Eserleku kopuru bera EAJrentzat eta EH Bildurentzat, EITB Focusen arabera

Hedabide publikoak Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen harira eginiko inkestaren arabera, Pello Otxandiano da lehendakarigai gogokoena.

 Eusko Legebiltzarreko irudi bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eusko Legebiltzarra. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko martxoaren 21a
10:05
Entzun

EAJren eta EH Bilduren arteko lehia estua iragarri zuten EITB Focusen urtarrileko inkestan, Eusko Legebiltzarreko bozetarako boto asmoari buruz egindako galdeketan; eta lehia are estuagoa iragarri dute orain. Bildutako datuen arabera, bi alderdiek legebiltzarkide kopuru bera lortuko dute apirilaren 21ean: 27-28. Inkestan iragarritakoa beteko balitz, EAJk hiru edo lau eserleku galduko lituzke, eta EH Bilduk sei edo zazpi irabazi. Botoa emateko asmoa dutenen %20k ez dute erabaki noren alde egin. Erabakigarria izango da haien boza. Bizitokia Araba, Bizkai edo Gipuzkoan duten 1.800 herritarrei egin diete galdeketa, martxoaren 8tik 14ra bitartean, telefonoz.

Inkestaren arabera, EAJk eserleku bat edo bi galduko ditu Araban, bat Bizkaian, eta beste bat Gipuzkoan. EH Bilduk, berriz, bi edo hiru irabaziko ditu Araban, bi Bizkaian, eta beste hainbeste Gipuzkoan. Boto ehunekoari erreparatuta, EAJk duela lau urte baino 3,1 puntu gutxiago eskuratuko ditu. Halere, boto ehunekoan nagusi da, botoen %36 bilduko baititu, iragarpenen arabera. EH Bilduk, berriz, 2020ko hauteskundeetan baino ia bost puntu gehiago lortuko ditu: %32,7.

Gainerako alderdiei dagokienez, baliteke PSE-EEk egun baino eserleku bat gehiago lortzea, 11. Inkestak dioenez, PPk ere beste legebiltzarkide bat lortuko du, eta zazpira iritsi. Elkarrekin Podemos sei eserlekutik bira igaroko litzateke. Vox, berriz, legebiltzarretik kanpo geratuko da, orain duen ordezkari bakarra galduta. Sumar ez da sartuko legebiltzarrean.

Urtarrileko datuek adierazi bezala, Imanol Pradales (EAJ) eta Pello Otxandiano (EH Bildu) lehendakarigaiak dira faboritoak. Halere, oraingoan Otxandianok aurrea hartu dio Pradalesi: %26,1eko babesa lortu du lehenak, eta %26koa bigarrenak. Faboritoetan hirugarrena Eneko Andueza (PSE-EE) den arren, oso urrun geratu da: %4,1. Gainerako hautagaiek ez dute %2ko babesik ere eskuratu. Balorazioan ere, koalizio subiranistaren lehendakarigaiak du kalifikaziorik onena: sei puntu lortu ditu Otxandianok, eta 5,9 Pradalesek. Beste bostek, berriz, ez dute gainditu.

EH Bildu, gora

EH Bilduk lortu du atxikimendu ideologikorik handiena. Araban ikusten da aldaketa nagusia, lehen aldiz irabazi egingo bailuke botoen ehunekoan, inkestaren arabera, botoen %31,5 bilduta. EAJ izango litzateke bigarren indarra, %27,9rekin. Inkestari erreparatuz, EH Bilduk babesa handituko luke Gipuzkoan ere, botoen %40 eskuratuta. EAJ %34rekin geratuko litzateke.

Azken hauteskundeetan EH Bilduren alde bozkatu zuten herritar gehienek hala egingo dute oraingoan ere: hain zuzen, inkestan iragarritakoa beteko balitz, 2020an EH Bildu babestu zutenen %87,7k berriro babestuko lukete. Are, EAJren alde bozkatu zuten %7,7k ere EH Bilduri emango liokete botoa, baita PSE-EEren alde egin zutenen %4,7k eta Elkarrekin Podemos hautatu zutenen %16,3k ere.

EAJren alde egin zuten hamar lagunetik seik alderdi horri berari emango diote botoa oraingoan ere. PSE-EEri dagokionez, fideltasuna apalagoa da: %57,5ek babestuko dute berriro alderdi sozialista. 

«Bi ereduren» arteko lehia

Inkestaren datuak argitaratuta, Pradalesek ohartarazi du «euskal gizarteak bi ereduren artean» erabaki beharko duela apirilaren 21ean. Haren ustez, oraindik «hauteskunde tentsio» apala dago: «Sinetsita nago egiten ari garen proposamenen bidez tentsio hori egongo dela eta gizarteak ikusiko duela zer alde dauden bi eredu horien artean».

Otxandianok «oso ontzat» jo du EH Bilduren goranzko joera. Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean esan du «sektore askotako botoak» lortu dituztelako egin dutela gora: «Aldaketa soziologiko garrantzitsuak gertatzen ari dira, eta EH Bildu asmatzen ari da erronka sozialei aurre egiteko gai izango den proiektu politiko bat aurkezten».

Nabarmendu duenez, lehen aldia da EITB Focus inkesta batek EH Bildu lehen indartzat jotzen duena. Eta oraindik ezer erabakita egon ez arren, «ilusioa» indartzen dutela esan du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.