«Badakigu eskatzen duguna bidezkoa dela eta, gainera, posible dela, eta ez gara geldituko esku hartze sozialeko langileek merezi duten hitzarmena lortu arte». Berriz ere kalera atera dira Arabako esku hartze sozialeko langileak, Gasteizen, eta berriz ere beren lan baldintzak langile publikoenekin parekatzeko exijitu diote administrazioari. Izan ere, batez bertze, haiek baino %35 gutxiago kobratzen dute.
Araban, esku hartze sozialeko mila langile inguru daude —%75 baino gehiago emakumeak—, eta gizarteko kolektibo kalteberenak artatzen dituzte: babesgabe dauden adingabeak, familia kalteberak, indarkeria matxista jasan duten emaztekiak eta gizarte bazterkeria pairatzen duten pertsonak, baita osasun mentaleko arazoak edo adikzioak dituztenak ere. Zerbitzu horiek azpikontratatutako hainbat enpresaren bidez eskaintzen dituzte Araban, eta horrek lan egoera «guztiz bidegabea» eragin diela diote langileek. Bada, ia hamabortz hilabete igaro dira negoziazio mahaia eratu zutenetik, eta tarte horretan greba eta mobilizazio ugari egin dituzte langileek, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek deituta.
Bart gauean 30 lagun baino gehiagok egin dute lo hiriburuko Plaza Berrian, eta agerian utzi dute «sektoreko langileak, beren lan baldintzen alde ez ezik, zaintza sistema publiko baten alde» ari direla borrokan. Eta gaur eguerdian, berriz, manifestazioa egin dute. Hala kanpaldian nola manifestazioan zaintza sistemaren egoerarekin eta gizarte zerbitzuekin kezkatuta dauden hainbat eragileren babesa jaso dute; hauena, bertzeak bertze: Arabako Pentsionistak Lanean, Zaintza Araba, Gasteizko Mugimendu Feminista, Gasteizko Bilgune Feminista, Arabako Denon Bizitzak Erdigunean, Emakumeok Gerraren Aurka, Errota Zaharra Auzo Elkartea eta Judimendikoak Auzo Elkartea.
Soldata igoera
Protesta horietan hasitako bidea eta eskakizunak defendatzen segituko dutela berretsi dute, «patronalak eta instituzioek sektoreko mobilizazioak geldiarazteko duten asmoari aurre egiteko». Gogoratu dute joan den apirilaren 30ean negoziazio mahaiak bilkura bat egin zuela eta AISA patronalak —Arabako esku hartze sozialaren sektore pribatuko patronal nagusia da— %2,5eko soldata igoera proposatu zuela 2025erako, atzerako eraginez; salatu dute horrek ez duela erosteko ahalmenari eustea bermatzen, 2024ko KPIa %3,6koa izan baitzen. Ordu hartan sindikatuek konpromisoa hartu zuten bertze proposamen bat igortzeko, eta patronalak horri erantzunen dio hurrengo bileran, hilaren 19an. «Erantzukizunez jokatzeko eta behingoz langileen proposamenak entzuteko beste aukera bat izango da», erran dute sindikatuek.
Negoziazioak berriz ere martxan dauden arren, sindikatuen ustez jarrera «onartezina» erakutsi du patronalak. Izan ere, aurreko otsailean iragarri zutenez, hilabete horretan AISA patronalak egindako eskaintza 2025eko uztailean egindakoa baino okerragoa zen. Sindikatuen ustez, hori ez da «inondik inora ere onargarria», kontuan harturik Arabako Foru Aldundiaren 2026rako aurrekontuek 850.000 euro aurreikusten zituztela sektoreko hitzarmen berriak jasoko lituzkeen berrikuntzak ezartzen laguntzeko.