Arabako pentsiodunek salatu dute isuna jarri dietela aldundi aurrean protesta egiteagatik

Arabako Pentsiodunen Mugimenduaren arabera, Ertzaintzak ehun euroren isuna ezarri die 'mozal legea' aplikatuta, foru aldundiaren jauregiko eskaileretara igotzeagatik. Pentsiodunen arabera, askotan egin izan dute horixe bera, isunik jaso gabe.

Pentsiodunen Mugimenduak gaur egindako agerraldia, Gasteizen. BERRIA
Pentsiodunen Mugimenduak gaur egindako agerraldia, Gasteizen. BERRIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko azaroaren 23a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ehun euro ez dira asko, baina «karga sinboliko» handia izan dezake kopuru horrek. Horixe bera uste du Arabako Pentsiodunen Mugimenduak, gogor kritikatu baitu Ertzaintzak mozal legea aplikatuta mugimenduari ehun euroren isuna jarri izana. Isunaren arrazoia, 2025eko azaroaren 17an egindako manifestazio baten amaieran Arabako Foru Aldundiaren jauregiko sarrerako eskaileretara igo izana. Zigor horren atzean «kontraesan handia» ikusi dute pentsiodunek, eta aldundia gogor kritikatu dute gaur, Gasteizen egindako agerraldian.

Kontraesana, hain zuzen ere, isuna batzuetan soilik ezartzen den debeku baten ondorio delako. Izan ere, mugimenduaren eledun Ana Tere Diazen eta Armando Aulestiarteren arabera, «foru aldundiko nagusien aginduak betetzen dituzten miñoiek debekatu egin digute hainbatetan Probintzia plazan amaitzen diren gure manifestazioetan jauregiko sarrerako eskailera maila horietara igotzea». Debeku hori, ordea, ez da irizpide orokorra, beti ez baita betetzen: «Gizarteko hainbat talde, Pentsiodunen Mugimendua barne, sarritan igo dira harmaila horietara». Argazkien bidez frogatu dute azken baieztapen hori.

Ahaldun nagusiak, entzungor

«Azken lau edo bost urteetan zehar, bost gutun idatzi dizkiogu Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari, miñoien jarrera horren aurkako protesta eginez», azaldu du Aulestiartek. Ahaldun nagusiak, ordea, ez die pentsiodunen gutunei erantzun, eta horrek, mugimenduaren iritziz, «Arabako pentsiodunen aurrean duen adeitasun falta eta jarrera burgoia erakusten ditu». Gogor kritikatu dituzte Diazek eta Aulestiartek ahaldun nagusia eta haren foru gobernua, eta urrunago ere joan dira: haien ustez, isuna ez da «ekintza administratibo hutsa», Pentsiodunen Mugimenduaren aurkako «zigorra» baizik.

Izan ere, isuna Ertzaintzak ezarri badie ere, foru aldundiak mugimenduaren aurka izandako jarrerarekin lotu dute pentsiodunek: «Ramiro Gonzalez jaunak eta bere taldeak ez dute ezer egin Pentsiodunen Mugimendua egiten ari den eskaerak konpontzeko; pairatzen ditugun arazo larriak konpondu beharrean, mezularia zigortzea erabaki dute». Horrenbestez, isunaren atzean «karga sinboliko handia» ikusi dute pentsiodunek, haien mugimendua «kriminalizatzeko» saiakeratzat hartu baitute.

Isunaren tramitazioa ere kritikatu du mugimenduak. Diazen arabera, isunaren aurkako alegaziorik aurkeztu ez badute, denbora honetan duela urtebeteko gertaera horiengatik izapideturiko espedientearen berri jaso ez dutelako da. «Joan den astean izan genuen isunaren berri, eta horregatik ez dugu orain arte alegaziorik aurkeztu, egiteko asmoa badugu ere», adierazi du. Horregatik guztiagatik, isuna zentzurik gabekoa dela uste du mugimenduak, eta haien aldarrikapenen alde borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute. «Ez gaituzte kikilduko!» oihuarekin amaitu dute agerraldia, pentsio duinen aldeko aldarriak kantatzearekin batera. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA