Andueza ez dago «baikor» estatus berriaren negoziazioari begira: «Utopiarik ez»

PSE-EEko idazkari nagusiak esan du «erabakitzeko eskubidea» jarri dela mahai gainean, eta iragarri du horrek negoziazioen «porrota» ekarriko lukeela.

Eneko Andueza, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Eneko Andueza, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2025eko abenduaren 2a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Estatus berriaren inguruko akordio bati lotutako «baikortasuna» baztertu egin du PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak gaur. EAJ, EH Bildu eta PSE-EE aspaldian ari dira negoziatzen Gernikako Estatutua gaindituko lukeen itun berri bat erdiesteko, eta hilabete gutxian adostasuna irits daitekeela helarazi du Joseba Diez Antxustegi jeltzaleen eledunak, asteon. Irailean, berriz Aitor Esteban EBBko presidenteak berak azaldu zuen akordio bat urte bukaerarako egon zitekeela:. «Gura nuke urtea amaitu aurretik gauzak argi edukitzea, eta, ezin bada, datorren urtearen hasierarako», esan zion BERRIAri emandako elkarrizketa batean.

Bada, Anduezak beste modu batera ikusten du negoziazio horren egoera, «erabakitzeko eskubidea» jarri baita mahai gainean, haren arabera, eta horrek negoziazioen «porrota» ekarriko lukeela iragarri du. «Sen ona» behar dela esan du, eta «adimenez» aritu, «ez erraietatik». Argia izan da abertzaleei bidalitako mezua: «Utopiarik ez».

«Indarrean dagoen legearen esparrutik ateratzen den ezerk ez du PSE-EEren babesa izango. Horregatik, ni ez naiz beste batzuk bezain baikor»

ENEKO ANDUEZA PSE-EEko idazkari nagusia

Hala, estatus berriaren inguruko itun bat egiteko aukera urrundu egin du sozialisten buruak, negoziazio horretan aldeak elkarrengandik urruntzen dituzten «gauza asko» ikusten baititu oraindik: «Errealistak izan behar dugu». Aitortu du Gernikako Estatutua erreformatzea beharrezkoa dela, baina nabarmendu du 46 urteren ondoren bete gabe dagoen lege organiko horri esker «Euskadik 97 euro» kudeatzen dituela «biltzen dituen 100 euroko». Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren «autogobernu handia» azpimarratu du: «Europako eskualde batek duen handiena da».

Indarrean den legeaz

Anduezak helarazi du estatutu berri batean eskubide sozialak jasotzeko eztabaidan ez dagoela arazorik; edukia eskubide sozial horien ingurukoa den bitartean, akordioak aurrera egiteko aukera ikusten du. «Hor erraza da adostasun bat lortzea», esan du. Eta ohartarazi du negoziazioaren ardatza «betikoa» izaten bada, hau da, «autodeterminazio eskubidea», negoziazioak porrot egingo duela. «Aukera historikoa daukagu, eta arduratsuak izan behar dugu», erantsi du. «Orain ez badugu akordioa lortzen, azaldu ditudan terminoetan, oso litekeena da urte askoan egotea berriro 1979ko estatutuarekin. Urte horretan jaio nintzen ni, eta gauza asko gertatu da ordutik».

Espainiako Estatuari dagokionez, azken mezu batean helarazi du zer uste duen Araba, Bizkai eta Gipuzkoak beste estatus bat lortzeko abertzaleen nahiaz, zalantza txikiena ere uxatzeko: «Indarrean dagoen legearen esparrutik ateratzen den ezerk ez du PSE-EEren babesa izango. Horregatik, ni ez naiz beste batzuk bezain baikor».

Kontzertu politikoa

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek, berriz, beranduenez 2026ko ekainerako eskatu zuen alderdien arteko akordioa Gernikako Estatutua berritzeko, «garai ilunak» iritsi baino lehen. Modu horretan erreparatu zion PPk eta Voxek osatutako balizko Espainiako Gobernu bati.

PSEko buruak hoztu egin ditu, beraz, akordio hori gertu egon daitekeelako aukera, baina joan den igandean adostasuna ez dagoela hain urrun pentsatzeko arrazoiak ere eman zituen, ziurtatu baitzuen «PSEk erabili izan duen terminoa» dela kontzertu politikoa. EAJk plazaratu duen formuletako bat da hori, estatus politiko berri bat lortzeko. Kontzertu ekonomikoaren pareko sistemaz aritu da, «benetako aldebikotasuna» bermatzeko sistema gisa. «Ikusiko dugu», esan zuen Anduezak sistema horri buruz galdetu ziotenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.