Duela bi urte, maiatzeko udal hauteskundeen atarian, Aranzadiren aurkako kanpaina politiko-mediatikoa izan zen: sei udalek memoriari buruz eginiko webguneak desaktibatu zituzten, Espainiako Gobernuaren mehatxuz, Galdakaoko Udalak bere atarikoan bi presoren izen-abizenak agertu eta gero. Iazko otsailean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaurre betean, Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiari egin zioten galdera: «Zer izan da ETA?». Eta hark erantzun: «Ziklo politiko bat, zorionez atzean utzi duguna». Aise zabaldu zen polemika. Irrati kate berean, hautagai berari galdera, bi hilabete geroago, ja hauteskunde egunerako egun gutxiren faltan: «ETA talde terrorista bat da?». Otxandianok, ETA «talde armatua» zela. Beste behin, Madrileraino heldu ziren polemikaren uhinak. Ez dira adibide bakanak. Hauteskunde garaia lur bereziki ongarria da memoriari lotutako sorgin ehizak ernaltzeko.
Adibide guztiek, ordea, badute hari bat: euskal gizarteak, edo behinik behin euskal ekosistema instituzionalak, ezin du ETAri buruz hitz egin fenomeno konplexu gisa. Ez da gai, edo ez du gai izan nahi.
ETAk ia 60 urte egin zituen, ehunka lagun hil, eta beste asko mehatxatu, zauritu eta kanporatu, eta are jende gehiago izuan murgildu. Eta, ezinbestean, adin batetik gorako euskal herritar bakoitzak badu harreman bat ETArekin; esan nahi baita, ez harreman zuzena, baizik eta iritzi bat, sentimendu bat. Bat, edo bat baino gehiago. Batzuek maiteko dute izaten hasi zena, eta gorrotatu izaten bukatu zuena. Beste batzuek hasieratik gorrotatuko dute, eta beste batzuek amaieraraino maitatu. Beste batzuek ez dizkiote barkatuko irakurketa estrategiko okerrak, eta beste batzuek, sinpatiarik gabe, aitortuko dizkiote jokaleku berriak. 30 urteak gaindituak dituen orok du iritzi bat ETA izan zenaz, edota indarkeriaren erabilerak duen edo ez duen zilegitasunaz. Eta harreman hori guztiz poliedrikoa izan daiteke: pertsonen aurkako erasoak eta giza eskubideen urraketak alde batera utzi gabe, ETAk askotariko ondorioak sortu zituelako, ez soilik pertsonalak. Jokaleku politikoa baldintzatu du hamarkadetan zehar, erabaki politiko batzuk hartu dira eta ez beste batzuk ETA —eta bere jardunbidea— hor zegoelako, eta kulturalki eragin dio gizarteari: identitate kolektiboak sortu ditu, eta herritarren nortasunean ere definitu du norberak nola ulertzen duen biolentzia politikoa, bere zabalean zenbateraino den onargarria. Hau da, fenomeno politiko, sozial eta kultural ukaezin bat izan da.
Baina, gaur egun, ezin dakioke ETAri begiratu analitikoki, edo ezin da interpretazio sosegaturik egin hark sortutako errealitate politiko eta sozial askotarikoez. Adar akademiko oso bat dago gizarte mugimenduen eta, zehazki, biolentzia politikoaren rola aztertzen duena demokratizazio prozesuetan, baina, oraindik orain, ezin da esan ETA ziklo bat izan zela, eta ezin da esan ETAk, adibidez, ekarpena egin zuela frankismo garaian euskal abertzaletasunaren edota euskararen pizkundean, funtsean ETA ezin delako lotu aurrerabide bakar batekin ere, hori indarkeria zuritzea eta biktimen memoriari traizio egitea litzatekeelako; oinarrizko premisa da ETAk ordezkatzen duen oro dagoela indarkeriaren jatorrizko bekatuarekin kutsatuta.
Orain, hilketen 50. urteurrenerako hilabete eskas falta den honetan, Zarauzko olanaren polemika betean, Alberto Alonsok, Gogora-ren zuzendariak, oharra egin du agentzia bati emandako elkarrizketa batean: Txiki eta Otaegi ez direla omendu behar, gehienera biktima izaera aitortu behar zaiela, zer eta ETAko bi kideek «indarkeria, beldurra eta terrorea» erabili zutelako, diktadura frankistaren «tresna berdinak» baliatu zituztelako. Askatasun indibidualak eta kolektiboak zanpatzen zituen estatu oso baten jazarpen aparatuak eta askatasun horiexen aldeko borrokak eta haren baliabide mugatuak parekatzeak sor dezakeen arranguraz harago, Alonsoren hitzak gogorarazpen bat dira, beste behin: eztabaida publikoan, ETAri ezin zaiola begiratu kondena moralaren betaurrekoetatik baizik. 1958tik 1975erako ETAri ere ezin zaiola frankismoaren aurkako ekinaldirik errekonozitu, beste koordenatu geografiko batzuetan diktadura faxisten aurkako erresistentzia armatuei sinpatia handiagoarekin begiratzen bazaie ere. Memoriaren eraikuntzak beharrezko ditu enpatia eta ikuspegi humanoa, baina nekez eraikiko da tabuen gainean.