Irakurri serie honetako artikulu guztiak
AHTak herrietan edukiko duen eragin handiak kezkatuta, tren sozialaren aldeko hainbat talde tren lasterraz bestelako aukera baten alde mugitzen hasi ziren 2010eko hamarkadaren amaieran. 2021ean, trenaren aldeko akordioa sinatu zuten Arabako, Nafarroako eta Burgosko (Espainia) hainbat taldek, trenbideetako sindikatuek eta beste eragile batzuek. Diru bilketa baten bidez, alternatiba teknikoa lantzeari ere ekin zioten, eta hiru ingeniariri eskatu zieten lan hori egiteko. 2022an argitaratu zuten emaitza. Geroztik, alternatiba hori eskuan, erakundeetara eta kalera jo izan dute Trenaren Aldeko Alternatibako kideek eta taldeek.
Ikusi gehiago
AHTaren aurkako azken mobilizazioen artean jendetsuenak talde horiek deitutakoak izan dira. Nafarroan eta Araban egin dituzte, zehazki. Iñigo Leza Trenaren Aldeko Alternatibako kidearen ustez, Burgosen, Gasteizen, Iruñearen eta Cortesen arteko trenbideak egokitzea 2.000 milioi euro merkeagoa litzateke egungo trenbide azpiegiturak hobetu eta eguneratuta, AHT lerro berria eraikita baino. Haiek proposatutako alternatiba teknikoaren arabera, trenek orduko 160 kilometroko abiadura hartuko lukete: «Guk uste dugu egungo trenbidea indartu behar dela Gasteizen eta Iruñearen artean mugitzen den jende andanarentzat, eta ez herriak bazterrean utziko dituen azpiegitura bat egin».
Izan ere, aldirietakoak eta distantzia ertainekoak dira tren gehienak (%94), baina ahalegin ekonomikorik handienak gainerako %6entzat izaten direla uste dute tren sozialaren aldekoek. «Gehiengoa ibiltzen den trenbide horietan erabili behar da dirua, eta, AHTa pasatzea nahi bada, egungo bideak egokitu beharko dira horretarako, baina egungo trenbideei eutsita». Azken finean, Lezak dio ez daudela makinen aurka, baizik eta beste azpiegitura bat egitearen aurka. Nafarroaren eta Euskal Y-aren arteko loturarako ere balio du horrek. «Uste dut eztabaida faltsua dela. Erabakia dute lotura hori Gasteiztik egitea, baina iragarpena atzeratzen ari dira, EAJ ez haserretzeko».
«Gehiengoa ibiltzen den trenbide horietan erabili behar da dirua, eta, AHT pasatzea nahi bada, egungo bideak egokitu beharko dira horretarako»
Ez daude pozik ikusita instituzioek nola kudeatu dituzten taldearen alternatibaren ingurukoak. Bere garaian, herri alternatiba teknikoa garatzeko 200.000 euroko diru sail bat ezartzea adostu zuten EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak, eta aurrekontuetan onartu. Baina geroztik diru horrekin ez dute «ezer egin», Lezak salatu duenez. EH Bildu eta Podemos taldea proiektuaren alde azaldu izan dira, eta haiei egin die kritika Lezak: «Ikusten dugu ezkerreko alderdi horiek Madrilgo eta Nafarroako gobernuak babesten ari direla, baina ez direla gai gobernu horiek baldintzatzeko auzi hau serio har dezaten, eta marra gorri gisa erakusteko, nahiz eta herritarren eta sindikatuen babesa izan».
Lezak uste du hala egingo balute trenbide politikak nabarmen aldatuko liratekeela. Hain zuzen, gogoratu du eredu hori beste toki batzuetan gauzatu dutela: «Adibidez, Asturiasen Pajaresko tunela egin zuten, baina, Gijonekin lotzeko, egungo trenbidea berritzen ari dira orain. Euskal Herrian ere egin ahal izango litzateke hori». Besteak beste, Sakanako udal eta herri ordezkari askok babestu dute Trenaren Aldeko Alternatiba. Alternatibak nabarmen eragingo lieke haiei, Nafarroako korridorearen eta euskal Y-aren arteko lotura handik igaroko bailitzateke.