Arabako aurrekontuen negoziazioak, «bertan behera» hauteskundeak igaro arte

Duela bi aste aurkeztu zituen Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak 752 milioi euroren aurrekontuak. Orduan jada onartu zuen negoziazioak «zailak» izango zirela, eta gaur aitortu du Espainiako Gorteetarako hauteskundeak direla eta etenda daudela.

Ramiro Gonzalez, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusia. ADRIAN RUIZ / EFE
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, prentsaurrekoa ematen, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ / EFE
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko azaroaren 24a
12:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Konplikatua izaten da legegintzaldi politiko baten azken urteko aurrekontuak onartzea: alderdiak datozen hauteskundeei begira egoten dira, eta hauteskundeetako kalkuluek akordioa zailtzen dute. Zer esanik datozen hauteskundeei aurrekontuak negoziatu bitartean abian diren hauteskundeak batzen zaizkienean. Hala suertatu da aurten Araban: azaroaren 13an aurkeztu zituen Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak 752 milioiren foru aurrekontuak, jakinda lan «zaila» zuela aurretik. Oposizioko talderen baten babesa behar du foru gobernuak kontuak onartzeko, baina gaur onartu du Gonzalezek taldeekin negoziazioak etenda daudela, Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina dela eta.

Aurrekariak eta aritmetika ez ditu alde foru gobernuak: EAJk eta PSE-EEk 24 batzarkide dituzte Arabako Batzar Nagusietan, eta bien arteko koalizioa ez da nahikoa 26ko gehiengo osora iristeko. Oposizioko edozein indarrekin, hots, PPrekin, EH Bilduren edo Elkarrekin Ahal Dugurekin akordioa erdiestea nahikoa dute, ordea, onarpena lortzeko. 2026ko aurrekontuak Elkarrekin Ahal Dugurekin adostu zituen foru gobernuak. Hala ere, aurreko bi legegintzaldietan, halako akordiorik ez da izan posible zikloko laugarren urtean: Arabak ez zuen izan aurrekonturik 2019an, ezta 2023an ere.

2027. urtea ere bide beretik joan liteke, Espainiako Gorteetarako hauteskundeek are gehiago zaildu baitituzte negoziazioak. Izan ere, abenduaren 14ra arteko epea dute talde politikoek adostasun batera iristeko, orduan bozkatuko baitira Batzar Nagusietan osoko zuzenketak. Aste batzuetako epe hori negoziazioetan buru-belarri eman ohi dute normalean alderdiek, baina, ahaldun nagusiak gaurko prentsaurrekoan onartu duenez, hauteskunde kanpainak hankaz gora jarri du gauzen ohiko martxa, eta «bertan behera» daude aste honetan negoziazioak, hauteskundeen emaitzaren zain.

Baturarik gaitzena

Eten hori gorabehera, baikor agertu da Gonzalez kazetarien aurrean. Aurrekontuak aurkezterakoan aurreikusi zuen jada ahaldun nagusiak kanpainak negoziazioetan eragingo zuela, eta ziurtatu du datorren astean bilera berriak egingo dituztela oposizioko taldeekin. Hortik aurrera, abenduko lehen bi asteak «nahikoa eta sobera» dira akordio batera iristeko, ahaldun nagusiaren ustetan. Gonzalezen baikortasunarekin ez dira, momentuz, oposiziko taldeak bat etorri. 

Elkarrekin Ahal Dugurekin aurtengo aurrekontuetarako egindako akordioa betetzea litzateke foru gobernuaren lehen aukera. Alta, koalizio morea ez da pozik agertu 2026ko aurrekontuen betetze mailarekin: hainbat arlotan, foru suhiltzaileen zerbitzurako langileen kontratazioan, kasu, akordioak bete ez direla deitoratu du koalizioak, eta ziurtatu dute ez dituztela datorren urteko aurrekontuak babestuko, aurrekontuak «erabat» bete ezean. Aldundiak jada adierazi du horietako batzuk ez direla beteko, eta, hortaz, aurreko urteko adostasunaren ateak itxita jarraitzen du, momentuz.

EH Bilduren akordioa lortzea litzateke foru gobernuaren beste aukeretako bat, Gasteizko Udalean azken hiru urteetan jazo den bezala. Erakunde horretan ere PSE-EEk eta EAJk gobernatzen dute, koalizioan rolak trukatuta bada ere, PSE-EE baita bazkide handiena, eta EH Bildurekin adostu dituzte aurrekontuak legegintzaldi osoan zehar. Gonzalez ahaldun nagusia, ordea, beti agertu izan da oso kritiko koalizio abertzalearekin, eta aurrekontuen aurkezpenean egindako adierazpenetan adierazi zuen EH Bilduren jarrera akordioak lortzeko «oztopoa» zela.

Hain zuzen ere, EH Bilduk aurrekontu akordioa lortzeko zituzten baldintzak publikoki jakitera ematea erabaki zuen aurkezpena baino lehen. Gonzalezen ustez, horrek koalizioak «antzezpena egiteko» borondatea duela erakusten du, adostasunetara heltzekoa baino. Ez dirudi, beraz, ahaldun nagusiak EH Bilduren proposamenak ongi hartu dituenik. PPrekin akordioa lortzea da hirugarren azken eta azken aukera. Alderdi kontserbadoreak ez du horren inguruko adierazpenik egin azken aldian, kanpainan zentraturik baitaude, baina kanpaina horretan bertan PPk, alde batetik, eta EAJk eta PSE-EEk, bestetik, kritika gogorrak egin dizkiote elkarri. 

Gauzak horrela, zail du foru gobernuak 26 batzarkideen batura horretara iristea. 2027ko aurrekontuak existituko ote diren edo, 2019koek eta 2023koek bezala, kaxoi batean gordeta amaituko ote duten, datozen asteetan erabakiko da, Espainiako gorteetako kanpainaren harrabotsaren eta datorren urteko udal eta foru hauteskundeen mamuaren artean. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA