LAB sindikatuak grebara deitu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoko eskoletako jangeletako langileak. Hiru egunetan egingo dute lanuztea: otsailaren 24an, 25ean eta 26an. LABek du gehiengoa sektorean.
LABen irudiko, badago arrazoirik protestarako: hitzarmen kolektiboa «blokeatuta» dago, «soldata igoerak ez direlako aplikatu eta ratioak, funtzioak eta lanaldiak hobetzeko aurrerapenik ez delako egin». Azaldu dutenez, intersindikala osatzen duten sindikatu guztiek eskatu diote patronalari «esertzeko» eta enpresek langileei ordainduak ez dizkieten soldata igoerak ordaintzeko; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, berriz, eskatu diote negoziatzera eser dadila, ratioak, funtzioak eta lanaldiak arautzen dituzten araudiak aldatzeko. «LABen, kalera ateratzeko beharra defendatzen dugu, langileek beraiek adierazi duten bezala, bai batzarretan, bai lantokietara egindako bisitetan».
Horregatik guztiagatik, grebara jotzeko deia egin du sindikatuak, «enpresei negoziatzeko eta zor dituzten zenbatekoak ordaintzeko eskatzeko, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari erantzukizuna bere gain hartzeko eta ratioei, funtzioei zein lanaldiei buruz negoziatzeko eskatzeko ere».
LABek du gehiengoa sektorean, eta gainerako sindikatuei ere protestetara batzeko eskatu die, «EAEko eskola publikoetako jangeletako langileen eskubideak defendatzeko batasun sindikala berreskuratzeko».
ELAri kritika
Izan ere, LABek ELAri egotzi dio beste bide batetik jotzea, batasun sindikala haustea. Azaldu duenez, hainbat bilera egin dituzte kudeaketa zuzeneko jangeletako hitzarmeneko sindikatuen artean. Baina: «ELA sindikatuak batasun sindikalaren esparrua haustea eta bakarkako bidea aukeratzea erabaki du, ekintza batasunaren aurretik bere siglak jarrita». LABen iritziz, «arduragabekeria bat» da: «Indar kolektiboa ahultzen du, eta sektorearen aldarrikapen historikoetako bat, hain zuzen, sindikatuen batasuna da».