Aljeriatik etorrarazi, iruzur egin, eta indarrez etxegabetzen saiatu

Etxeak logelaka alokatzen dituen enpresari bat etxetik indarrez bota nahian ari da Durangoko familia bat. Ordaintzeari utzi ziotenetik mehatxuak egin dizkiete, eta etxera joandako bi gizonek esan diete alde egin ezean «aurpegia hautsiko» dietela.

Sara, etxeak logelaka alokatzen dituen enpresari baten biktima. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Sara, etxeak logelaka alokatzen dituen enpresari baten biktima. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Paulo Ostolaza.
Durango
2026ko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Tiktok bidez tipo batekin harremanetan jarri nintzen, Whatsappetik erakutsi zizkidan eskuragarri zituen etxeak, eta tratua egin genuen Zornotzan etxe bat alokatzeko 550 euroren truke. Aljeriatik hona iristean, ordea, bost logela dituen Durangoko etxe batera eraman gintuzten nire ama, ahizpa eta hirurok, eta logela bakoitza 550 euro zela zehaztu ziguten. Oso garestia zen niretzat, baina ez genuen alternatibarik».

Sararena da testigantza —ez du abizenik eman nahi izan—; hark eta haren familiak hamar hilabete daramatzate Euskal Herrian, eta etxeak logelaka alokatzen dituen enpresari baten iruzurraren biktima dira. Durangoko (Bizkaia) etxe horretan bizi dira oraindik; logela batean Sararen ama eta ahizpa, eta beste batean bera, beste emakume batekin eta haren semearekin. Horren truke, Sarak hilean 825 euro ordaindu zituen otsailera arte, harik eta Aljeriatik ekarri zuen dirua amaitu eta ordaintzeari utzi zion arte. Caritasek eta JAED gobernuz kanpoko erakundeak lagundu zioten hilabete batzuetan, baina, dokumentazioa onartu ez diotenez, oraindik ezin du lanik egin, ezta diru laguntzarik jaso ere.

Etxean beste bi familia eta mutil bat eta neska bat bizi dira, eta antzeko egoeran daude denak. Sarak beste bitartekari batekin egin zuen harremana hasieran, baina, izatez, Laudioko (Araba) enpresariak kudeatzen du etxea. Hark apirilean deitu zion Sarari lehen aldiz: «Etxetik alde egiteko esan zidan. Nik itxaroteko eskatu nion mesedez, larrialdiko laguntza jasotakoan ordainduko niola, baina erantzun zidan jendea bidaliko zuela gu indarrez botatzeko handik».

«Enpresariak erantzun zidan ordaintzeko edo alde egiteko, bestela gizonek, itzultzen ziren hurrengoan, beste modu batera jokatuko zutela»

SARA Etxeak logelaka alokatzen dituen enpresari baten biktima

Maiatzaren hasieran mehatxu bera egin zion berriro, eta, bi egun geroago, Sara Durangotik kanpo zegoen egun batean, «bi gizon erraldoi» agertu ziren etxean. Sararen ahizpa zegoen han; baimenik gabe argazkiak atera zituzten, eta, ahizpak alde egiteko eskatu zienean, erantzun zioten ordaintzen ez bazuten «aurpegia hautsiko» zietela. «Ahizpak negarrez eta ikaratuta deitu zidan. Laudioko enpresariari idatzi nion horren ondoren, eta ordaintzeko edo alde egiteko erantzun zidan, edo gizonek, itzultzen ziren hurrengo aldian, beste modu batera jokatuko zutela», kontatu du Sarak. 

Dokumentazioaren zain

Apirilaren amaieran jarri zen harremanetan Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin, lehen mehatxuak jaso baino egun gutxi lehenago. Haiekin batera, etxebizitza kudeatzen zuen enpresariari mezu bat bidali zion esanez egiten ari dena legez kanpokoa dela eta nahi izanez gero auzitara jotzeko, baina mehatxuak eteteko, edo bestela «neurriak» hartuko dituztela. Sararen egoeraren berri ekainaren hasieran eman zuten jendaurrean, eta ordutik ez dute enpresariaren berririk.

Sarak argi dio beste etxe bat topatu ahalko balute hara joango liratekeela, «baina oraindik ez dugu dokumentaziorik, ezin dugu lanik egin, eta ez dugu beste aukerarik». Kontakturik gabe etorri ziren Aljeriatik, Tiktok bidez egindako harreman batekin soilik, eta, prozesu burokratikoak luze doazen arren, hemen bizi eta lan egin nahi dute.

Sindikatuko kideek azpimarratu dute maizterrak «erabat babesgabe» daudela: «Tratua jatorriko herrialdean egiten dute, baina kontratua sinatu hemen, maizterrek alternatibarik ez dutenean». Laudioko enpresariari esan diote Sara eta haren familia etxegabetu nahi baditu auzitara jotzeko, baina aitortu dute bitartean badagoela «enpresariaren jazarroiak» berriz itzultzeko arriskua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA