Sustrai Colina.
Udal eta foru hauteskundeak. KONTRAKANPAINA

Ez nahastu

2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Mauleko gazteek ezin zuten Baxoa euskaraz pasa.EAEko Auzitegi Nagusiak euskara diskriminatzailetzat zeukan. Pantailek ez zekiten euskaraz, agintari askok ere ez. Euskal Filologia ikasketak desagerrarazten saiatu ziren. Gazteleraz aurkeztu zuten Irulegiko eskua. Euskararen gainbehera-zantzuak ageri ziren udalerri euskaldunetan. Euskararen ofizialtasuna eskatu zuten Iruñean eta Baionan, manifestazio nazionala deitu Bilbon... Baina euskara eta politika ez nahasteko agintzen zizuten.

Gizonezkoek andrazkoak erailtzen eta erasotzen zituzten. Emakumezko ministroak beren ohekide eta titiburuetara murrizten zituzten. Frantziako berdintasun ministroak elkarrizketa eman zuen Play-Boy-en. Ez zuten soldata-arrakala berdindu. Emakumearen gorputza legeztatzen zen, alarde eta elkarte gastronomiko baztertzaileak baimendu... Baina genero kontuak eta politika ez nahasteko exijitzen zizuten.

Mikel Zabalzaren atxiloaldia gidatu zuen Guardia Zibila karguz igo zuten. Inork ez zion erantzun Irunberriko arroilaren garrasiari. Popo Larrek 50 urte zeramatzan desagertuta. Gerra zibil garaiko gorpuzkiei izen-abizenak itzultzen hasita zeuden, Gogora Institutuak Aranzadi zientzia elkartea bozka batzuen truke saldu zuenean. ETAri buruz hitz egiten zen oraindik, jende andanaren boza legez kanpo utzi izanaz ez. Alabaina, memoria eta politika ez nahasteko egiten zizuten aldarri.

Pertsona migratzaileak Bidasoan itotzen ziren. Bidasoa igaro eta Baionan atxilotuak Irunera bueltatzen zituzten. Bertakoen lana ebastera zetozela errepikatzen zitzaien exiliatuei, bertakoek egin nahi ez zituztenak limosna truke eginarazi. Lanik gabe ez zegoen paperik. Paperik gabe ez zegoen lanik. Harrera herria zen hura, turistentzako. Azalaren kolorea eta politika nahasteagatik haserretzen zitzaizkizun, ordea.

Ordurako, erraustegia martxan zen Zubietan. AHTarekin ez zuten etsitzen. Meatze bat ireki nahi zuten Erdizen, Aralar gasbide batekin ebaki. Ez zebilen aski haize eraiki asmo zituzten parke eoliko guztietako haize-errotak jirarazteko. Baina, hala ere, ingurumena eta politika ez nahasteko gaztigatzen zizuten.

Urte hartako Frantziako Tourra Bilbon hastekoa zen. UPNk Osasunako jokalariak balira bezala aurkeztu zituen bere hautagaiak. EH Bilduk ere Espainiako Kopako finalean egon nahi izan zuen. Kirola eta politika ez nahasteko aholkatzen zizuten, ostera.

Guggenheim berria iragarri zuten Urdaibain. Gaztetxeak eraitsi zituzten eta iraganaren itzulera etorkizunaren etorrera baino oparoago diruztatu. Euskaraz sortzea prekaritatearen sinonimoa zen oraindik. Alta, kultura eta politika ez nahasteko errepikatzen zizuten.

Suteak gero eta ugariagoak ziren. Abuztuko beroz agurtu zen apirila. Urtegiak lurtegiak ziren jada eta, udan, ez zen aski ur izango. Aitzitik, eguraldia eta politika ez nahasteko gomendatzen zizuten.

Horoskopo guztietan, Nafarroako hurrengo presidentea Jagoba Arrasate izango zela irakurri zenuen. Hauteskundeak eta politika ez nahastea otu zitzaizun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.