AHT-aren lanek 20 urte (eta VI)

Puzzlearen piezak lotu ezinda

'Euskal Y'-a izan zen Euskal Herrian eraikitzen hasi ziren abiadura handiko tren baten lehen proiektua. Hura beste zenbait adarrekin batzea da asmoa, baina zailtasunak dituzte puzzlearen piezak elkarri lotzeko.

Protesta bat Beasainen, 'euskal Y'-a Nafarroako AHTarekin Aralarren barrena lotzeko egiten ari diren zundaketen aurka. JON URBE / FOKU
Protesta bat Beasainen, 'euskal Y'-a Nafarroako AHTarekin Aralarren barrena lotzeko egiten ari diren zundaketen aurka. JON URBE / FOKU
inaki petxarroman
Donostia
2026ko abuztuaren 30a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

Agindu zuten udaberrirako argituko zutela non lotuko dituzten elkarrekin AHT abiadura handiko trenaren euskal Y-a eta Nafarroako korridorea. Jose Antonio Santano Espainiako Gobernuko Garraio idazkariak apirilean Iruñera egindako bisita batean esan zuen udaberrirako jakinaraziko zutela bi aukeretako zein hautatu zuten, Ezkiora (Gipuzkoa) Sakanatik iritsiko litzatekeena, edo Sakanatik Gasteizera joango litzatekeena. Asteak igaro ziren, baina, eta adierazi zuten udaberrirako iragarri zuten erabakia udazkenera edo 2027aren hasierara bitarte atzeratuko zutela, argudiatuta Aralarren egiten ari diren katak eta ikerketa geologikoak nahi baino gehiago luzatzen ari direla.

Urteak dira bi aukera horietako zein hobetsiko duten argitu nahian dabiltzala. 2018an argitaratu zituzten euskal Y-a eta Nafarroako korridorea lotzeko bi aukerak. H alternatiba deiturikoa aterako balitz aurrera, Ezkio-Itsasotik Sakanaraino 21 kilometroko tunel bat eginda lotuko lituzkete bi trenbideak. Tunel horrek hegotik iparrera zulatuko luke Aralar, eta 1.705 milioi euroko aurrekontua izango luke. Bestea
V alternatiba deiturikoa da, eta, hura hautatuz gero, Sakanan barrena lotuko lituzkete Iruñea eta Gasteiz, trena lurpean sartu gabe. Proiektu hori askoz merkeagoa litzateke —aurreikusi dute 580 milioi euroko aurrekontua beharko litzatekeela— eta, ingurumenari dagokionez, dezente kalte txikiagoa eragingo luke.

Hain garbi egonda bigarren aukera merkeagoa dela eta kalte gutxiago eragingo lituzkeela, agintariak zergatik ari dira haren aldeko ebazpena atzeratu eta atzeratu? Erabakia Madrilen esku dago, Garraio Ministerioaren esku, hain zuzen ere. Eta hango agintariak behin baino gehiagotan azaldu dira V alternatibaren alde. Oscar Puente Garraio ministroak berak 2025ean adierazi zuen aukera hori «bideragarriagoa» dela. EAJ, oro har, Araba Buru Batzarra kenduta, Ezkio-Itsasoko loturaren alde agertu izan da, H alternatibaren alde, alegia. Eta horrek presioa eragin du, nonbait, Madrilen. Kolore bateko eta besteko politikarien hizpide bihurtu da gaia azken urteotan. Arabako PSE-EEko idazkari nagusi Javier Hurtado mintzatu zen argien: «Arabatik egingo da, edo ez da egingo».

Kontrako aldean, EAJren Gipuzkoako ordezkariek hitz egin izan dute sutsuen Ezkio-Itsasoko loturaren alde. Esate baterako, Eider Mendoza ahaldun nagusiak. Bazterrera utzi ezinezkotzat jo zuen proiektu hori, eta, Arabako PSE-EEko idazkari nagusiari kontra eginez, hau adierazi zuen: «Ezkio-Itsasotik egingo da, edo ez da egingo».

Egitasmoari xeheki erreparatu dioten adituekin kontsulta eginda, baina, gehienak bat datoz: lotura hori, egitekotan, Sakanan barrena egingo da. Haien arabera, Madrilek erabaki hori hartuta dauka, eta agertoki politiko egokiaren zain dago hori iragartzeko. Hala bada, iragarpena egiteko garaia ez da iritsi, nonbait.

Bitartean, Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria «etsita» azaldu zen ekainean Espainiako Garraio Ministerioarekin, eta eskatu zion «etxeko lanak» lehenbailehen egiteko, «Euskadi ez dadin filmeko ahatetxo itsusia izan». Ofizialki, Eusko Jaurlaritzak 2018an egin zuen txosten bat Ezkio-Itsasoko aukeraren alde. 2025ean Vocento taldeko egunkariei emandako elkarrizketa batean, Pradalesek berretsi zuen alternatiba horren alde dagoela. Hala ere, azken agerraldietan ez dio halako garrantzirik eman zein loturaren alde dagoen azaltzeari, eta indar handiagoa jarri du lotura bera egiteko eskarian.

Lapurdiko irteera, kolokan

Imanol Pradalesek etsipena azaldu zuen agerraldi horretan bertan, eta Lapurdiko lotura ere aipatu zuen aldarte horren arrazoi gisa. Izan ere, gogorarazi zuen Parisek bizkar eman diola euskal Y-arekiko lotura egiteko lanak azkartzeari. Antzeko mezua bidali zion Frantziako Gobernuari 2025eko abenduan Bordelen egindako agerraldi batean, Alain Rousset Akitania Berriko presidentea ondoan zuela. Kontua da Ipar Euskal Herrian AHTaren proiektuak babes apala duela. 2021ean, Euskal Hirigune Elkargoko hautetsien %78 tren lasterra egitearen aurka agertu ziren. Azken bi lehendakariak, Jean Rene Etxegarai eta Alain Iriart, proiektuaren aurka azaldu dira jendaurrean. Eta Parisek adierazi du bederen 2042a izango dela lehen trenak Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugara iristerako. Pradalesek Frantziako Gobernuari egotzi zion «aukera ezin hobea» alferrik galtzea «lehiakortasunaren, logistikaren eta pertsonen garraioaren ikuspegitik». Gainera, ez dirudi Brusela ere oso konbentzituta dagoenik AHTaren lerro berriaren egokitasunaz. Esaterako, 2020an babesa erakutsi zion CADE kolektiboak aurkeztutako proposamen bati, eta, hartan, proposatzen zuten lerro berria egitea baztertu eta egungo trenbidea zaharberritzea.

Aurreratuxeago dago Arabatik Burgosera doan AHTaren egitasmoa. Burgosko probintziako zenbait zatitan lanean ari dira jadanik, eta 2026an lizitatu nahi dituzte falta diren zati guztiak, tartean Arabako lurretan egin behar dituzten hirurak. Adifen helburua da datorren urtean Burgos eta Gasteiz arteko azpiegitura osoaren lanak martxan egotea. Ameyugo-Miranda-Manzanos zatia eraikitzen ari dira jadanik. Zati horretan sartzen da proiektua Araban. Otsailean lizitatu zituzten Manzanos (Burgos) eta Argantzon (Araba) arteko tartea, eta desjabetzeak egiten ari dira Argantzon eta Iruña Oka artekoan. Zati hori lotuko litzateke gero Gasteizekin eta euskal Y-arekin.

Atzeratuago dago Castejonen eta Zaragozako mugaren arteko lotura. Aurrera ateraz gero Nafarroan 45 kilometro egingo lituzkeen tarte horretako proiektua azterketa fasean dago oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA