Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partzialari, ia zazpi urtez lantzen ibili eta gero. Tresna horrek ezarriko du hurrengo hamasei urteetan zer irizpide hartu beharko diren kontuan lurralde antolaketan eta hirigintzan, eta, beraz, energia berriztagarrien proiektuek ere arau horietara egokitu beharko dute. Hain justu ere, hori da berritasun nagusietako bat, 300 metrotik 500 metrora handitu baita planta fotovoltaikoen eta hiriguneen arteko gutxieneko tartea.
Denis Itxaso Etxebizitzako eta Hiri Agendako sailburuak azaldu duenez, plan berria bateragarria izango da Jaurlaritza lantzen ari den lurralde plan sektorialarekin, hots, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan energia berriztagarrien proiektuak antolatuko dituen planarekin. Araban, berriztagarriei lotutako ia hogei bat proiektu daude tramitazioan, baimenak jaso zain, eta testu berriak ezarritako irizpideetara egokitu beharko dute.
Bi proiektu salbuetsita geratuko dira, ordea, tramitazioa oso aurreratuta dagoelako: Solaria enpresak Energiaren Euskal Erakundearekin batera eraiki nahi dituen Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2. Lehena Gasteizen eta Arratzua-Ubarrundiaren artean egongo da, eta bigarrena, berriz, Gasteizen eta Burguren artean. Jaurlaritzak joan den urtean eman zien eraikitzeko baimena, eta Arabako Foru Aldundiak joan den astean onetsi zituen enpresak aurkeztutako planak, indarrean dauden udalerrietako hirigintza planei jarraikiz.
Horiek horrela, bi proiektu horietan ez da beharrezkoa izango bizitoki eremuekin gorde beharreko gutxieneko tartea handitzea, ez eta beste hainbat irizpide aintzat hartzea ere. Izan ere, plan berriak hainbat baldintza jasotzen ditu berriztagarriak ezarri ahal izateko, eta berariaz aipatzen du planta fotovoltaikoak ezartzeko debekua hiru eremu hauetan: babes bereziko lurzoru urbanizaezinetan, mendiko larreetan eta balio estrategiko handiko lurzoru urbanizaezinetan.
Era berean, interes orokorrekoak diren eguzki parkeak ezartzeko «lehentasunezko kokapen eremuak» ere mugatzen ditu planak. Eta derrigorrezkotzat jotzen da lurzoru urbanizaezinetan diren 200 metro koadro baino gehiagoko eraikinei eguzki panelak jartzea, autokontsumoa bermatu ahal izateko.
Berrikuntzaren korridorea
2004koa da orain indarrean dagoen Arabako plan partziala, eta hura ordezkatuko du berriak. Guztira 3.000 metroko lur eremua hartuko du aintzat, Gasteiz barne, eta 334.000 biztanleri eragingo die. Bestela esanda, Aiaraldeari eta Arabako Errioxari ez beste eremu osoari eragingo dio plan berriak. Baita Bizkaiko Otxandio eta Ubide udalerriei ere. Planak, energia berriztagarrien ezarpenean ez ezik, garraioan, hiriguneen hazkundean eta industrialdeen kokapenean ere izango du eragina.
Hala, Goiaingo industrialdea, Miñaoko teknologia parkea eta Forondako aireportua lotzen dituen eremua «jarduera ekonomikoaren korridore gisa» katalogatu du. Dekretuaren helburua da datozen urteetan izango diren industria proiektu handiak eremu horretan jartzea. «Berrikuntza arkua» izendatu dute eremu hori, eta adierazi «indartu» egingo duela Araba Erdialdeak «Euskadiren nodo industrial eta logistiko gisa duen posizioa».
EAEko aldizkari ofizialean argitaratzearekin batera sartuko da indarrean plana, eta, beraz, udalerriek arau berrira egokitu beharko dituzte beren lurralde plan orokorrak. Jaurlaritzak 2019an lurralde antolamenduaren gidalerroak plazaratu zituenetik onartu den bigarren plana da, Bilboko metropoliarena onartu baitzuten joan den urtean. Halere, foru aldundiak eta Jaurlaritza beste zazpi lantzen ari dira elkarrekin. Beste hiru lurralde plan sektorial ere tramitazioan dira. Etxebizitzaren ingurukoa izango da horietako bat, sailburuak aurreratu duenez.