AP-68 autobidearen Arabako zatia %70 merkeago izango da ohiko erabiltzaileentzat

EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa egin dute Arabako Batzar Nagusietan, eta beherapena Bizkaiko tartera ere zabalduko da. 2027an eta 2028an tarifak izoztuko dituzte, kobratzeko sistema berria diseinatu bitartean.

Kamioi bat AP-8 autobideko bidesari batean. GARI GARAIALDE / FOKU
Kamioi bat AP-8 autobideko bidesari batean. GARI GARAIALDE / FOKU
edurne begiristain
2026ko irailaren 18a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

AP-68 autobidearen Arabako zatian %70 merkeagoa izango da bidesaria ohiko erabiltzaileentzat 2027an eta 2028an. EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan adostutako foru arauaren arabera, gutxienez hamabost joan-etorri egiten dituzten ibilgailu arinen erabiltzaileek egungo ordainsariaren %30 baino ez dute ordainduko. Hala, ohiko erabiltzaileek bi euro pasatxo ordainduko dituzte ibilbide horretan, gaur egun gehienez ordaintzen duten 6,85 euroren aldean.

Bi urteko epean beste kobrantza sistema bat diseinatu eta ezartzeko konpromisoa hartu dute hiru taldeek. Helburua da tarifak bateratzea, hileko joan-etorrien araberako progresibitatea ezartzea eta, batez ere, errenta irizpideak erabiltzea bidesarien zenbatekoa zehazteko. EH Bilduk azaldu duenez, arau baterako oinarria finkatu dute, zeina hurrengo legegintzaldian garatu beharko den, eta bete beharrekoa izango da, hurrengo foru gobernuaren osaera edozein dela ere.

Azaroaren 11tik aurrera Bizkaiko eta Arabako foru aldundien esku geratuko da Bilbo eta Zaragoza (Espainia) arteko autobidearen kudeaketa, eta ibilbide osoan soilik Bizkaiko eta Arabako zatiak erabiltzeagatik ordaindu beharko dute gidariek. Bizkaiko Foru Aldundiak uztailean iragarri zuen AP-68ko bere tartean ohiko erabiltzaileei %20ko beherapena aplikatuko ziela. Jon Nogales Arabako Mugikortasun Iraunkorreko eta Bide Azpiegituretako foru diputatuak gaur esan du Bizkaiak hartutako erabakia errespetatzen duela, baina Arabak «eredu bideragarri eta jasangarri» baten alde egin duela, txosten teknikoetan oinarrituta. Hala, Arabako zatiaren erabiltzaileek beherapen bera izango dute errepide osoan, baita Bizkaiko kilometroetan ere. 

Errentaren araberakoa

EH Bilduk azpimarratu du %70eko hobaria ez dela behin betiko eredutzat hartu behar. Bi urteko epean beste sistema bat lantzea proposatu du, eta hainbat neurri jaso ditu akordioan: hileko bidaia kopuruaren araberako tarifa progresiboak, 24 ordu baino gutxiagoko joan-etorriko bidaientzako hobariak eta beste lurralde historiko batzuetarako joan-etorrietan hileko gehienezko tarifa ezartzeko aukera. Errentaren araberako tarifa bereiziak ere aztertuko dituzte. Horren bidez, erabiltzailearen egoera ekonomikoa kontuan hartuko duen bidesari sistema bat diseinatu nahi dute.

Gainera, Arabako zatiaren kudeaketaz arduratuko den Arabat sozietate publikoak jasotako diru sarreren %3 garraio publikoa eta ingurumen inpaktu txikiagoko azpiegiturak finantzatzeko erabiliko da, akordioaren arabera. EH Bilduk adierazi du horri esker Alavabusen maiztasunak handitzeko, tarifikazio sistema hobetzeko eta herrietan markesinak eta bestelakoak ezartzeko baliabideak egon daitezkeela.

Akordioak garraio sektorearentzako laguntza lerro bat ere aurreikusten du zerga egoitza Araban duten garraiolarientzat. Era berean, Europako Batzordeari kontsulta egitea adostu dute, AP-68ren Arabako zatian ibilgailu arinentzako barne ibilbideak doan egiteko aukeraren inguruan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA