Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoek bertze hamar egunez eginen dute greba

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute lanuztera. Dagoeneko bederatzi greba egun egin dituzte 2023an.

Kristau Eskola eta IZEAko greba deialdiko manifestazio bat, joan den apirilean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE, FOKU
Kristau Eskola eta IZEAko greba deialdiko manifestazio bat, joan den apirilean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko abenduaren 27a
11:30
Entzun

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoek bertze hamar egunez eginen dute greba. Zehazki, 2024ko urtarrilaren 17an eta 18an, eta 23tik 25era bitarte; eta otsailaren 6tik 8ra bitarte, eta 19an eta 20an. Kristau Eskolako eta IZEA patronalaren esku dauden eskoletako langileen lan baldintzak hobetu nahian antolatu dituzte sindikatuek grebak, 2021eko abendutik iraungita dagoen lan hitzarmena berritzeko. Bost sindikatuek ohar bateratu baten bidez eman dute protesten berri.

Lanuzteek 9.000 langileri eta 200 bat ikastetxeri eragingo diete, baita 130.000 ikasleri ere. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko sarearen zatirik handiena dago grebara deituta. Sindikatuen eskaera nagusien artean daude, bertzeak bertze, KPI kontsumoko prezioen indizeari lotuta soldatak igotzea, lanpostuak mantentzeko eta lan karga arintzeko neurriak hartzea, eta sektore feminizatu eta prekarizatuetan eta Lanbide Heziketan hobekuntzak egitea. Horrez gain, sindikatuek diote euskara planak, berdintasun planak eta arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere «jomugan» dituztela.

Sindikatuen erranetan, ados jartzeko «prestasuna eta borondatea» dute, eta patronalei eskatzen diete «arduraz» jokatzeko eta lan hitzarmena berritzeko modua emango duten proposamenak egiteko. Izan ere, patronalek negoziazio mahaira deitu zituzten azaroaren 27an, baina, sindikatuen ustez, ez zuten proposamenik eraman bertara: «Ez da negoziazio errealik egon».

Patronalak ez ezik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ere sindikatuekin bildu da mobilizazioak hasi zirenetik, baina bilkura ez zen emankorra izan. «Hezkuntza Saila ez da edozein eragile, eta badu zer esanik langile horien lan baldintzen inguruan; beraz, gatazka bideratzeko esku har dezala galdegiten diogu», adierazi dute sindikatuek.

2022tik negoziazio eske

Sindikatuak 2022ko maiatzean hasi ziren eskola erlijiosoetarako hitzarmen kolektibo berri bat negoziatzen. Eta hura adosteko azken batzarra 2023ko otsailaren 2an egin zuten. Horiek horrela, apirilean negoziazioa «blokeatu» zela salatzeko greba antolatu zuten sindikatuek.

Joan den urrian, erran zuten ez zutela jaso patronalen erantzunik, eta ez zegoela «greba egitea ez den beste erremediorik». Hiru greba egun antolatu zituzten orduan, eta berretsi zuten ez zutela nahi gatazka gehiago sakontzea. Lehenbiziko egunean, urriaren 17an, 5.000 lagun inguru bildu ziren Bilboko manifestazioan.

Abenduan ere lanuzteak egin zituzten bost egunez, baita mobilizazioak ere. Greba horiek guztiek langileen «babes zabala» izan dutela diote sindikatuek, %65 ingurukoa. Dena den, ordurako aurreratu zuten patronalen erantzunik jaso ezean urtarrilean grebak «indartuko» zituztela, eta hala egin dute: «Onartezina eta arduragabekeria hutsa da abenduko bost greba egunen ostean mahaira deitu gabe eta proposamenik egin gabe jarraitzea Kristau Eskola eta IZEA patronal nagusiek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.