Arabako Aldundiak ez du murrizketarik egingo indarkeria matxistaren biktimentzako harrera zentroan

Aldundiak atzera egin du, eta handitu egingo ditu indarkeria matxistaren biktimen harrerarako baliabideak. Langileek ontzat eman dute neurria.

Arabako indarkeria matxistaren arreta zerbitzuaren murrizketa salatzeko uztailean eginiko elkarretaratze bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Arabako indarkeria matxistaren arreta zerbitzuaren murrizketa salatzeko uztailean eginiko elkarretaratze bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2025eko abenduaren 3a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzera egin du Arabako Foru Aldundiak, eta ez du murrizketarik egingo indarkeria matxistaren biktimen harrera zentroan. Langileek maiatzean ekin zioten borrokari, aldundiak zazpi langile kaleratu eta aurrekontuan %30eko murrizketak proposatu ondotik. Beharginek salatu zuten aldundiak eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak indarkeria matxistaren biktimentzako arreta prekarizatu nahi zutela. Sei hilabete igarota, aldundiak kontratazio agiri berri bat kaleratu du, zeinak langileen aldarrikapen gehienak jasotzen dituen.

Batetik, bi emakume gehiago artatuko ditu zentroak, eta, denera, zortzi emakume eta haien ardurapekoak artatu ahal izango dituzte. Lanorduei dagokienez ere hobekuntzak jaso dituzte agiri berrian: 15.488 lanordu sartu zituzten aurrekoan, integratzaile eta hezitzaileen artean, aipatutako langileen kaleratzea barne, eta orain, berriz, 24.711 lanordu eskaini ditu aldundiak. Ziurrenik, integratzaile baten lanpostua galduko da aldaketan, orain arte gauez integratzaile bana edukitzen baitzuten bi zentroetan, eta orain bakarrak zainduko du gaueko txanda.

Langileek ontzat eman dute eskaintza berria, gainerako murrizketak bertan behera gelditu direlako eta diru sail handiagoa emango zaiolako zerbitzuari. Langileek aldarrikatu dute euren borrokaren garaipena izan dela. Baldintza berriak ontzat eman badituzte ere, salatu dute sei hilabetez entzungor egin dietela Gorka Urtaran Gizarte Politiken diputatuak eta zerbitzuaren zuzendariak, ez baitira langileekin bildu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.