Amaia Agirre ez da berriro Getxoko alkategai izango

Irurak Bat jauregia eraisteari buruzko auziak markatu du alkate jeltzalearen bigarren eta azken agintaldia: EAJko hiru zinegotzi kargutik kendu dituzte, eta beste zazpi pertsona inputatu ditu Getxoko 2. Instrukzio auzitegiak.

Amaia Agirre Getxoko alkatea, urtarrileko osoko bilkuran. ARITZ LOIOLA / FOKU
Amaia Agirre Getxoko alkatea, urtarrileko osoko bilkuran. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Getxo
2026ko apirilaren 13a
19:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren agintaldia du Getxoko (Bizkaia) udalean Amaia Agirre alkateak, baina ez du hirugarrenik izango. Agintariak alderdikideei jakinarazi dienez, ez da EAJren alkategaia izango 2027ko udal hauteskundeetan. Azken urteetan, Irurak Bat jauregia eraisteari buruzko auzia egon da eztabaida politikoaren erdigunean Uribe Kostako udalerri horretan: oposizio guztiak kargua uzteko eskatu zion urtarrilean, baina Agirrek aurrera egitea erabaki zuen. EAJk esan duenez, «laster hasiko da» Getxoko alkategaia aukeratzeko prozesua.

Gutun batean, Agirre alderdikideei zuzendu zaie, jakinarazteko 2027ko hauteskundeetan ez dela Getxoko alkatetzarako hautagai izango. Esan duenez, «erabaki pertsonal bat» da hartutakoa, «erraza izan ez dena, baina bai sakon hausnartutakoa».

«Legealdi hau amaitzean etapa bat itxiko dela sentitzen dut udalaren gidaritzari dagokionez. Getxo hazarazten jarraituko duten pertsona berriei, begirada berriei eta bulkada berriei bidea irekitzeko garaia dela uste dut», gehitu du. Hala ere, agintaldia amaitu artean «azken egunera arte lan egiten» jarraituko duela nabarmendu du.

Oposizioko alderdiek duela hiru hilabete eskatu zioten kargua uzteko, Irurak Bat jauregia eraisteari buruzko auzia tarteko. Elkarrekin-ek mozioa aurkeztu zuen urtarrileko osoko bilkuran haren dimisioa eskatzeko, eta aurrera atera zen, PPk eta EH Bilduk alde bozkatuta. Hala ere, Agirrek Getxoko Udalaren buru izaten jarraitzea erabaki zuen. «Getxorekin eta gure proiektu politikoarekin dudan konpromisoak tinko dirau», berretsi du gaur.

«Udalerria eraikitzen»

Irurak Bat jauregiaren eraisketagatik auzipetutako EAJko hiru zinegotziak kargutik kentzea ere erabaki zuen Udalbatzak, urtarrileko osoko bilkuran.

Eraikin hori Getxoko ondare historikoaren parte zen, eta 2024ko abuztuan eraitsi zuten, luxuzko etxebizitzak egiteko. Biurban etxebizitza kooperatibak eraitsi zuen, eta EAJren bederatzi zinegotzietatik bi bertako bazkide ziren. Getxoko 2. Instrukzio auzitegiak auzi horrekin lotuta hamar pertsona inputatu ostean —tartean EAJko hiru zinegotzi horiek— etorri ziren dimisio eskaerak. Ikusteko dago oraindik noiz deituko dituzten deklaratzera.

Agirreren ustez, ordea, «[EAJren] proiektua indartzen jarraitzeko garaia da, etorkizuna duen udalerri kohesionatu eta modernoa eraikitzeko bidean».

Alkateak eskerrak eman dizkie alderdikideei urte hauetan guztietan emandako «laguntza eta konfiantzagatik, eta egindako lan guztiagatik»; eta adierazi die egindako bidea haiei guztiei esker posible izan dela, «eta hala izaten jarraituko duela».

Iǹƒigo Ansola EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, berriz, Agirreri eman dizkio eskerrak, «egindako lanagatik eta agintaldian izandako konpromiso eta inplikazioagatik». EAJk esan duenez, «laster hasiko da» Getxoko alkategaia aukeratzeko prozesua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA