Alerta gorria indarrean da Euskal Herrian, beroagatik

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan atzotik daude alarma gorrian; gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ezarri dute, eguerditik aitzina; eta Nafarroan krisi kabinetea bildu dute, posible baita berote handiek ostegunera arte irautea.

Baiona, joan den udako berote handien denboran. GUILLAUME FAUVEAU
Baiona, joan den udako berote handien denboran. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko ekainaren 22a
16:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunak geroz eta beroagoak dira, eta gauean kasik ez du freskatzen. Alerta ezarria da Euskal Herri osoan, halako beroteek ondorio larriak ekar ditzaketela eta. Ipar Euskal Herrian, atzo eguerdiaz geroz ezarria du alarma gorria Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, eta asteazkenera arte iraunen du. Eusko Jaurlaritzak, berriz, gaur ezarri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eguerditik aitzina eta 20:00ak arte. Nafarroan, berriz, ostegunera arte eutsiko diote alarma gorriari; krisi kabinetea bildu dute foru erkidegoan.

Urgentziazko aterabideak lotu beharrez ari dira eskuin-ezker, hainbat azpiegitura ez baitira egokiak azken egunetako beroteak jasateko. Ipar Euskal Herrirako, aurreikusi dute hein horretako tenperaturek asteazkenera arte iraunen dutela: 40 graduak gainditu ziren atzo.

Hala, Baionako Herriko Etxeak ostiralean erabaki zuen gaur eta bihar hiriko 11 eskolaren hestea, «berote handien denboran haurrei harrera egiten ahal ez dieten eraikinak» denak ere. Eskola horietako haurrak Jean Dauger errugbi zelaiko gela klimatizatuetan aterpetuko dituzte baldin eta gurasoek ezin badituzte etxean zaindu.

Bideei dagokienez, Ipar Euskal Herrian gehienezko abiadura oreneko 20 kilometro jaitsi dute alarma gorriak iraunen duen artean, airearen kutsadura mugatze aldera. Hondakindegiak hetsiak dira egun osoan, bestalde, «sute arriskua apaltzeko».

Hego Euskal Herrian bukatuak dira eskolak, baina jendeak lanean segitzen du. Gaur goizean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak 3.000 enpresa baino gehiago ohartarazi ditu «bero boladek eragindako lan arriskuen inguruan». Udako kanpainari beste bultzada bat eman behar izan dio Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, «estres termikoa prebenitzeko eta lan inguruneak seguruak direla bermatzeko». Komunikazio bereziak bidali dizkiete Arabako 551 enpresari, Bizkaiko 1.576ri eta Gipuzkoako 936ri. Gogorarazi diete enpresen «legezko betebeharra» dela langileen segurtasuna eta osasuna zaintzea. Eusko Jaurlaritzak abian jarri du Babes Zibileko Plana ere.

Bilbon, Pentsiodunen Mugimenduak elkarretaratzea egitekoa zuen gaur 12:00etan, udaletxe aitzinean. Ordea, jakinarazi dute bertan behera geratuko zela protesta, «egun hauetarako aurreikusitako tenperatura beroek kalteberak direnei —hala nola adinekoei— dakarzkieten arriskuengatik». Datorren astelehenean elkartuko dira, hilaren 29an, «muturreko beste baldintza batzuek eragozten ez badute».

Eskolak bukatuak diren arren, zabalik dira oraindik haur eskola asko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horietan ere neurriak hartu dituzte. Haurreskolak partzuergoak erabaki du gelak lehenago hestea, 13:00etan, eguneko ordurik beroenetan haurrak ez daitezen han egon. Erabakia gaur bertan sartu da indarrean, eta hala egonen da freskatzen ez duen bitartean. Partzuergoak berak azaldu duenez, helburua da «haurren eta langileen ongizatea bermatzea».

Udalekuetan ere lehen eguna dute toki askotan, eta horietan neurri bereziak hartu dituzte: bero handieneko orduetan ez dute kirolik egin, eta ur jolasak antolatu dituzte. Udaleku itxietan, berriz, kontu handiz zainduko dute logeletako tenperatura.

Orokorrean, autoritateek «arduraz jokatzea» galdegin diete herritarrei: egarririk izan gabe ere ura edatea, tenorerik beroenetan ez ateratzea, ariketa fisikorik ez egitea, ahulak diren hurbilekoen berri hartzea...

Nafarroan, krisi kabinetea

Noploi Nafarroako Lan Osasuneko Institutuak krisi kabinetea bildu du bero boladaren harira, eta alerta gorria gutxienez ostegunera arte izanen du indarrean. Krisi kabinetean ordezkatuta daude Nafarroako Gobernuko departamentuak eta beste hainbat erakunde; Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa eta Tuterako eta Iruñeko udalak barne.

Era berean, Noploi «kezkatuta» agertu da, balitekeelakoan datozen egunetan jarduera zenbait arriskutsuak izatea, hala nola kirol probak, kanpaldiak eta aire zabaleko aisialdi jarduerak. Horrenbestez, hizpidera ekarri du jarduera horiek etetea gomendatzeko aukera.

Maria Angeles Nuin Noploiko zuzendari gerenteak nabarmendu duenez, beroaldi luze horiek eta gau beroek «patologien deskonpentsazioa eragin dezakete, bereziki adinekoen eta aurretik gaixotasunen bat dutenen artean, eta beroari lotutako patologia arriskua ere handitzen du denentzat». Ohartarazi dutenez, «arreta handiz ibili behar da, batez ere zaurgarrienekin», alerta gorria gutxienez ostegunera arte izanen baita indarrean. Hala ere, azpimarratu dute beroak denei eragiten diela.

Ondorio negatibo horiek prebenitzeko, herritar guztiei gomendatu diete ur gehiago edateko nahiz eta egarririk izan ez, eta ahalegin fisikorik ez egiteko, batez ere bero handieneko orduetan. Halaber, eguzkiaren eraginpean ez egoteko gomendatu dute, bereziki gogoan hartuta 65 urtetik gorakoak, 4 urtetik beherakoak, haurdunak, bularra ematen ari direnak, beroarekiko esposizio handiegia duten jardueretan diharduten langileak, eta gaixotasun kronikoren bat dutenak.

Gainera, aholkatu dute leku freskoetan egoteko, ur epelarekin edo hotzarekin dutxatzeko, kapela eta ehun arineko arropa erabiltzeko, eta alkohola, kafeina edo azukrea duten edaririk ez kontsumitzeko. Eguzkitan aparkatutako ibilgailuen barruan ez egoteko ere gomendatu dute, nahiz eta leihatilak irekita egon, batez ere adingabeak, adinekoak edo animaliak tartean egonez gero. Bestalde, ohartarazi dute gehiegizko beroak kalanbreak, akidura, deshidratazioa eta larruazala gorritzea eragin ditzakeela.

Beroaren eraginpean ez egon arren sintomek bere horretan jarraitzen badute, edo kontzientziaren alterazioak, pultsu azkarra edo ahula, arnasketa azkarra eta azalekoa agertzen badira, larrialdietako telefonora deitu behar da (112), bero kolperik izan ez dadin.

Bero sapa ostegunera arte

Eguraldia ez da berehala epelduko. Biharko, astearterako, alarma gorriari eutsi dio Frantziako meteorologia agentziak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, 40 gradu inguruko tenperaturak ere espero baitira.

Eusko Jaurlaritzak beste hainbeste egin du: alarma gorria izanen da 12:00etatik 20:00etara, laranja eguneko gainerako orduetan, eta abisu horia ezarriko dute basoetan suteak pizteko arriskuagatik, egun osoan. Asteazkenerako ere alarma gorria ezarria du Jaurlaritzak eguerditik iluntzera. Nafarroako Gobernuak, berriz, alerta gorria ezarri du ostegunera arte, Aemet Espainiako meteorologia agentziaren arabera tenperaturarik beroenak 40 gradu ingurukoak eta minimoak 20 gradutik gorakoak izanen baitira ia lurralde osoan.

BEROARI AURRE EGITEKO AHOLKUAK

  1. Eguzkitik babestu. Eguneko ordu beroenetan itzaletan ibili, eta, kalera atera behar izanez gero, babestu. Esfortzu gogorrik eta kirolik ez egin ordurik beroenetan. 

  2. Etxea berotzea eragotzi. Leihoak eta pertsianak itxi, eta ez erabili beroa sortzen duen gailurik ordurik beroenetan. Dutxa edo bainu hotzak hartzen ahalegindu. 

  3. Hidratatu. Likidoa edan nahiz eta egarririk izan ez, baina, ahal dela, kaferik eta alkoholik ez, deshidratazioa handitzen baitute. Saiatu otordu astunik ez egiten. 

  4. Zaurgarrienak zaindu. Arreta berezia jarri adinekoei eta haurrei, eta ez utzi inor denbora luzez ibilgailu itxi batean, hura eguzkitan ez badago ere. 

San JOan gaua kolokan, su arriskuaren ondorioz

Euskal Herri osoan beroteengatik ezarritako alerta egoerak eragina izango du gaur gauean piztekoak diren San Joan suetan ere. Basaeremuetatik gertu sutzarrik ez pizteko gomendioa eman du dagoeneko Jaurlaritzak. Debekatu ala ez, udal bakoitzak hartu beharrekoa da erabakia, eta batzuek egina dute jada hautua: Bizkaian, besteak beste, Barakaldon, Getxon eta Leioan debekatu dituzte San Joan suak; eta Bilboko Konpartsek bertan behera utzi dute. Gipuzkoan, baimendutakoak baino ez dituzte piztuko Donostian; Urretxun eta Zumarragan, berriz, ezingo da bakarrik ere piztu. Arabari dagokionez, Gasteizko Udalak hainbat segurtasun aholku eman dizkie antolatzaileei, foru aldundiak adierazitakoari jarraikiz. Basainguruetan, ordea, surik ez pizteko aholkatu dute Gasteizko agintariek. 

Nafarroako Gobernuak, bestalde, San Joan surik ez egiteko gomendatu du, nahiz eta udalei dagokien hiri lurzoruan halakoak debekatzea. Bada, Iruñeko Udalak hartua du jada sutzarrak galarazteko erabakia.

Surik egingo ez duten beste udalerri batzuk dira: Amorebieta-Etxano, Barrika, Berango, Dima, Gernika, Maruri-Jatabe, Mungia, Muxika eta Sopela, Bizkaian; Eibar eta Errenteria, Gipuzkoan; eta Zizur Nagusia, Nafarroan. Beste kasu batzuetan su txikiagoak egingo dituzte.

.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA