Anduezak hitzeman du EAJ eta PSE gobernu akordioetan egonkortasuna izango dela «adostutakoa betetzen badute denek»

Adostutakoa ez betetzea egotzi dio EAJri, eta gaineratu du Estebanekin duen konfiantza maila hobetu nahiko lukeela, Ortuzarrekin zeukan konfiantza bera izateko. EAJk «harriduraz» hartu ditu Anduezaren gaurko adierazpenak.

ESPAÑA VIVIENDA EUSKADI
Eneko Andueza legebiltzarrean egindako agerraldi batean, atzean Aitor Esteban duela. L. RICO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2025eko urriaren 9a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJren eta PSE-EEren arteko harremanak ez daude bere onenean, elkarrekin gobernatzen segitzen badute ere —ez bakarrik Eusko Jaurlaritzan, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru hiriburuetan eta hiru aldundi nagusietan ere—. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak tentsioa dagoela adierazi du gaur, Eusko Legebiltzarrean osoko bilkura egin baino lehenago. Esan du ez dutela asmorik gobernu koaliziorik hausteko «adostutakoa betetzen badute denek». Azaldu duenez, EBBko egungo buru Aitor Estebanekin ez dauka Andoni Ortuzar EAJren EBBko buru ohiarekin zeukan konfiantza bera, eta «konfiantza hura izan» nahiko luke. 

Euskararen aurkako oldarraldi judizialari aurre egiteko Lan Eskaintza Publikorako legea erreformatzea onartu zuten EAJk eta EH Bilduk iragan astean, PSE-EEk horren aurka bozkatuta. Hori izan du berriz ere hizpide Anduezak gaur; haren ustez, euskararen eskakizun mailak ugarituz gero, «milaka herritarrek» ezingo dute Lan Eskaintza Publikoetara aurkeztu, eta beste batzuek ezingo dituzte beren lanpostuak egonkortu. Ez ditu herritarren hizkuntza eskubideak aipatu. Halako ekinaldiak «kezkagarritzat» jo ditu, «nazionalismo baztertzaile bati» dagozkiolako. Euskal abertzaleez ari zen, ez Espainiakoez.

Anduezak esan duenez, gobernu akordioa egin zutenean ez zituzten desadostasunak hitzartu, eta «beste batzuek apurtu dituzte» kontsentsuak. «EAJk ez du bete hizkuntza eskakizunen dekretu hartako akordioa, eta beste egitasmo parlamentario bat aurkeztu du».

Anduezaren irudiko, «EAJk proposamen bat aurkeztu du bere aldetik, eta estatus berri baterako akordioa proposatu dio publikoki EH Bilduri. EAJk berak adostu du erabakitzeko eskubidearen aldeko akordioa babestea Gipuzkoako Batzar Nagusietan». Iaz ere hiru batzar nagusietan atera zen aurrera adierazpen bertsua, EAJren eta EH Bilduren babesari esker.

«Halakoek kezkatzen gaituzte, eta PSE-EEk eskubidea eta betebeharra dauka gai horren inguruan daukan iritzia azaltzeko», gaineratu du. Baina egonkortasunaren alde mintzatu da, «hori oso garrantzitsua da sozialistentzat, betidanik izan da hala».

Gainera, adierazi du PSE-EEri esker egon dela egonkortasuna: «Duela hamar urte, PSE-EEk erabaki zuen herri honen gobernagarritasunaren aldeko konpromisoa hartuko zuela gobernu guztietan». PSE-EEk hamabi eserleku ditu Eusko Legebiltzarrean, eta hirugarren indarra da, lehenak eta bigarrenak koxka handia kenduta, EAJk eta EH Bilduk 27na eserleku baitituzte.

Egonkortasun hori bermatuta dagoela berretsi du: «Adostutakoa betetzen badugu, batzen gaituen ituna betetzen badugu, PSE-EE ez da irtengo ez gobernu honetatik, ez besteetatik. Beraz, uste dut beste batzuek eman behar dituztela azalpenak».

Alderdietako zuzendaritzen arteko harremanak «ondo olioztatuta» egotea garrantzitsua dela esan du gero. «Bere garaian lortu genuen elkarrizketak bide onetik eramaten Andoni Ortuzarrek eta nik neuk. Estebanekin modu hartako harremana izan nahi nuen, konfiantza hori. Gauzek funtzionatu ahal izateko elkarrizketa behar da, eta konfiantza izan nahi nuke».

Desadostasunak, «gai identitarioez» harago

«Gai identitarioak», Anduezak dioen moduan, ez dira azken aldian bi alderdien arteko desadostasunak azaleratu dituzten kontu bakarrak. Gasteizko Arana zentroari dagokionez ere nork bere aldetik egin du. EAJk lanak geratzeko eskatu du, eta PSE-EEk aurrera egiteko.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere izan dute desadostasuna aste honetan bertan. 500 biztanletik beherako barrutiek tokiko entitate txiki izateko bidea ireki dute EAJk eta EH Bilduk, duela lau urte ez bezala, EAJk erabakia babestuta foru araua aldatzeko. PSE-EEk aldaketa horren kontra egin zuen.

EAJ, «harrituta»

Iturri jeltzaleak aipatuz Europa Pressek zabaldu duenez, jelkideak harrituta daude Anduezaren adierazpenekin, atzo arratsalde-iluntzean bi alderdietako zuzendaritzek itxitzat eman zutelako hedabideetan elkarri jaurti dizkioten adierazpen sorten osteko liskarra. «Martxan dagoen gobernu bat daukagu», adierazi dute. Eta Estebanen ibilbidea azpimarratu dute, EBBko buru izan aurretik Espainiako Kongresuan egin dituen urteetan alderdi diferentetako pertsonek esan izan baitute harekin bazela «elkarrizketa eta akordioak» lortzeko aukera. Horregatik uste dute Anduezak adierazitakoa ez datorrela bat EBBko buruaz «gehienek duten irudiarekin».

Imanol Pradalesek Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere EAJ eta PSEren arteko liskar giroa baretzeko eskatu zuen atzo Madrilen, baita gobernu akordioa «blindatzeko» ere. «Eusko Jaurlaritzak ondo funtzionatzen du, lehentasunak argi ditu». Mezu bera zabaldu nahi izan du gaur Joseba Diez Antxustegi EAJko eledunak. «Egin dezagun lana gobernuaren programa eta konpromisoak betetzeko, zaratatik aldenduta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.