Arabako Aldundiak dominak kenduko dizkie frankismoari lotutako norbanako eta elkarteei

Aldundiak ez du bereizgarri instituzionalen erregistro ofizialik. Ikerketa bat egingo du gutxienez XX. mendearen hasieratik gaur egun arte emandako ohoreak zehazteko.

Frankismoaren biktimak omentzeko ekitaldia. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Frankismoaren biktimak omentzeko ekitaldia. ARABAKO FORU ALDUNDIA
aitor biain
2025eko uztailaren 7a
12:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du sariak, dominak, izendapenak, tituluak eta gainerako bereizgarri instituzionalak kendu egingo dizkiela 1936ko kolpeari eta diktadura frankistari lotutako norbanakoei eta elkarteei edo horiek goresten dituztenei. 2022an Espainiako Gobernuak onartutako Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legean, baita 2023an Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legean ere, jasota dago ohore instituzionalak baliogabetzeko agindua, eta horiei men eginez egingo du urratsa.

Aldundiak ikerketa bat egingo du bereizgarri ofizialak nortzuk jaso dituzten zerrendatzeko. Hala eskatu zioten Arabako Batzar Nagusiek, Elkarrekin taldeak aurkeztutako mozio baten bidez; izan ere, gaur-gaurkoz aldundiak ez du erregistro ofizialik. Gutxienez XX. mendearen hasieratik gaur egun arte emandako dominen, sarien eta ohorezko izendapen guztien zerrenda bat osatuko du, eta banan-banan aztertuko ditu, argitzeko horietatik zeinek ez duen legea betetzen. Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailak hartuko du ikerketa hori gidatzeko ardura.

Legearen arabera, memoria historikoaren eta biktimen duintasunaren aurkakotzat jotzen dira 1936ko estatu kolpearen eta diktadura frankistaren oroitzapen, gorespen indibidual edo kolektiboen aipamenak, haien buruzagienak, eta erregimen frankistari lagundu zioten diktadura erregimenaren eta unitate zibil edo militarren oinarri izan ziren erakundeenak. Legeak, zehazki, 1936ko altxamendu militarrean eta diktadura frankistan parte hartu zutenak aipatzen ditu, haiek bultzatu edo legitimatu zituztenak, eta legeria errepublikanoa eta hura defendatu zutenak mespretxatzen dituztenak.

Gaur-gaurkoz jakina da ohorezko saria jaso zutenen artean daudela, besteak beste, Francisco Franco diktadorea eta Emilio Mola jenerala. Biak ere «Probintziaren aita» izendapenarekin goretsi zituzten, 1936an. 2000. urtean ohore hori baliogabetzea adostu zuten Batzar Nagusiek. Hala ere, bereizgarri bat baino gehiago jaso zituen Francok: 1945ean «ohorezko ahaldun nagusi» izendatu zuten, esaterako, Gasteizera egin zuen bisita baliatuta.

Gasteizko Udalak ere «hiriko seme kutun» izendatu zuen 1936an, eta urrezko domina eman zion haren emazte Carmen Polori ere, 1953an. 2009an, ordea, bereizgarri horiek kentzea adostu zuen udalbatzak aho batez. Joan den maiatzean ere frankismoari lotutako bost lagunen izenak hiriko kale izendegitik kentzea erabaki zuen udalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.