Borroka dinamika betean murgilduta daude aspaldi honetan Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak azpikontratatuak dituen hainbat sektore eta enpresatako langileak: greban dira Enviser enpresako lorezainak— asteon ehun egun bete dituzte greban—, hiriaren estolderiaz arduratzen diren Sacry enpresako langileak, eta adineko egoitzetako eta etxebizitza komunitarioko beharginak. Foru aldundiaren menpe dauden esku hartze sozialeko langileek ere mobilizazio dinamika bati ekin diote, eta anbulantzietakoek publifikazioaren aldeko protestak abiatu dituzte. LAB sindikatuak batzarra egin du gaur eguerdian sektore eta enpresa horietako langileekin, eta bere egin ditu haien aldarrikapen eta protestak. Sindikatuak salatu du pribatizazioak «prekarizazioa» dakarrela, eta horri aurre egitera deitu du langileria.
Greban eta protestan ari diren sektoreetako langileen ahotsa entzun du sindikatuak Posta kalean egindako batzar irekian. «Batzarrean argi geratu da pribatizazioak lan baldintzen prekarizazioa dakarrela eta horri aurre egin behar zaiola borroka sindikalaren bidez», adierazi du LABek. Langileen lan baldintzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erabaki behar direla nabarmendu dute batzarrean, eta hitzarmen propioak eskatu dituzte.

Ondoren, manifestazioa egin dute, eta aldundiaren eta udalaren aurrera eraman dituzte euren aldarriak. Izan ere, sindikatuak salatu du EAJren eta PSEren eskuetan dauden instituzioek pribatizazioa bultzatzen dutela, eta oinarrizko zerbitzuak eta zaintza lanak «negozio» bihurtzen dituztela. Bi instituzioei egotzi die gatazken konponbidean engaiatu nahi ez izatea, eta greba deialdietan «gehienezko gutxieneko zerbitzuak» ezartzea. Langileentzako lan baldintza «duinak» ezartzeko eta arlo publikoa indartzeko exijitu die LABek udalari eta aldundiari.
Lorezainek greban jarraituko dute
Gasteizko lorezainak berriro bildu dira Precon, Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzuan, eta sindikatuek beste proposamen bat aurkeztu dute grebari amaiera emango dion akordio bat lortzen saiatzeko. Haatik, sindikatuek salatu dute enpresaren erantzuna «etsigarria» izan dela eta, hortaz, akordiorik gabe amaitu dela atzera bilera. Hori hala, greba mugagabean jarraituko dute lorezainek; hiru hilabete pasatxo daramatzate. Sindikatuen ustez, enpresak ez du inoiz negoziatu nahi izan, eta jarrera horri ezin izango lioke eutsi Gasteizko Udalaren «konplizitaterik eta babesik gabe».
Ostiralean, lorezainen greba mugagabeak ehun eguneko langa gaindituko duenean, grebalariei elkartasuna adierazteko manifestazio bat egingo dute 18:30ean, Artium museotik abiatuta.