Ozen entzun ziren atzo AHTaren kontrako oihuak Altsasun (Nafarroa). Laurogei pertsona inguru bildu ziren, Foruen plazan, herrian AHTaren zulaketak hasi direla salatzeko. Stop AHT Zundaketak plataformak deitu zuen protestara, eta asmoa zen Foruen plazatik zulaketa guneraino joatea, baina Guardia Zibilak eta Foruzaingoak manifestazioa geldiarazi zuten ikastolaren inguruan.
Protesta abiatu aurretik, AHTaren garapenari buruzko batzar informatiboa egin zuten plazan, Iñigo Aritza ikastolatik hurbil zulaketak abiatu zituztela jakinarazteko. Horren ostean, udaletxeko plazatik abiatu ziren bat-bateko manifestazioan, zulaketak egiten ari diren tokirantz. Alabaina, ezin izan ziren iritsi obra zegoen lekura: Iñigo Aritza ikastolaren bueltan, Guardia Zibilaren hamar patruilak eta Foruzaingoaren beste bik geldiarazi zuten martxa, taldeak jakinarazi duenez.
Batzarrean azaldu zutenez, zulaketak astelehenean hasi zituzten, eta segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte. Eragilearen arabera, etenik gabe dabiltza lanean, gauez ere bai, eta zulaketen inguruan galdezka joan diren zenbait herritar identifikatu dituzte jada. Guardia Zibilak egin ditu identifikazioak, baina salatu dute Polizia une oro ari dela lan eremua zaintzen.
Mobilizazioan ere tentsio uneak izan ziren. Antolatzaileen esanetan, Guardia Zibilak parte hartzaileetako bat identifikatu zuen. Salatu dutenez, gainera, agenteek manifestazio osoa grabatu zuten.
Stop AHT Zundaketak taldeak gogor kritikatu du zulaketa, «Sakanako, Goierriko eta Itzako herritarren gehiengoaren borondatearen aurka» abiatu dutelako. Horregatik, datozen egunetan egingo diren mobilizazioekin bat egitera deitu dituzte herritarrak.
Zehazki, ohartarazi dute lanek aurrera jarraituz gero gaur beste batzar informatibo bat egingo dutela, Altsasuko Foruen plazan, 20:00etan.