Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tasa turistikoa 2027an jartzea adostu dute

Gehienezko tasa 7,5 eurokoa izango da pertsonako eta gau bakoitzeko, eta 2026ko otsaila baino lehen egindako erreserbei ez diete ezarriko. Foru arauak indarrean sartzeko, oniritzia eman beharko diete Batzar Nagusietan.

Tasa turistikoa datorren urtean ezartzea adostu dute. BERRIA
Tasa turistikoa datorren urtean ezartzea adostu dute. BERRIA
edurne begiristain
2026ko martxoaren 18a
00:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek adostu dute tasa turistikoa 2027ko urtarrilaren 1ean indarrean sartzea, azken hilabeteetan jasotako alegazioak aztertu eta foru arauen aurreproiektuak moldatu ondoren. Neurria modu bateratuan aplikatuko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «turismoaren eraginari aurre egiteko eta tokian tokiko zerbitzu publikoak finantzatzen laguntzeko».

Hiru aldundiek jakinarazi dutenez, aldaketa nagusietako bat izango da bereizketa egingo dela ostatu moten artean, eta, hala, landetxeentzako tarte berezi bat sortuko dutela; ostatu mota horiek izango dute tasarik apalena, 0,5 eta 1,25 euro artekoa pertsona eta gau bakoitzeko. Hala ere, oro har, 0,5 eta 7,5 euro artekoa izango da tasa adinez nagusi den turista bakoitzeko; ostatu motaren, kategoriaren eta edukiaren arabera aldatuko da, eta gehienez bost gauez aplikatuko da. Salbuespen gisa, 2026ko otsailaren 5a baino lehen egindako erreserbei ez zaie ezarriko tasa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo onartu zuen foru arauaren proiektua, eta Arabako eta Bizkaiko foru aldundiak datozen asteetan dira onartzekoak —Araban martxoaren amaieran, eta Bizkaian apirilean—. Ondoren, hiru lurralde horietako Batzar Nagusiek berretsi beharko dute araua. Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo osorik, eta oposizioko talderen baten babesa beharko dute neurriak aurrera egin dezan.

Errekarguak

Udalek ere izango dute zeresana: oinarrizko tarifak 0,5 eta 5 euro artekoak izango dira, baina 750 loleku baino gehiago dituzten udalerriek errekarguak ezarri ahal izango dituzte, 7,5 eurorainokoak gehienez. Herri txikiagoek, berriz, hobariak aplikatzeko aukera izango dute.

Tasa turistikoa ostatu mota askori aplikatuko zaie: hotelei, pentsioei, apartamentu turistikoei, kanpinei, landetxeei, aterpetxeei eta erabilera turistikoko gelei, baita gurutzaontzi turistikoei ere. Oro har, preziorik garestienak luxuzko hotelek eta gurutzaontziek izango dituzte: 2,5 eta 5 euro artekoak oinarrizko tarifetan.

Kudeaketari dagokionez, ostatuek kobratuko diete tasa bezeroei, eta egindako egonaldien berri eman beharko diete dagokien udalei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA