Pastor
DARWIN ETA GU

Gisele itzuli da

2022ko uztailaren 02a
00:00
Entzun
Duela ia 50 urte, 1973an, haurdunaldia etetea ahalbidetzen zuen erabakiaren alde egin zuen AEBetako Auzitegi Gorenak. Joan den astean atzera egin zuen justizia organo horrek. Hango emakumeen eskubideek bost hamarkada egin dute atzera.

Gai honi lotuta, Libération egunkariak azal deigarria argitaratu zuen astelehenean, hiru hitzekin: Liberté, Egalité et IVG—Haurdunaldia Borondatez Etetea—. Aspaldiko argazki batean andrazko bat ageri da, mezu hau erakusten: «Abortatu egin dut. Abokatua naiz. Legea hautsi dut». Azpian haren izena dago: Gisele Halimi. Frantziako hainbat emakumek agiri bat hedatu zuten 1971ko apirilaren 5ean Le Nouvel Observateur aldizkarian. 343en manifestua testua sinatu zutenek abortatu izana aitortu zuten. Simone de Beauvoir, Françoise Sagan eta Marguerite Duras idazleak eta Jeanne Moreau eta Catherine Deneuve aktoreak zeuden haien artean. Halimi ere bai. Charlie Hebdo agerkari satirikoak gaia hartu eta politikari gizonezkoen kontra egin zuen: Nork utzi zituen kargatuta 343 urdangak? Handik lau urtera, 1975ean, Veil legeak atea ireki zion abortuari Frantzian.

Sei urte lehenago, 1969an, Egunero hasten delako eleberria argitaratu zuen Ramon Saizarbitoriak Euskal Herrian. Gisele umedun dago. Trena hartu eta haurdunaldia etetea errazagoa izango duen leku batera abiatuko da.

AEBetako atzerapausoa gurera ere helduko da? Bertan aspaldi ekin zioten integristek lanari. Berton hasi baino ez dute egin. Abortatzea bermatzen duten kliniken aurreko protestak ikusi ditugu. Arlo semantikoan, aldiz, lehenagotik dator kontua: prolife, bizitzaren aldekoa esamoldea geure egin dugu. Akaso haurdunaldia eteteko eskubidea defendatzea bizitzaren aurkakoa izatea da?

The New York Times egunkaria zorrotza da horretan. Norbait abortuaren kontrakoa dela idaztea egokitzat jotzen du; abortuaren aldekoa dela esatea, ordea, ez. Izan ere, emakumeek erabakitzeko eskubidea izatea onestea ez da derrigorrez abortuaren aldekoa izatea. Kazetaren ustez, emakumea eta fetua hitzak ama (haurdun dagoen emakumea) eta umea baino askoz neutroagoak dira. Luze ez dela, ezbehar baten ondorioz andre batek haurra galdu zuela azaldu zuen hedabide batek. Ez pentsa etxeko txikiena istripuko anabasaz baliatu eta korrika irten zenik autotik, amak haginlariarengana zeramalako. Ez. Ustezko ume hori bi hilabeteko fetua zen.

Neskek bi beldur barneratzen dituzte txikitatik: sexu erasoa jasatea eta nahi gabe haurduntzea. Horiei lotua da abortua. Hamaika bizipen konta litezke horren inguruan: Bilbora lagun bat bisitatzera zihoala esan zuen Nafarroako herri txiki bateko neskarena. Gero, Sondikan hegazkina hartu eta Londresera. Edo senar-emazte katoliko sutsuena: 15 urteko alabaren neba txikiei neskatila «gaixo» zegoela esan zieten. Amak klinika batera eraman zuen haurra. Bertan 3-4 egun eman ondoren, buelta etxera —gurasoen eta alabaren arteko sekretua izan da beti; bi semeek, orain gizonek, ez dute inoiz deus jakin—. Edo abortatzera bakar-bakarrik joan zen neskarena, etxekoek ezer jakin gabe. Mutilak botata utzi zuen. Ia 40 ordu eman zituen klinikan, mundutik desagertuta.

Oker ez banago, Arantxa Urretabizkaiak hauxe aipatu zuen elkarrizketa batean: abortuaren aldeko manifestazioetan parte hartzen ikusi zutenean herriko zenbait lagunek hura agurtzeari utzi zioten. Zenbat emakume ez dituzte iraindu moralkeriaren defendatzaileek horregatik! Galdetu 80ko urteetan unibertsitatean kartelak jartzen zituzten neskei. «Abortua? Larrutan egiten ari zaretenean ez duzue horretaz pentsatzen, puta alaenak!», esaten zien irakasle batek. Eta isildu egin behar. Hain zen luzea gizon txit ohoragarri eta ospetsu haren itzala!

50 urte baino gehiago igaro dira Giselek trena hartu zuenetik. Hala ere, hemendik aurrera, haurdun dauden emakume estatubatuarrek abortua oraindik zilegi den paraje batera joan beharko dute, hark bezala, haurdunaldia eteteko. Eta protestak hasi dira. Gisele itzuli da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.