Etxe berralokatuak: abusuzko klausulak eta 500 eurotik gora logela bakoitzeko

Legediaren zirrikituak baliatuta, hedatzen ari da etxeak logelaka berralokatzeko negozio eredua. Etxebizitza Sindikatuak salatu du maizterrak babesgabe daudela: «Enpresari horiek inongo eskrupulurik gabe aberasten dira beharrik handiena dutenen kontura».

Elige Tu Cama enpresaren lokala, Gasteizko Judimendi auzoan, zigilatuta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Elige Tu Cama enpresaren lokala, Gasteizko Judimendi auzoan, zigilatuta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
Durango
2026ko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxebizitzekin negozioa egiteko eredu berri bat loratu da azken hilabeteetan: etxeak logelaka berralokatzekoa. Durangon (Bizkaia) logela horietako batean bizi den familia batek jasandako iruzurraren berri eman du, eta salatu Laudioko (Araba) enpresari bat dagoela alokairu horren atzean, hots, sare sozialetan profil aktiboa duen enpresari bat: laurehun logelatik gora kudeatzen dituela dio Instagramen, eta bideoetan azaltzen du, besteak beste, nola atera ahalik eta etekin ekonomikorik handiena etxebizitzei, nola erabili legearen zirrikituak, eta nola etxegabetu maizterrak auzitara jo gabe.

Negozio eredu jakin bat predikatzen du enpresari horrek. Enpresaria ez da etxearen jabe, baina etxea erabiltzeko eta esplotatzeko baimena du: lagapen kontratu bat sinatzen du etxejabearekin, kasu batzuetan erreformak egiten ditu, eta gero logelak alokatzen ditu. 500 euro inguruko prezioa izaten du bakoitzak, eta, horrela, etxea osorik alokatuta baino diru gehiago lortzen dute.

Errentagarritasuna ez da, ordea, eredu horrek etxejabeentzat duen abantaila bakarra. «Logela bat alokatzen duten unetik aurrera, maizterrek askoz ere babes txikiagoa dute, etxebizitza legeak ez baititu kontuan hartzen logelaka alokatzen diren etxeak», azaldu du Txaber Altube Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak.

Enpresari horrek, bere bideoetan, argi dio lege horrek mesede egiten diola bere negozioari. Izan ere, beste alokairu mota batzuei mugak ezartzen dizkie, baina logelen prezioak nahieran igotzea ahalbidetzen du. Ondorioz, etxeei etekin ekonomiko handiagoa atera nahi dieten etxejabeei errentagarri zaie etxeak enpresari horren ereduari jarraitzen dioten enpresariei uztea.

Ez hori bakarrik: lege horren neurri garrantzitsuenetako batek ere, tentsio handiko eremuenak, efektu bera eragin dezake, neurria aplikatzen den herri eta hirietan are onura handiagoak baititu berralokatzeak.

«Enpresari horiek legeak ezartzen duen esparruan zirrikituak topatzera dedikatzen dira»

TXABER ALTUBE Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea

Negozio eredu horren beste aldean maizterrak daude. Altubek azpimarratu du halako logeletan bizi direnak «izugarri babesgabe» daudela: «Ia edozein klausula sinarazten diete, aprobetxatuz, Durangoko kasuan bezala, engainatuta etorri direla hona, eta hemen sinatu behar dutela kontratua».

Klausula asko abusuzkoak dira, legez kanpokoak ere bai bat edo beste. Horietako batek dio, adibidez, enpresaria edo hark bidalitako edonor baimenik gabe sar daitekeela etxera, maizterren oniritzirik gabe, «eta horrek asko errazten du jazarroi batzuk etxean bizi den jendea mehatxatzera agertzea».

Sei enpresa

Aiaraldea hedabideak argitaratutakoaren arabera, enpresari horrek sei enpresa ditu bere izenean, guztiak higiezinen sektorekoak eta azken hiru urteetan sortutakoak. Rentalegi SM da zaharrena, eta nagusia. Enpresa gehienen kasuan administratzaile bakarra da Laudioko enpresari hori, baina bitan bazkide bana du: Rentalegi Mediterraneo SM-n Balear Uharteetan jarduten duen enpresari bat, eta Rentalige VII SM-n Gasteizko beste bat, hura ere sare sozialetan aktiboa den enpresaria, eta, besteak beste, azken hilabeteetan zeresana eman duen Elige Tu Cama enpresaren jabea.

Laudioko enpresariak bideoetan dio Hego Euskal Herrian eta Errioxan (Espainia) jarduten dutela bere enpresek, eta coach moduan ere egiten du lan, darabilen negozio eredua beste batzuei irakasteko. Altubek adierazi duenez, Durangoko kasua argitara atera zutenetik enpresari horren jokabideak ezagutzen dituztenen mezu ugari jaso dituzte, eta harremanetan daude kudeatzen dituen etxe gehiagotako maizterrekin ere. 

Sindikatuko kideak salatu du enpresari hori «espekulatzaile bat» dela, «inongo eskrupulurik gabe beharrik handiena dutenen kontura aberasten dena», baina gehitu du arreta ez dela enpresari indibidualetan soilik jarri behar, eta lege erreforma orok hauspotzen duela «horrelako negozio eredu espekulatzaileak» sortzea: «Enpresari horiek legeak ezartzen duen markoan zirrikituak topatzera dedikatzen dira». Sindikatuko kideak adierazi du konponbide bakarra dela mundu guztiak etxebizitzarako sarbidea izatea, «bestela beti existituko baitira behar gehien dutenen kontura negozioa egin nahi duten espekulatzaileak». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA