jon olano

Bi datu EITB Focusetik

2024ko martxoaren 21a
10:10
Entzun

Hauteskundeen emaitzen inguruko azterketak EAJ baino gazteagoak dira, baina EH Bildu, PSE-EE, PP, EP eta Sumar baino zaharragoak. Bigarren Mundu Gerraren atarian hasi ziren aurrenekoak, baina gerraostean hasi ziren orokortzen, lehen premisa batekin: aztertzea nola eragiten duten hauteskunde kanpainek boto aukeran. Azterketa horietan ez zuten espero zutena baieztatu: ondorioztatu zuten kanpainek eta hedabideek eragin eskasa zutela botoa aukeratzean. Ondoren etorri zen Michigango eskola, eta, 1960ko hamarkadan, The American Voter liburuak ezarri zuen gaur egungo inkestagintzaren paradigma: oinarrizko tesia da jokabide politikoa epe luzerako faktoreetan ainguratuta dagoela, eta epe laburreko faktoreek modulatzen dutela. Hor dago eztabaida oraindik ere. Modulatze horretan, tresna ezinbestekoa bilakatu dira estrategia politikoa zehazteko orduan: mezua eraikitzeko, geografiara egokitzeko, arrantzarako putzuak antzemateko, zalantzatiak detektatzeko, hautagaiaren egokitasuna neurtzeko. Iritzi publikoaren isla, beraz, baina baita hura moldatzeko lanabes ere.

Gatozen Euskal Herrira, latitude hauetan ere inkestagintza urrezko aroan baita azkenaldian; hauteskunde emaitzekiko espektatibak eraikitzeaz gain, interesa sortzen dute bere horretan. Datu saldoa eman du EITB Focus inkestak bere neurketan. Nabarmentzeko, bi:

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak zein alderdirekin datoz bat ideologikoki? Atal horretan, sorpasso-rako joera argia da: ez da berria atxikimendu ideologiko gehien lortzen duen alderdia EH Bildu izatea —urtarrilean hala iragarri zuen—, baina distantzia handitzen ari da. Bilakaera, horra: duela 10 hilabete, EAJ sei puntu EH Bilduren gainetik zegoen, baina dezimak galtzen ari da inkestatik inkestara, eta EH Bilduk zortzi puntu irabazi ditu, %18,4tik 26,5era. Baikortasunerako motibo gehiago bilkideentzat: hilabete falta delarik, gero eta ezagunagoak dira EAJko eta EH Bilduko lehendakarigaiak —biak igo dira hamar puntu bi hilabetean—; baina ezagutza horrek mesede egin dio Otxandianori EITB Focus batetik bestera: balorazioan Pradales aurreratu duelako (6.0) eta, batez ere, 5etik gorako puntuazioa ematen diotenen portzentajea sei puntu igo delako, baloraziorik onena duen hautagaia izateraino. Azken bat: Otxandiano nagusi da 50 urtetik beherakoen artean, eta Pradales hortik gorakoen artean; kontuan izatekoa apirilaren 22tik aurrera. Olatuez harago, itsaslasterrak ari dira mugitzen.

Bi: boto transferentzia. EH Bilduk boto emailerik fidelena du, duela lau urte haren alde egin zuten hamarretik bederatzik berriro emango diotelako botoa, eta beste alderdi ia denei botoa eman zietenen artean ageri da pusketaren bat EH Bilduren alde: Podemosekoen %16,3, EAJkoen %7,7, PSE-Eekoen %4,7, abstentzionisten %10. Gainerakoen artean, transferentzia oso urriak ageri dira, eta zalantzati ageri direnak mugitu ditzakete gehien alderdiek; 2020n EAJ babestu zuten bostetik batek ez daki oraindik zer egingo duten datorren hilabetean, ezta PSE-Eeri botoa eman zioten lautik batek ere, eta zer esanik ez Elkarrekin Podemosen boto emaile izan zirenek: botoa berriro ere aurreko aldietan botoa eman zieten berberei emango dietenak adina dira Sumar lehenetsiko dutenak eta ia hirutik batek oraindik ez daki nor bozkatuko duen.

Boto transferentzian, ordea, bada paradoxa bat; EITB Focusek dio PPk 2020ko emaitzak hobetuko dituela eta, are, duela bi hilabeteko inkestak iragarritakoa baina emaitza hobea izango duela. Baina boto transferentzietan, PP ez da inondik inora ageri; ezein alderdiren boto emaile ohiek ez dute aitortzen oraingoan Alderdi Popularraren abarora joango direnik, eta PP bera babestu zuten hirutik batek ez du gaur-gaurkoz esaten botoari eutsiko dionik. Baina inkestak hazkundea eman diezaion, nonbaitetik atera behar dira boto horiek; eskuin unionistaren botoa metatzetik edo EAJren nahiz PSEren zalantzatietan ezkutatzen direnen artetik. Inkesta batean baino gehiagotan errepikatzen den joera da; historikoki Euskal Herrian Espainiako eskuinari botoa emateak sor dezakeen estigmak eragin izan du boto hori inkestatzaileari ez aitortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.