Araba, Bizkai eta Gipuzkoako anbulantzietan greba mugagabea egingo dute otsailaren 19tik aurrera

Osakidetzak azpikontratatutako anbulantzietan izango da greba. Langileen erosteko ahalmena %17 murriztu dela salatu dute sindikatuek.

Anbulantzia
Anbulantzia bat Donostian, artxiboko irudian. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2024ko otsailaren 9a
11:30
Entzun

Osakidetzak azpikontratatutako anbulantzietako langileen hitzarmena berritzeko negoziazioak duela urtebete hasi ziren, baina oraindik ez dute lortu lan baldintzak eguneratzea. Hori dela eta, ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek greba mugagaberako deia egin dute; otsailaren 19tik aurrera egingo dute.

Sindikatuen esanetan, azken bi urteetan %17 egin du behera sektoreko langileen erosahalmenak, eta Osakidetzako langileen lan baldintza berak izatea exijitu dute. Negoziazioak blokeatuta daudela uste dute langileek, eta horregatik erabaki dute greba mugagabera jotzea. Izan ere, sindikatuek diote bilerak edukirik gabekoak izan direla, eta gehitu dute enpresek ez dietela erantzun langileen eskaerei.

Enpresek bost urteko indarraldiko hitzarmen bat eskaini dute, 2022rako eta 2023rako %5eko ordainsari ez-kontsolidatua, eta urtero %2,5eko soldata igoera. Horrez gain, urte osoko lanaldia zortzi ordu murriztea ere proposatu dute. Sindikatuak, baina, ez daude ados; batetik, gutxi iruditzen zaielako, eta, bestetik, ez dituztelako aipatu ere egiten lizentziak eta kontziliaziorako neurriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.