Enpresarekin bat egitea egotzi diote Gasteizko lorezainek udalari

Osoko bilkuran izan dira. Udalaren jokabidea salatu dute, eta aretotik atera dira.

Gasteizko parke bat, belarra moztu gabe. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko parke bat, belarra moztu gabe. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko ekainaren 20a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Enviser enpresako lorezainak Gasteizko Udalaren osoko bilkuran izan dira gaur. Babesa eskatu diote udalari, baina, era berean, udalaren jarrera kritikatu dute, haien iritziz enpresarekin bat egiten ari delako. Agerraldia bukatu eta gero, paperak bota dituzte, eta osoko bilkuratik eta udaletxetik atera dira.

Enviser enpresa arduratzen da Gasteizko parkeak eta lorategiak zaintzeaz. Greba egiten ari dira, lan baldintza hobeak eskatzeko. Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, ordea, eta langileak lorategietan eta parkeetan luzatutako belar eta landareak moztera behartu. Eusko Jaurlaritzaren arabera, gutxieneko zerbitzuak behar dira, sute arriskua gutxitzeko eta errepideetako segurtasuna hobetzeko. Langileentzat, baina, benetako arrazoiak ez dira horiek. «Hala baieztatu dugu aste honetan: lehentasunezko lana hiriaren erdiguneko parkeak txukuntzea izan da, belar gutxien bertan pilatu bada ere», salatu dute.

Lorezainen arabera, udala uko egiten ari zaio bere ardurari: «Ez du benetako konponbiderik eskaintzen lan gatazka konpontzeko». Udaleko ordezkariei esan diete ezin dela bizimodu duinik izan hiriko lorezainen batez besteko soldatarekin.

Egoera ikusita, uste dute udalak ez duela sentiberatasunik, lorategien zaintza hark azpikontratatutako zerbitzua bada ere: «Gauza bat da zerbitzu publikoak pribatizatzearen alde egotea; beste bat, ordea, pribatizatzea eta ez ikusiarena egitea zerbitzua ematen duten langileen lan baldintzei».

Esan behar zutena esan eta gero, lorezainak osoko bilkuratik atera dira: «Buruz baitakigu Espazio Publikoaren arduradunak, Beatriz Artolazabalek, emango duen erantzuna». Gatazkak konpontzeko eta diskurtsoa aldatzeko gaitasunik ez izatea egotzi diote Artolazabali. 

«Kalera ateratzen gara, behingoz odola xurgatzen diguten akainen kontra altxatuko den hiriaren alde», esan dute. 87 greba egun egin dituzte. Ez dute asmorik greba bertan behera uzteko.

Etxebarria eta Artolazabal, haserre

Langileek paperak bota dituzte, eta oihuka hasi. Maider Etxeberria alkateak udaltzainei eskatu die langileak aretotik ateratzeko. 

«Guztia zikintzea» eta udala, «guztien etxea», ez errespetatzea egotzi die langileei. Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren zinegotziak, berriz, udalaren ordezkariak «beldurtzea»: «Haien eskaerak bidezkoak izan daitezke, baina halako jarrerekin ez dugu ezer lortuko». Artolazabal haserretu egin da, haren iritziz langileek «akain» deitu diotelako.

Enpresak gatazkan izan duen jokabidea babestu du Artolazabalek, eta langileena gaitzetsi: «Enpresa mugitu da; langileak ez. Martxoaren 26tik 3.000 euro eskatzen ari dira 2025erako, ordu kopurua murriztea, eta 300 euro gehiago, arrisku plusagatik. Ez dira mugitzen. Jarrera horrekin, ezingo dugu lortu akordiorik».

Jon Molina EH Bilduko zinegotziak udalari eskatu dio benetan inplikatzeko gatazka konpondu eta lorezainen lan baldintzak hobetzeko. Molinaren iritziz, gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak dira, eta greba eskubidea urratzen dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.