Etxebizitzaren «larrialdi egoerari» aurre egitea xede duen Etxebizitzaren Gida Plana 2025-2027 aurkeztu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Bertan, besteak beste, etxebizitza babestuetarako erreserba bat osatzea eta etxebizitzak finantzatzeko funts publiko-pribatu bat sortzea jasotzen da. Kritikak, baina, azkar heldu dira. Oposizioko alderdi nagusi EH Bilduk iritzi dio etxebizitzaren krisiari aurre egiteko planak hainbat hutsune dituela. Nerea Kortajarena Ibañez EH Bilduko programa idazkariak adierazi duenez, «alokairuak kontrolatzeko mekanismoen» falta nabaritu dute, esaterako.
Are gehiago, Kortajarenak nabarmendu duenez, atzo Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak aurkeztutako planak «etxebizitzarekin negozioa egin nahi dutenei soilik egiten die mesede». Hori dela eta, gaitzetsi egin du PSE-EE EAJren ideien menpe jarri izana. Horrenbestez, PSE-EEren eta EAJren arteko koalizioak aurkeztutako planaren aurrean, bestelako eredu bat hauspotzea eskatu du EH Bilduk, alokairu publikoak sustatuko dituen eredu bat, hain zuzen.
Kortajarenak azaldu duenez, EH Bilduren proposamena aurrera eramateko, ezinbestekoa da «sektore publikoa bestela definitzea». Horiek horrela, lau etxebizitza berritik hiru «sustapen publikokoak» izatea nahi du alderdiak, alokairuan jarri ahal izateko. Gainera, datorren hamarkadan aurreikusten den etxebizitzaren krisiari aurre egiteko, 3.000 milioi euroko funts publiko bat sortzeko proposamena plazaratu du alderdi independentistak.
Egun eraikita dauden etxebizitzetan ere eragingo duen eredua proposatzen dutela esan du Kortajarenak. Azpimarratu duenez, proposamenari helduz gero, jada eraikiak dauden etxebizitzekin 20.000 eta 30.000 etxebizitza inguru lortu ahalko dira herritarren eskura jartzeko. Horretarako, baina, zenbait neurri hartu behar dira: «Etxebizitza turistikoen legedia aldatzea, lurzorua haien gain hartu ez dezaten» eta «alokairuaren prezioa mugatzeko tresna eraginkorrak ezartzea», besteak beste.