Alokairua luzatzera, korrika eta presaka

Maizterrei alokairua bi urtez luzatzea ahalbidetzen dien dekretua martxoaren amaieran onartu zuen Espainiako Gobernuak, baina, itxura guztien arabera, apirilaren 28an utziko dute bertan behera.

Gizon bat higiezinen agentzia bati begira. BIEL ALIÑO / EFE
Gizon bat higiezinen agentzia bati begira. BIEL ALIÑO / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2026ko martxoaren 22aren eta 2027ko abenduaren 31ren artean alokairu kontratua amaitzen zaienei 11 egun eskas geratzen zaizkie bi urterako luzamendua eskatzeko. Asteon jakin denez, Espainiako Kongresuak apirilaren 28an bozkatuko du gobernuak indarrean jarri duen etxebizitzari buruzko azken araua, eta, itxura guztien arabera, bertan behera geratuko da.

Bitartean, etxejabeak, maizterrak eta etxebizitza sindikatuak nahastuta dabiltza. Martxoaren amaieran, Irango krisia piztu eta gutxira, Madrilek hari aurre egiteko bi dekretu onartu zituen: lehenengoak energien garestitzeari erantzutea zuen xede, eta bigarrenak, berriz, alokairuan dauden maizterrak babesgabe ez uztea KPIaren igoera handi baten aurrean.

Dekretua onartuko du Kongresuak?

Etxebizitzarena, printzipioz, ez. Sumarrek egindako presioari esker onartutakoa da araua, baina PSOEk hasieratik zuen Kongresuaren oniritzia ez lortzeko beldurra, eta bi dekretuak horregatik onartu zituzten bereizita. Gobernuak 30 eguneko epea zuen neurria Kongresura eramateko, eta ahal bezainbeste luzatu du epea: iraungi baino egun bat lehenago egingo dute bozketa. PPk, Voxek eta JxCk jada iragarri dute aurka bozkatuko dutela; are gehiago, PPk uko egin dio negoziatzeari ere. Sumarrek, ordea, JxCk jarrera aldatzeko itxaropena du.

Zertarako balio du luzamenduak?

Datozen hilabeteetan alokairu kontratua amaitzen zaien maizterren kontratua beste bi urtez luzatzeko. Dekretua indarrean den bitartean, luzamendua eskatzen dutenei ezingo diete aldaketarik egin jatorrizko kontratuan, hau da, ezingo diete alokairuaren prezioa igo.

Urtez urte berritu beharreko kontratuei dagokienez, berriz, dekretuak ezartzen du urtean gehienez ere %2 igo diezaieketela errenta. Etxejabe txikien kasuan, beste ehuneko bat negoziatzeko aukera dago, baina inoiz ezingo da KPIaren igoera baino handiagoa izan. 

Hamar jabetza edo gehiago dituzten etxejabe handien kasuan, %2ko muga automatikoki eta salbuespenik gabe ezarriko da.

Zein da helburua?

Kontratua amaitzear dutenei egonkortasuna bermatzea: denera, milioi bat alokairu kontratu baino gehiago amaituko dira 2027a amaitu bitartean, horietako asko Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak, esaterako, luzamendua eskatzeko aukeraren berri eman die kontratua amaitzear duten milaka maizterri.

Nola eskatu daiteke?

Idatziz, etxejabeari mezu elektroniko bat edo burofax bat bidalita. Ez da errentatzailearekin negoziatu behar, legeak eskakizuna onartzera behartzen baitu.

Espainiako eta Hego Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek dekretua indarrean sartu bezain pronto jarri zituzten eskuragarri maizterrek bete eta errentatzaileei bidaltzeko inprimakiak. Milaka izan ziren haiengana jo zutenak: Madrilgo Maizterren Sindikatuaren webgunea, esaterako, erorita egon zen lehen orduetan.

Maizterren Sindikatuen Konfederazioak neurria txalotu zuen, baina kritikatu ere bai: nagusiki, babesgabe uzten dituelako aldi baterako kontratua dutenak eta logela bat alokatua dutenak. Krisiaren aurkako neurriak bi dekretutan banatu izana ere gaitzetsi zuen: «Orain, alderdi bakoitzak erabaki beharko du putre funtsekin edo maizterrekin dagoen, alokairuak mugarik gabe igotzen segitzea nahi duen edo gizartearen gehiengoa babesten duen». 

Nork eska dezake luzamendua?

Hiri Errentamenduen Legeak araututako kontratu bat duen orok, hau da, ohiko alokairu kontratu bat duten maizter guztiek, betiere kontratu hori 2026ko martxoaren 22a eta 2027ko abenduaren 31 bitartean amaitzen bada. Arauak kanpoan uzten ditu, beraz, aldi baterako alokairu kontratua dutenak eta logelak alokatzen dituztenak.

Noiz arte eska daiteke luzamendua?

Aldaketarik ez bada, apirilaren 28ra arte, dekretua bertan behera geratu arte. Egun horretan egingo dute bozketa Espainiako Kongresuan. Beraz, kontratua hilabete batzuk barru amaitzen bada ere, komeni da luzamendua orain eskatzea.

Eta gero, zer?

Hor dago eztabaida; ez dago argi zer gertatuko den. Sumarren eta Maizterren Sindikatuen Konfederazioaren arabera, dekretua bertan behera geratzen bada ere, indarrean dagoen bitartean eskatutako luzamenduak derrigorrez bete beharko dira, eskatzen direnean indarrean dagoen legedia baita agintzen duena. 

Etxejabeen zenbait erakunderen eta abokaturen iritziz, ordea, arauak beste interpretazio batzuk ere izan ditzake, eta, dekretua bertan behera geratzen denean, epaitegietan argitu beharko dira luzamenduek eragindako gatazka asko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA