Salaketa bat jarri du Ertzaintzaren Anoetako oldarraldiaren beste biktima batek, hirugarrena

Anoetatik oso gertu paseoan zebilen emakume bat da, 50 urte ingurukoa. 20:15 aldera tiro bat entzun zuen, eta foam jaurtigai batek lepoaren atzealdean jo zuen. Kolpearen ondorioz oreka galdu, eta lurrera erori zen ia. Gordeta dauka SIR-X foam jaurtigaia.

Ertzaintza Anoeta inguruan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Ertzaintza Anoeta inguruan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2025eko abenduaren 1a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezagunak direnez gain, behinik behin beste biktima bat utzi zuen Ertzaintzaren oldarraldiak Realaren eta PSGren arteko Txapeldunen Ligako partidaren atarian, 2024ko martxoaren 5ean, hirugarrena. SIR-X jaurtigai batek lepoan jo zuen emakume bat, eta hark gordeta dauka jaurtigaia. Anoeta inguruan larri zauriturik gertatu ziren egun horretan Amaya Zabarte eta Maria Martin, foam jaurtigai batek buruan jo zituelako. Bada, beste emakume bat ere jo zuen jaurtigai batek lepoan; hasieran salaketa bat jarri zuen Udaltzaingoan, baina kontua auzitegira iritsi zenean, Ana Isabel Perez Asenjo epaileak hura artxibatzea agindu zuen, eta orain biktimak beste salaketa bat jarri du Donostiako epaitegian, auzibidea atzera zabal dadin; Iker Sarriegi abokatuaren esku utzi du auzia.

Zabarteren eta Martinen auzibideetan ere Sarriegi da abokatua, eta bataren zein bestearen auziak aurrera doaz epaitegietan. Ez trabarik gabe, ordea. Izan ere, Perez Asenjok bi salaketak artxibatu zituen, baina auziak berriro zabaltzeko agindu zion epaileari Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, eta dagoeneko deklarazioak hartzen ari da. Datorren ostiralean, kasurako, Amaya Zabarteren auziarekin loturik, sei pertsona ariko dira testigantzak ematen, bost ikertu gisa eta seigarrena lekuko bezala. Denak dira ertzainak.

Horiek horrela, gaurtik aurrera iazko martxoko polizien oldarraldi hartan zer gertatu zen argitzeko beste fronte bat izango du mahai gainean Perez Asenjo epaileak, beste salaketa bat jarri baitu hirugarren biktimak; 50 urte inguruko emakumea da, A.U. inizialekoa. Oraingoz nahiago du jendaurrean ez azaldu, baina salaketan kontatu du bikotekidearekin paseoan zebilela Anoetatik oso gertu. Armerien plaza inguruetara sartzen ari zen, teilape batzuetatik aurrera, Sacha tabernaren parean, 20:15ean gutxi gorabehera; halako batean, tiro bat entzun zuen, eta foam jaurtigai batek lepoaren atzealdean jo zuen. Kolpearen ondorioz oreka galdu, eta lurrera erori zen ia. Realaren bufanda bat zeraman, baita beroki lodi bat ere, eta arropak apur bat babestu zuen kolpetik. Foam jaurtigaia berokiaren txanoan gelditu zen, eta emakumearen senarrak hartu zuen. Gordeta daukate: SIR-X bat da.

Ertzaintzak foam jaurtigaia eskatu du

A.U. inizialeko emakumeak kalkulatu du 50 metro inguruko distantziara egin ziotela tiro. Egun horretan bertan salaketa jarri zuen Donostiako Udaltzaingoan, eta, salaketa hori epaitegira iritsi aurretik, Ertzaintzaren deia jaso zuen, Barne Arazoetarako sailetik. Gertatutakoaz galdetu zioten, eta foam jaurtigaia Ertzaintzari emango ote zion galdetu. Biktimak uko egin zion eskaera horri, eta bere eskuetan da oraindik foam jaurtigaia.

Iker Sarriegi abokatua zera aztertzen ari da: Amaya Zabarteren, Maria Martinen eta A.U.-ren auziak auzibide bakar gisa kudeatu ahal izateko eskaera egitea epaileari

Iker Sarriegi abokatuak esan du aztertzen ari dela Zabarteren, Martinen eta A.U.-ren auziak auzibide bakar gisa kudeatzeko eskaera egin ala ez. Epaitegian, Zabarteren eta Martinen auzibideak bidea egiten ari dira, nork berea. Sarriegik dio bereizirik ikertuta zailagoa zaiela biktimei aurrera egitea euren justizia eskaeretan. Foam jaurtigaiak lepoan jotako emakumearen lehen salaketa artxibatu egin zuten, argudiatuta ez zegoela egile ezagunik, epailearen arabera. Baina orain ertzain batzuk deklarazioak egiten ari dira epaitegian, Zabarteren eta Martinen auzibideen harira, eta 50 urte inguruko emakumearen auzia atzera irekitzeko arrazoi nahikoak daudela sinetsita dago abokatua.

Gauzak horrela, azken hilabeteetan nabarmen luzatu da ustez ertzainen foam jaurtigai batek buruan jotakoen zerrenda. Anoetako inguruetan zauritutakoez gain, hor daude Xuhar Pazosen auzia eta Aritz Ibarrarena ere. Pazosi begi bat larri zauritu zioten Tolosako 2024ko inauterietan; Ibarra, berriz, aurpegian jo zuen ertzain baten foam jaurtigai batek joan den urrian, Gasteizen, Falange Espainolaren elkarretaratzearen kontrako protestetan, eta, Ibarrak salatu duenez, masailezurra hautsi zioten. Ertzaintza Ibarra ikertzen ari dela jakinarazi du zaurituak berak, eta hiru delitu egotzi dizkiotela. Horrez gain, 33 urteko beste gizon batek barrabil bat galdu zuen aurtengo apirilean, Ertzaintzak Bilboko Errekalde auzoan jaurtitako foam jaurtigai baten ondorioz. Etxarri II gaztetxea hustearen aurka protestan ari zen gizon hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.