Arabako esku hartze sozialeko negoziazio mahaiak bilera izan du gaur, baina ez da aurrerapausorik egon, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek jakinarazi dutenez. Horrenbestez, otsailean ere langileek protestan jarraitzea erabaki dute. Blokeo egoerak jarraituz gero, martxoaren 18rako sektoreko beharginak berriro ere grebara deituko dituzte sindikatuok.
Arabako esku hartze sozialeko beharginek hilabeteak daramatzate lan baldintzak berdintzearen alde borrokan. Diotenez, administrazio publikoetako langileek egiten duten lan bera egiten dute, baina, zerbitzua pribatizatuta dagoenez, era «prekarioagoan» ari dira, sektorean «desberdintasun sakonak» eraginez. Besteak beste, ohartarazi dute kategoria batzuetan urtean 16.000 eurotik gorakoa dela soldata arrakala. Horregatik, langile publikoen baldintzekin parekatzeko eskatu dute.
Ikusi gehiago
Langileak aspaldi ari dira mobilizatzen euren lan baldintzak hobetzeko eskatzeko. Joan den urtarrilaren 21ean, txanda bakoitzeko hiru orduko lanuztea egin zuten, eta otsailaren 4an eta 5ean grebara jo zuten. «Arrakastatsuak» izan ziren protestok, eta, sindikatuek esan dutenez, akordioa lortzeko esperantzaz joan dira gaurko bilerara. Alabaina, salatu dute patronalak aurkeztutako proposamena aurretik egindakoak baino «okerragoa» dela, eta ez duela inolako hobekuntzarik ekartzen langileen soldatetan, lanaldian eta lan baldintzetan.
Sindikatuek jakinarazi duenez, Aisa enpresak negoziazio mahaian aurkeztu dien proposamena «ez da aski»: 2025erako soldata igoera %0koa dela dio —aurreko bileretan %3,6koa izan zen— eta lau urteetarako egindako igoera, berriz, %10,5 da —uztailean eta azaroan %11,6koa proposatu zuen—. Urteko gehienezko lanaldia ere aurreko proposamenekin alderatuta okerrera egin duela diote. Sindikatuen ustez, patronalak «irabazi-asmoko enpresei dirua aurrezteko eta sektorea prekarizatzeko» estrategia darabil, eta ez du inolako neurri berririk proposatzen kontziliaziorako, ezta «prekaritatea» eta partzialtasuna murrizteko ere.