Sustrai Colina.
KONTRAKANPAINA

Pozik

2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Arrazoi zuten horoskopoek: bozen %90 baino gehiago lortuta, Jagoba Arrasate izango da Nafarroako presidente berria. San Fermin bezperakoa dirudi Iruñeko udaletxe-plazak. Herritarrei Seaskako ikastolak jokoz kanpo ez uzteko eskatu eta osasunari lehen mailako arreta bermatuko diola iragarri du entrenatzaile ohiak. Madrili nola aurre egingo dion ikusteke badago ere, pozik zaude iraganaren kopia ez den etorkizun bat irudikatzeko aukera zabaldu delako. Gogaituta zeunden aurrez bizi izandakora mugatutako irudimenarekin. Etorkizunak salbatu behar du orainaldia, ez iraganak. Belarri ertzean bihotz-taupadak nola, ordea, Mitterranden aizkorakadak egiten dizu oihartzun: «Irabazi dugu, arazoak datoz!». Zuk ere badakizu garaipenek porrotek baino gehiago zatitzen dutela; asko zarete zuen porroten isiltasunean mugitzen zaretenak. Aurre hartzen dizutenean gaitzituta erantzuten duzu zuk ere, baina ez baduzu zu aurreratzeko borrokan inor sumatzen, azkena zoazelako larritzen zara.

Udal-hauteskundeetarako zerrendan hautagai izatea eskaini zizutenean, ezezkoa eman zenuen. Zure atea jo izanak egoa laztandu zizun, zure ordezkoaren izen-abizenak irakurtzeak harramazkatu. Zerrenda osatzeko zailtasunez kexatu zitzaizun arduraduna, ez zegoela erreleborik, militantzia ez zegoela bogan, hutsuneak liberatuekin bete beharko zituztela... Euskalgintzaz ala kulturgintzaz ari zitekeela begitandu zitzaizun. Listetan zergatik ez den ia pertsona arrazializaturik ageri galdetzekotan egon zinen. Gazteengana eta sektore prekarizatuetako langileengana ere ez dela behar beste jotzen uste duzu. Noiz arte pentsatu behar dituzte zuriek gainontzekoentzako politikak, helduek gazteentzakoak...? Baina mingainari hozka egin zenion eta, gerora, hiru alkategaitik bat baizik ez zela emakumezkoa irakurri zenuen egunkarian. Fortuna handien jabeak ere ez direla hauteskundeetara aurkezten gogoratuz lasaitzen zara ordutik. Bestelako gerizpeetan dabil zinezko boterea.

Gaur, aitzitik, poza da nagusi zure itzalpean. Badakizu gailurrera iristeak gainbehera dakarrela nahitaez, asko jota ogitartekoa jaten luzatu zaitezkeela. Badakizu hitzak esanguraz bete orduko su hartuko duela sasitzak eta, berbak mamiz jantzi ezean, loreak direla erreko. Badakizu lehia politikoak nornahi irensten duela, hilabete barru politikari profesionalen hizkuntza aseptiko eta gatzik gabea erabiliko duela presidente hautatu berriak, alderdiak ez diola gidoitik ateratzen utziko, botere faktikoek apurka bezatuko dutela... Zuri ere erretiratzen direnean handitzen zaizu agintariekiko estimua. Baina ez al zintuen orainalditik etorkizunak salbatu behar? Helduaroa ez al zen porrotak eta kontraesanak kudeatzea? Garai konplexuegiak dira zure orbanak ezkutatu eta inori lezioak ematen ibiltzeko. Gaur bai, gaur sinesten duzu, sinestea, batez ere, sinetsi nahi izatea dela dakizun arren. Gaur sinesten duzu... pozik zaudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.