Aliantza transfeministak faxismoaren aurka

Mijo Lizarzaburu. Donostiako asanblada transmarikabolloaren izenean
2025eko ekainaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Europan eskuin muturra izaten ari den gorakada edo Eneko Goiak hiriko pobreen aurka ezarritako politika arrazistak ez dira gertakari bakanak, eta faxismoaren aurkako erantzuna artikulatzeko eta aliantza zabalak egiteko beharra inoiz baino garrantzitsuagoa dela erakusten dute. Horren aurrean Transfeministok analisi sakona egin behar dugu indarkeria geroz eta bortitzagoaren eta atzerapauso legal eta politikoen aurrean izango dugun kokapena zehazteko.

Aurreko hamarkadetako jardun feministak gogor jo ditu patriarkatuaren zenbait oinarri, eta asko dugun arren egiteko, asko lortu dugu. Orain ikusten gabiltzan indartze patriarkala, beraz, lortutakoa suntsitu nahi duen erreakzio hutsa da; adibidez, tradwife-ek eta incel-ek mediatikoki inpaktu handia duten arren, maskulinitate eta feminitate hegemonikoa produzitzeko identitate digital hutsak dira, zaharrak berri.

Baina arazoa nahasiagoa da, mugimendu transfeministak egindako lorpenen aurrean altxatzen den erreakzioa ez datorrelako soilik eskuin muturretik, ezkerreko mugimenduetan ere ikus daitekeen fenomenoa baita antifeminismoa. Ikusi dugu ezkerraren zati batean TERF ideologiaren indartzea, ustezko biologian oinarritutako determinismo sexualaren izenean pertsona Transon aurkako gorrotoa zabaltzen. Baita Putafobiaren indartzea ere, lan sexualaren kriminalizazioa eta biktimizazioa soilik bilatzen duten jarrera salbazionisten zabaltzea eta putei langile klasearen parte den subjektu izaera ukatzen dioten diskurtsoen proliferazioa. Erreakzio bezala ulertzen dugu baita ezkerrean subjektu unibertsalaren ikuspegia indartzea ere. Subjektu heterosexual, zuri eta gizonezkoa borrokaren zentroan jarri eta beste identitateok fronte antifaxista baten izenean beste zapalkuntza ardatzak (arraza, generoa) ezabatu behar izatea.

Transformaziorako batasunak sortzea ezinbestekoa da, baina kontuan izan behar dugu langile klasearen batasuna helburu bat dela, ez premisa bat. Eraiki egin behar den zerbait dela eta horretarako ezinbestekoa dela mugimendu antikapitalisten, independentisten edo feministen baitan dagoen hegemonia heteropatriarkala amaitzea. Gauza bera gertatzen da kolonialismoarekin, ezin dugu mugimendu feministaren eta antirrazistaren arteko aliantza aurresuposatu, baizik eta kondizioak sortu behar ditugu hori posible egiteko. Feminista antirrazistek esaten duten modura, ez da soilik gure arrazakeria begiratzea, baizik eta ezkerreko mugimenduen hegemonia zuria amaitzea (presentzia, lidergoa, diskurtso eta agenden orientazioa). Bestela, zapalduen artean hegemonikoa denak erabakiko du aliantzak noiz, norekin eta nola egin, eta hori gizon zuri hetero bat ez garen guztiontzat onartezina da.

Mugimendu transfeminista fronte zabal antirrazista, antikapitalista eta independentistan artikulatzea dugu helburu. Transmaribollook hortik gure identitateak ezabatu nahi dituen faxismoaren aurka egingo dugu, baina baita ere gure borroka despolitizatu eta merkantilizatu nahi duen neoliberalismoaren aurka. Guk ez dugu nahi PRIDErik, genero trantsiziorako klinika pribatizaturik edo Israelgo estatu genozida gure izenean zuritzerik.

Ez dugu nahi sistema heterosexualak gu onartzerik, guk ez dugulako onartzen sistema heterosexuala. Ez gatoz gizon eta emakume izatea erabaki dutenekin askatasunez eta zoriontsu bizitzera, gu gizonak eta emakumeak sortzen dituen erregimen heterosexuala bukatzera gatoz. Anbizio totala dugu ertzetatik dena aldatzeko. Ez ditugu marjina ederrak babestu nahi, baizik eta erdigunea suntsitu eta beste zerbait sortu, hau da, gizon eta emakumerik gabeko Euskal Herri transfeminista.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.