Epaileak Amaya Zabarteren auzia itxi du

Zabartek aukera du Iker Sarriegi abokatuaren laguntzaz helegitea aurkezteko. Epaileak ziurtatu du «ezinezkoa» dela jakitea Ertzaintzaren foam jaurtigai bat izan ote zen emakumeari buruan zauri larria eragin ziona.

Novoa, Zabarte eta Sarriegi abokatua, Donostiako epaitegira sartzen, artxiboko argazki batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Novoa, Zabarte eta Sarriegi abokatua, Donostiako epaitegira sartzen, artxiboko argazki batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
xabier martin
2026ko martxoaren 24a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Instrukzio epaitegiko epaile Ana Isabel Perez Asenjok Amaya Zabarteren auzia ixteko agindua eman du. Akusazioak haren erabakiaren berri izan du jada. BERRIAk epailearen ebazpena eskuratu du, eta haren deliberazioaren oinarrian instrukzio fasean deklaratu duten ertzainen testigantzak daude. Zabartek aukera du helegitea aurkezteko Iker Sarriegi abokatuaren laguntzaz. Bihar bukatuko da hori egiteko epemuga, eta segurua da defentsak helegitea aurkeztuko duela. Kontua da Perez Asenjo berak erabakiko duela helegite horren inguruan; hau da, auzia dagoeneko bi aldiz itxi duen epaileak. Hala ere, helegitea aintzat hartuko ez balu, Zabartek aukera izango luke apelazio helegite bat jartzeko Probintzia Auzitegian.

Esan beharrik ez dago: Zabarteren eta haren familiaren atsekabea oso handia izan da. 2024ko martxoaren 5ean, Realak eta Paris Saint Germainek Anoetan jokatu zuten Txapeldunen Ligako partidaren atarian, Ertzaintzak larri zauritu zuen foam jaurtigai bat botata eta ostikoz buruan jota. Zabarte telefono seinale bila zebilen Errondo pasealekuko errepide arteko lorategi estu horretan, inolako istilutan parte hartu gabe; baina, azkenean, ospitaleratu behar izan zuten, buruan kolpe latz batek eragindako zauri larriengatik, eta haren bizitza arriskuan egon zen, kaskezurra bi lekutan hautsi baitzitzaion.

Familiak harriturik izan da hasieratik ikusita nola eraman duen auzia Perez Asenjo epaileak. Zabarteren eta haren abokatu Sarriegiren arabera, gertatutakoa oso argia eta oso larria da, eta epaileak ikerketa sakona egin behar zuen Ertzaintzak izan zitzakeen erantzukizunak argitzeko, baina ez zuen halakorik egin. Urtebete baino gehiago igaro zen Zabarteren deklarazioa eskatu zuen arte, 44 urteko emakumea hiltzeko zorian egon zen arren. Hamar minutuko galdeketa egin zion ondoren, eta, Sarriegik salatu zuenez, apenas altxatu zuen burua haren ordenagailutik.

Epailearen jarrera 

Urtarrilaren bukaeran, 2024ko martxoaren 5eko arratsalde hartan gertakarien lekuko izan zen emakume batek epailearen aurrean ziurtatu zuen ikusi egin zuela nola ertzain batek ostikoz jo zuen Zabarte. Grabatutako zenbait iruditan ere ostiko horren zantzu argiak daude.

Anoetako Topoaren geltokiaren inguruan tiro hots handia entzun zuela esan zuen lekukoak, eta segidan emakume bat lurrera erortzen ikusi zutela. Amaya Zabarte zen: telefono seinalearen bila zebilen Errondo pasealekuan, Ertzaintzaren oldarraldiak harrapatu zuenean. Zabarte lurretik jaiki, eta bi neskarengana hurbildu zen, «zorabiaturik edo»; lurrera erori zen berriro, lekukoak azaldu zuenez, eta, orduan, ertzainak iritsi ziren: «Bultzatu egin zuten, eta ostikoa eman zioten», esan zuen lekukoak, Sarriegik kontatu zuenez. Hori ikusita, lekukoa eta harekin zegoen laguna Zabarterengana joan ziren, «laguntza eskaintzera», eta emakumeak esan zien «buruan pilotakada bat» jaso zuela. «Burualdearen ezkerraldea» seinalatu zuen Zabartek, zauriak izan zituen eremua, alegia.

Perez Asenjo epailea «oso zorrotz eta erasokor» aritu zen lekuko gaztearekin, Sarriegik ziurtatu zuenez, «xehetasun txikienei buruz» galdezka. Duela bi urte eskatu zioten epaileari lekukoaren deklarazioa hartzeko, eta gero xehetasunez jakin nahi izan zuen ostiko bat zer den harentzat, esaterako, eta «oso estu hartu» zuen lekukoa. Testigantza amaitzean, 19 urteko gaztea negarrez atera zen, aretoan sentitu zuen tentsioagatik.

Batera edo bestera, auzian deklaratu duten ertzainen lekukotzek gehiago balio izan dute, antza, epailearen azken deliberazioan. Anoetako oldarraldian jaurtigaiak botatzeko ardura izan zuten sei ertzain aritu ziren Perez Asenjoren aurrean ikertu gisa, eta beste lau testigu bezala. Horietako batzuek esan zioten epaileari ez direla gogoratzen non jaurti zituzten foam balak, eta beste batzuek ziurtatu zuten Olaeta kalean ez zituztela jaurti. Ertzainekin oso bestelako jarrera izan zuen epaileak, abokatuak salatu zuenez: «Alfonbra gorria jarri die». Orain, orri eta erdiko ebazpen batean, epaileak ziurtatu du «ezinezkoa» dela jakitea Ertzaintzaren foam jaurtigai bat izan ote zen emakumeari buruan zauri larria eragin ziona. Eta, gainera, zalantzan jarri du ertzain batek Zabarte ostikoz jo izana. Epaileak dio auzi medikuaren txostenak ez duela argitzen «zaurien arrazoia» zein izan zen, «ezta kolpearen objektua zein izan zen ere».

Auziak artxibatzeko joera

Gogoratu behar da familiak jarritako lehenengo salaketak ez zuela aurrera egin, epaile berak artxibatu egin zuelako. Gero, ordea, auziak bigarren aukera izan du, epaileak ikerketa bat abiarazi behar izan zuelako, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hala aginduta.

Zabarte ez zen egun hartan foam jaurtigaiekin zauritutako emakume bakarra izan. Beste bi emakumek ere salaketak jarri dituzte, eta haien auziak aurrera doaz oraingoz. Maria Martin gaztea, adibidez, zain dago epaileak erabaki bat noiz hartuko, ertzain batzuek dagoeneko deklaratu baitute.

Bi auzi horiez gain, Perez Asenjo epaileak badu beste salaketa bat ere mahai gainean, hirugarrena, hura ere Anoetako Ertzaintzaren oldarraldi horrekin loturik. Iazko hondarrean jakin zen Realaren eta PSGren arteko Txapeldunen Ligako partidaren atarian Ertzaintzaren SIR-X jaurtigai batek lepoan jo zuela beste emakume bat eta hark gordeta daukala jaurtigaia. Hasieran, salaketa bat jarri zuen Donostiako Udaltzaingoan, baina, kontua auzitara iritsi zenean, Perez Asenjo epaileak hura artxibatzea agindu zuen, eta abenduan biktimak beste salaketa bat jarri zuen Donostiako epaitegian, auzibidea atzera zabal zedin; hark ere Iker Sarriegi abokatuaren esku utzi du auzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!