Arabako larrialdietako anbulantzien kudeaketan «irregulartasunak» daudela salatu du gaur langile batzordeak —CCOO, LAB, ELA eta ESK sindikatuek osatzen dute— . Langileen ordezkaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, Gipuzkoako Anbulantziak kooperatibak «jarrera autoritarioa» erakutsi du azken urte eta erdian, eta lan eskubideen urraketak, segurtasun gabeziak eta negoziazio falta ohiko bilakatu dira.
Ikusi gehiago
Langileen ordezkariek gogorarazi dutenez, 2024ko azaroan Gipuzkoako Anbulantziak enpresak Arabako zerbitzua hartu zuenetik, Lan Ikuskaritzak 18 errekerimendu egin dizkio enpresari. Tartean daude hitzarmena ez betetzea, arrisku psikosozialen prebentzioan hutsuneak, segurtasun eta osasun arloko gabeziak, lan harremanetako arazoak eta Gizarte Segurantzako sendagirien eta gaixo agirien inguruko irregulartasunak.
Sindikatuen esanetan, oporrak aukeratzeko sistema aldatu zuen enpresak iazko abenduan, alde bakarrez. Horren bidez, langileei debekatu egin zien oporrak hartzea abenduaren 15etik urtarrilaren 15era, nahiz eta egun horiek urteetan familia kontziliaziorako erabili izan diren. Erabakia auzitara eraman zuen enpresa batzordeak, eta Gasteizko Lan Arloko 3. Epaitegiak, 2026ko martxoan emandako epaiaren bidez, langileen alde egin zuen.
Bestalde, sindikatuen ordezkaritzak hainbat auzi eske kolektibo aurkeztu ditu Gasteizko lan arloko epaitegietan. Salatu dutenez, enpresak ez die langile guztiei urteko lan egutegia ematen, senideak zaintzeko baimenak mugatzen ditu, txanda aldaketak ukatzen ditu, eta, hala, «lana eta familia uztartzeko eskubidea oztopatu». Sindikatuek salatu dute, halaber, berdintasun planaren negoziazioa «irudi garbiketa hutsa» dela, eta ez duela benetako konpromisorik erakusten.
Lan gatazkak eta zigorrak ere izan dira azken hilabeteotan. Sindikatuek jakinarazi dute epailearen aginduz berriro onartu behar izan dituztela era bidegabean kaleratutako bi langile. Horrez gain, bost langileri espedienteak ireki dizkietela eta langileen ordezkari bati falta oso larri bat egotzi diotela azaldu dute.
Anbulantzien egoera kaskarra
Salaketaren arabera, arazoak ez daude soilik lan harremanekin lotuta. Langileen ordezkariek diote anbulantzien egoera «kezkagarria» dela: erreserbako ibilgailuek ez dute baldintza orrietan eskatutako gutxieneko ekipamendurik, eta hainbatetan garbiketa eta desinfekzio falta atzeman dute. Halaber, anbulantzia titularretan mantenu planik ez dagoela salatu dute, bai eta oxigeno hodietan ihesak, motorrean akats elektronikoak eta lekualdatze aulkietan segurtasun gabeziak daudela ere.
Sindikatuen arabera, gabezia horiek herritarren arretan ere eragina dute. Material sanitarioaren eskaerak osatu gabe iristen direla, ibilgailuetan matxurak ohikoak direla eta horrek zerbitzuaren kalitatean ondorioak dituela nabarmendu dute.
Sindikatuek diote edoskitze naturalerako eskubidea mugatua dagoela, enpresak soilik bederatzi hilabeteko epea onartzen duelako, OMEren gomendioak gorabehera.
Era berean, langileen aurkako erasoak izan direla salatu dute. Haien esanetan, iaz pazienteek edo senideek ahoz eta fisikoki eraso zieten hainbat langileri, eta kooperatibak ez du neurri eraginkorrik hartu halako gertakariei aurre egiteko. Emakume langileen egoera ere hartu dute hizpide: sindikatuek diote edoskitze naturalerako eskubidea mugatua dagoela, enpresak soilik bederatzi hilabeteko epea onartzen duelako, OMEren gomendioak gorabehera.
Horrekin batera, langileen ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du. Salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du publikoki azalpenik eman horren guztiaren inguruan, eta ez dakite kontrolik egin ote den Gipuzkoako Anbulantziek kontratu publikoaren baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko. Gogorarazi dute kontratua hamazazpi milioi eurokoa dela eta gehienez hamalau hilabeteko iraupena zuela aurreikusia.
Sindikatuen arabera, Arabako anbulantzien sektoreak urteak daramatza ezegonkor. Azken hamar urteetan hiru enpresa igaro direla gogorarazi dute, eta guztiek «zorrak, isunak eta lan eskubideen urraketak» utzi dituztela salatu dute.