk 2023an. Matalaz kantua Jean Louis Davantek idatzi zuela 1970eko hamarkadan, esaterako. Tour bat inoiz korritu duen lehen euskal ziklista zein izan zen ere azaleratu zuen BERRIAk: Dartigue misteriotsua.

Beste lan berezi asko ere egin ditu BERRIAk 2023an: kontatu du abortuaren aldeko borroka nola irabazi zen, Gogora Institutuaren babesik gabe ETBk memoriari buruzko lanik ez duela laguntzen, eta hitza eman die Ion Aranbururen senide eta lagunei, zeina jipoitu baitzuen ultraeskuindar talde batek Sorian.

Aldi hau kontatzeko, Euskal Herria kontatzeko, euskaraz kontatzeko, feminismoaren tresnekin kontatzeko konpromisoaren adibide dira lan horiek, eta halakoak egiten jarraituko du BERRIAk, irakurleen eta babesleen laguntzarekin, eta, hemendik aurrera, oinarri teknologikoa, funtzionamendua, diseinua eta eskaintza berrituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.