Arabako Auzitegiak berretsi egin du Askabide klinikaren kontra bildu ziren 21 antiabortisten absoluzioa

Auzitegiaren arabera, klinikaren aurrean bildutakoen jokabidea ez zen «jazarpena» izan, eta ez zuen «jazarpen giroa» sortzeko behar adinako entitaterik. Halaber, 'ekintza gogaikarri' kontzeptua juridikoki «zehaztugabea» dela ebatzi du.

Abortuaren kontrakoen mobilizazio bat, Gasteizko Askabide klinikaren aitzinean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Abortuaren kontrakoen mobilizazio bat, Gasteizko Askabide klinikaren aitzinean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2026ko irailaren 10a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Probintzia Auzitegiak berretsi egin du Gasteizko Askabide klinikaren aurrean abortuaren aurka elkartu eta otoitz egin zuten 21 pertsonen absoluzioa. Auzitegiak atzera bota du akusazio partikularrak aurkeztutako apelazio helegitea —fiskaltzak ere babestu zuen—, eta berretsi egin du Gasteizko Zigor Arloko Lehen Epaitegiak joan den abenduan emandako epaia.

Auziaren jatorria 2022ko iraila eta azaroa artean egin ziren kontzentrazioetan dago. Orduan, abortuaren aurkako 21 lagunek elkarretaratzeak egin zituzten Askabide klinikaren aurrean. Klinikaren aurreko espaloian kokatzen ziren —15 eta 30 metrora—, eta otoitz egiten zuten, batzuetan isilik eta besteetan ozen. Zenbaitek kartelak ere eraman zituzten, «ez zaude bakarrik», «hemen gaude zuri laguntzeko» eta halako mezuekin.

2022an Espainiako Zigor Kodea aldatu zuten, abortatzera doazen emakumeen eta abortuak egiten dituzten osasun langileen aurkako jazarpena zigortzeko. Gasteizko auzia artikulu hori aplikatuta epaitu zen lehen kasuetako bat izan zen. Fiskaltzak bost hilabeteko espetxe zigorra edo gizartearentzako lanak eskatu zituen akusatu bakoitzarentzat. Akusazio partikularrak ere zigor bera eskatu zuen, eta, gainera, 20.000 euroko kalte ordaina.

Jazarpenik ez

Gasteizko Zigor Arloko Lehen Epaitegiak, ordea, absolbitu egin zituen antiabortistak. Haren arabera, epaiketan ez zen frogatu akusatuek emakumerik edo klinikako langilerik hertsatu, iraindu edo mehatxatu zutenik. Ez zen frogatu, halaber, kontzentrazioek abortatzeko eskubidea benetan oztopatu zutenik. Ez zen frogatu emakumeren batek abortua egiteari utzi zionik protesten ondorioz, ezta horregatik abortatzeko kontsulta ordua aldatu zuenik ere.

Orain, Arabako Probintzia Auzitegiak bat egin du interpretazio horrekin. Epaiaren arabera, klinikaren aurrean elkarretaratzeak egiten zituztenen jokabidea ez zen «jazarpena» izan, eta ez zuen «jazarpen giroa» sortzeko behar adinako entitaterik. Auzitegiak adierazi du Zigor Kodearen artikulu hori berria dela, eta oraindik gutxi aplikatu dela, ekintza gogaikarri kontzeptua juridikoki «zehaztugabea» dela eta gehiago aztertu beharra dagoela. Haren iritziz, kasu honetan akusatuek egindakoa baino «zerbait gehiago» egin beharko lukete jokabidea delituzkotzat jo ahal izateko.

Hala, auzitegiak ondorioztatu du Gasteizko Zigor Arloko Lehen Epaitegiaren epaia arrazoitua dagoela eta zuzenbidearekin bat datorrela, eta ez dagoela helegitea ontzat jotzeko argudiorik. Arabako Probintzia Auzitegiaren ebazpena ez da irmoa, eta Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa aurkezteko aukera dago.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA