Ane Lindane epaitzen hasiko dira, gurutze batez masturbazio baten itxurak egiteagatik

Joan den urteko EHZ festibalean emanaldi bat egin zuen artistak, eta, «eskarnio delitua» egotzita, Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak salaketa jarri zion. Bilboko auzitegi batek ahozko epaiketa irekitzeko agindu du orain.

Ane Lindane, babesa ematera batutakoez inguratuta, joan den urtean, Bilboko epaitegiaren aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ane Lindane, babesa ematera batutakoez inguratuta, joan den urtean, Bilboko epaitegiaren aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko abuztuaren 25a
13:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den urtekoa da kontua: Ane Lindane artistak ekainaren 29an bakarrizketa bat egin zuen Arberatze-Zilhekoako elizan (Nafarroa Beherea), EHZ festibalean. Lekua ez zen ausaz aukeratua; eliza hartan gertatutako sexu erasoak salatzeko sortu zuten emanaldia. Lindanek berak sare sozialetan bideo bat zabaldu zuen emanaldiaren ondotik, eta orduantxe iritsi zen Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioaren erantzuna: Espainiako Zigor Kodearen 525. artikuluan idatzirikoa haustea eta «eskarnio delitua» egitea leporatu zion artistari. Zehazkiago, «eliza bateko aldare nagusira igotzea, gurutze batez masturbatzen ari zelako plantak egitea eta bideoak sare sozialetan zabaltzea». Auzia berehala itxiko zela uste zuen artistak, baina gaur, urtebete geroago, Bilboko epaitegi batek berriz heldu dio auziari.

Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak eman du berria, eta esplikatu zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu dutela Lindanerentzat. Orain, ahozko epaiketa irekitzeko agindu du Bilboko Instantzia Auzitegiak. «Ekitaldiak Frantziako eliza batean egin ziren arren, bideoaren eta harekin batera bidalitako iruzkinek arrakasta handia izan zuten Espainian, eta hori Probintzia Auzitegiak babestu du prozeduran», erran du fundazioak ohar bidez.

Gertaera «hain larria» zenez, Baionako apezpikuak «tenpluaren duintasuna berrezartzeko konpontze mezu bat» egin behar izan zuen, eta «sakrilegio eta profanazio» deitu zion artistaren ekintzari, fundazioaren erranetan. Polonia Castellanos da fundazioko burua, eta hark erran du «iraina» izan zela gertatutakoa, «umiliazio bat milaka eta milaka kristaurentzat». Gainera, erantsi du hori guztia ez dela iritzi kontua, baizik eta «eskarnioa», eta sare sozialetan hedatu izanak are gehiago zabaldu zuela «umiliazioa». Kristauen fedea «barregarri» uztea leporatu dio Lindaneri, eta esplikatu adierazpen askatasunak «beti» ez duela balio.

Baionako Fiskaltzak, atzera

2025eko uztailean, Baionako Fiskaltzak bat egin zuen Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioaren salaketarekin, eta ikerketa hasi zuen artistaren kontra. Edonola ere, Baionako Fiskaltzak ezin izan zuen erabili fundazioaren akusazioa, sentimendu erlijiosoei erasotzeak —Espainiako Zigor Kodearen 525. artikulua— ez baitu pareko zigorrik Frantziako legedian. Horrexegatik argudiatu du Abokatu Kristauen Fundazioak Lindane «Espainian» zegoela bideoa zabaldu zuenean.

Baina lehengo urtean ere erabili zuen argudio hori fundazioak, eta umoristak eman zion erantzunik: «Senperen nengoela ipini nuen bideoa. Dena dela, lerdokeria galanta da argudiatzen duzuena. [...] Imajina ezazu Herbehereetara noala eta coffee shop batean bideo bat grabatu eta sareetan ipintzen dudala. Zentzuzkoa litzateke drogaren aurkako Espainiako elkarteren batek nire aurkako salaketa aurkeztea, han kalamua kontsumitzea ilegala delako?».

Lindanek, orduan esplikatu zuenez, uste du fundaziokoak ez daudela minduta, baizik eta «faxista hutsak» direla, ez bertzerik. Are, iruditzen zaio Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioaren gibelean El Yunque isilpeko sekta ultraeskuindarra dagoela. Jarritako salaketa «adierazpen askatasunaren eta sorkuntza artistikoaren kontrako eraso faxistatzat» jotzen du. Abenduan deklaratu zuen artistak Bilboko epaitegian, eta «lerdokeriatzat» jo zuen fundazioak haren kontra jarritako salaketa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA