joxerra senar

Urtebeteko lana, pikutara?

2026ko maiatzaren 14a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Krisi hotsak berriro Nafarroako Gobernuan. Duela 11 hilabete, haren oinek dar-dar egin zuten Guardia Zibilaren txosten batek ustelkeria kasu baten erdigunean jarri zituenean Nafarroa eta Santos Cerdan PSOEko buruzagi ohia. Azken hilabeteetan, parlamentariek lan eskerga egin behar izan dute ikerketa batzordean, eta agerian geratu Nafarroako Gobernuak ez duela irregulartasunik egin. Urak bere onera itzultzen ari zirela zirudienean, berriro ere sua piztu da. Oraingoan hezkuntzan.

Ez da lehen aldia Carlos Gimenoren erabaki batek Geroa Bairen haserrea eragin duela. Are: azken bi legealdietan barne mailan sute gehien piztu duen kontseilaria da. Urte hasieran Maria Txibitek gobernu aldaketa iragarri zuenean, Gimeno izan zitekeen ordezkatzeko hautagai egokiena, baina bere alfila ez sakrifikatzea erabaki zuen Txibitek. Orain, jakinarazi dute akordioa kolokan dagoela. Azken orduetan, Geroa Bai eta PSNren arteko tirabirek —ustezko adostasuna desadostasun bihurtzeak— urduritasuna islatzen dute. Beti berearekin ateratzera ohituta, PSNk ez du atzera egin nahi izan, ezta Geroa Baik ere, eta zirrikitua baliatu du UPNk.

Urtebete geratzen da hauteskundeetarako, eta urruneko kanpainaren hotsek ere izango zuten eragina. Komunikabideetako hitz arranditsuez harago, ikusi beharko da bazkideak gai ote diren egoera bideratzeko, baina ez du ematen zakarrontzira botako dutenik azken urtean eskuinaren estrategia desaktibatzeko egindako lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA